Mari

Euskal mitologiako goiandere nagusia.
Artikulu hau euskal jainkosari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Mari (argipena)».

Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia da[1], gehienetan Anderea edo Dama deitzen zaiona. Hainbat euskal menditan bizi da (Txindoki, Murumendi, Gorbeia...), eta bizitokirik garrantzitsuena Anbotoko leize bat du, "Mariren Koba" izenaz ezaguna, baina leku bakoitzean bere kobazulo eta bizitokiak izan ditzake[2].

Mari
Euskal Herriko mitologia
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
BaliokideakAmalur eta Mundakako printzesa
Domeinuahaitzuloa
Familia
Ezkontidea(k)Sugaar
Seme-alabakMikelats eta Atarrabi

Mari, Ama Lurraren irudikapena antropologo batzuen esanetan, izaera honetan (Maia, Amalur) Eguzkia eta Ilazkiren amatzat jotzen dute elezaharrek. Mari bezala izadiaren eta bertako elementu guztien erreginatzat hartzen du herri sinesmenak. Gehienetan emakume gorputza eta aurpegiarekin irudikatu izan ohi da, dotore jantzita (gehienetan gorriz), baina zuhaitz edo suzko emakume gisara ere agertzen da. Sugaar/Maju da bere senarra, sorginak dira bere gurtzailetzat jo izan dira eta bi seme ditu: Mikelats eta Atarrabi, gaizkia eta ongiaren irudikapenak, aitzinako dualismo antzeko sinesmen baten aztarna.

Mari buruz egin beharreko oharra aldatu

Mari bere baitan bereganatzen ditu Europan beste Jainkosa eta Irelu femeninoen artean bananduak azaltzen diren eginkizun eta ahalmenak. Honen zergatia izenean datza. Berez, izena baino beregana zuzentzeko modu egokia litzake. Gaur egungo "Mari" Anbotoko Damarekin parekatzen da gehienbat, Sorgin gorena izango balitz bezala, eta gutxiengo batek Amalurren izentzat dute. Hemen bi hauetaz hitz egiten bada ere Wikipediako sarrera honetan bere sorgin ikuspegia aztertzen da gehienbat. Mari natura eta lurraren pertsonifikazio bezala ikusteko Amalurren sarrerara abiatu.

Mari izenaren jatorriak aldatu

Bernardo Estornes "Origenes de los Vascos" lanean Mariri eskainitako atal bat dauka. Bertan Mariren sinesmenen jatorria prehistorian kokatu ditzakegula dio.[3] Hau esanda ere Mari izenaren jatorria ez dago bat ere argi. Galdera hau erantzuteko hainbat teoria dira aurkezten direnak:

  • Mairi edo Maide izenen garapena, hauek antzinako izaki edo jeinuak baitira.
  • Amari jatorrizko izenaren hasierako A galdu zitzaion. Ama + ari litzateke jatorria.
  • Emari izenaren hasierako E erori zitzaion, jatorrizko emankortasunaren ideia galduz.
  • Emeak emeen eginkizunetan hari direnean Mari lirateke.
  • Alberto Santana-k jatorria Magna Mater jainkosa erromatarraren epigrafietan egon daitekeela dio. Matri Deae denborarekin Mari bihurtu zezaken.

Izenak eta bizitokiak aldatu

Marik izen asko dauzka, jasotako herri eta kokagunearen arabera.

Italiako mendietan bada abesti ezagun bat Signore delle cime delakoari hildako mendizale bat zaintzeko eskatzen diona. Nonbait "Signora delle cime" da gure Mari, gure "Tontorretako Dama".

Mari jainkosarekiko errespetu aztarna aldatu

Mariri "dama" (Anderea) deitzeak aitzineko jendeek zioten errespetuaren ezaugarri adierazgarri bat da, beldurra baino errespetua ziotela agerian uzten baitu. Hemen jasoak dauden deitura batzuk:

Mariren ezaugarriak aldatu

Ahotsak proiektuak eginiko azalpen bideoa, proiektuan jasotako testigantzen bitartez burututakoa.[6]

Mari da, dudarik gabe, euskal mitologiaren izaki nagusia. Gaur egun, XX. mendearen hasieran Jose Miguel Barandiaranek eta bere laguntzaileek bildu zituzten lekukotasunen bidez baizik ez dugu ezagutzen. Mariren mitoa agertuz geroztik, euskal gizarteak zibilizazio anitzekin oztopatu da (Iberiarrak, Zeltak, Erromatarrak…). Topaketa horien lekukoa izan baita, ez da harritzekoa Mariren pertsonaiak hamaika aurpegi izatea.

Marik itxura eta botere anitz ditu: «Izadia» da, bai eta ere «Jainkosa»; sakrifikatuak diren animalien esteak eta dirua eskaintzen zaizkio. Ahal zuen neurrian kristautasunak, sinkretismoaren bidez, bereganatu egin zituen Mariren inguruko gurtzak Ama Birjinarekin ordezkatuz eta bereganatzea lortu ez zituen sinesmenekin eliza katolikoak baztertzeko ahaleginak egin zituen, behiala osorik menperatzen zuen mundutik kenduz «bestelako» testuinguru batean kokatzeko. Pixkanaka Mariren izaera gero eta lainotsuago bihurtzen joan da denborarekin.

Zenbait kasutan euskaraz ohikoagoa izan da, XXI. mendean ere, Andra Mari erabiltzea Ama Birjina baino. Adibidez, euskaraz Begoñako Andra Mari izena askoz maizago erabiltzen da Begoñako Birjina baino. Erdaraz baina "la Virgen de Begoña" erabiltzen da gehienetan eta ez dago Begoñako Andra Mari izenaren itzulpen zuzeneko baliokiderik. Nonbait hor egon daiteke kristautasunaren aurreko lekuko bat, herri gogoan zegoen sentimenduaren lekukoa. Kristautasunaren garaian ere, sinismenetan eta gurtzan mito femeninoa herri xehean zabaltzeko, errazagoa izango baitzen (Andra) Mari kontzeptuaren bidez aurkeztea eta ez, berez azaltzeko nahiko konplikatua den ama birjina kontzeptuaren bidez (amatasuna eta birjintasuna aldi berean agertzea ez da oso erraza ulertzeko).

Askotan, "Dama" Bizkaiko historiako pertsonaia errealekin lotu izan ohi da, mitologia eta historiaren arteko nahasketa bat sortuz. Adibidez, Diego Lopez de Haro Bizkaiko lehen jaunarekin ezkonduta omen zegoen. Ezkontzean, Marik etxean inoiz ez zuela aitaren egingo zin egin erazi zion, baina ez zuen bete eta Mari bere alabarekin hegan atera zen. Kondaira hau Bizkaiko jaunek Mariri egin zioten "traizioan" oinarriturik egon daiteke, lurraldea Gaztelari entregatu eta herria kristautuaraztean.

Arrasate aldean, oskorri zenean, bertako gazteek kantu egiten zioten: "Anbotoko señorie orrazketan..!"

Mari eta Mariak aldatu

Mari bereganatuak dauzka aitzinean beste izaki femeninoen gurtza.

 
Erromatarren Matri Deae, Magna Mater, Zibele bezala gurtzen zuten Iberiar Penintsulan Mari-Amalurren izenaren jatorria izan zitekeen. Argazkian Madrilgo Zibeles iturria.

Mari Petralin, Mari Gorringo, Mari Zaldiko, Mari Mototx, Mari Urrika, Mari Erraunskin...

Mari behin eta berriz azaltzen den izena baino izenorde bat dela dirudi.

Izen oparotasun hau fenomeno ezaguna da kristautasunean ere. Ama Birjinak lekuz leku ugaritu egiten dira eta ahizpak edo elkar senideak direla aitzakiarekin herri sentimenak hau onesten du. Euskal Herriko Ama Birjinak zazpi ahizpak direla dio eletzarrak baina Mariren ugaritasunari erantzuteko leku batetik bestera zerutik hegan mugitzen dala diote.[7]

Aitzineko gurtzak kristautzen aldatu

Elezaharretan ageri dira Mari kristaututako kondairak ere.

Azkuek jasotako batean Loidi izeneko etxe bateko zortzi urteko neskatila batek egunero dotore orraztua bueltatzen zen etxera. Behin bere amak nork orrazten zuen galdetuta emakume eder batek orrazten ziola erantzun zion. Zerbait esan zion galdetu zuen amak eta neskatilak babestoki bat egiteko bost taula mehe eta zazpi sareta eramateko eskatu zizkiola erantzun zion. Etxekoek ez zioten jaramonik egin neskatilari eta zortzi egun jarraian emakume ederra neskatilarengana hurbildu zitzaion azkeneko egunean zera esan zion arte:

-Loidin ez dira faltako, dan bitartean, zoritxarrak eta ezbeharrak.

Santuane eta Arransoro mendietan Ama Birjinaren oinatzak. Aralarren ikusgai direnetan aitzinean txanponak uzten zituzten eta nahikoak zeudenean artzain batek jaso eta meza bat ospatzeko ordainean eramaten zituen. Neskatilek belaunikatu eta oinatz hauek musukatu ondoren gurutzearen seinalea egiteko ohitura zeukaten mezara joan aurretik.[8]

Andramari aldatu

 
Arrasateko erraldoiakː Errementaria, Anbotoko Mari, Basajaun eta Lamia (Kukubiltxo, 2011).

Berezko Mari, herri sinesmenek gaur egun Anbotoko Damarekin erlazionatzen dutena, ikerleen esanetan hasieran lurraren botereetan gurtzen zen Jainkosa litzake, Amalur. Maia, Mariren beste izenetariko bat, Amalur izan zezakeen, Maia eta mahaia hitzen artean dagoen parekotasuna ikusita, biak gauzen euskarri direnez litekeena da.

Mari natura eta lurraren pertsonifikazio bezala gainontzeko eta ondorengo Marien ama litzake Eguzki eta Ilazki adibidez.

Maialen, Maia eta Amaia izenek Jainkosa berdinaren hiru aurpegiak aurkeztuko lituzke. Udaberria, uda eta udazkenaren irudikapena. Grekoen Demeter jainkotuaren emakume gisa agertzen da. Hau bezala naturaren aroak aurkezten ditu neguan kale egiten duelarik.

Mari gizakumea aldatu

 
Mari, Mikelats eta Atarrabirekin, kobazulo baten barruan. Midjourneyrekin sortutako irudia.

Bestetan Marik bere laguntzaile edo neskame gisa beste Mari bat dauka bere babesean. Bata Jainkosa dela badirudi ere bestea gizakumea da. Bien izena berdina izatea nahasketa areagotzen du. Kondairen arabera amaren hitzari uko egiten dion alabak zigorra jasaten du. Ileak orrazten eguna pasatzen zuen neska, behia (zaldia besteetan) jasotzera joan nahi ez zuenari etab... Aginduak betetzen ez dituenari indar ezkorrak (Gaueko, jentilak, sorginak...) bahitu eta Mariren menpe uzten dute.[9] Honela Mari gizakumea gizakien eta Jainkoen arteko loturan bilakatzen da. Hau izango litzake mendiz mendi hegan doan Dama.

Bera da sorsaina, sorkuntzaren zaindaria, Sugaarren emaztea (bigarrena). Hau litzake Atarrabi eta Mikelatsen ama. Bizitzaren hariak ahariaren adarretan amarratzen dituen emakume gurgarria da. Honela emeen eginkizunetan hari direnak, oro har, Mari dira.

Zegaman bere kobazuloko sukaldean ikusi dute sutondoan bere ilea orrazten.

Oñatin josten edo bere kobazuloaren sarreran ilea orrazten eserita ikusi dute.

Goiatzen Murumendiko kobazuloaren sarreran bere denbora ariak askatzen igarotzen duela ikusi dute zeruan eguzkia eta ekaiz hodeiak elkar ikusten diren egunetan.

Zuhatzu Ganboan urrezko ari korapiloak egiten ikusi dute Anbotoko leizean.

Aketegin asteazkenetan bere arropak garbitzen ditu eta ostiraletan ogia egosten du, kobazulotik gertu ikus daitekeen hodeitxoa hori onesten du.

Ispasterko bizilagunek Otoio mendian hodei bat ikusten dutenean Mari bere labea piztu duela diote.[10]

Anderearen formak aldatu

 
Mari bere baitan bereganatzen ditu beste kulturetan hainbat Jainkosa eta irelu femeninoak banaka agertzen dituzten ezaugarriak. Irudian Hiru aurpegidun Hekate Jainkosa William Blake-n margoan

Antzinako erlijioetan jainko eta goi-andere bakoitza abere edota zuhaitz zehatz batetik edo gutxi batzuekin erlazionaturik agertu ohi da eta harekin identifikatzen da maiz. Anderea, emakume eder eta dotore jantzita agertzen bada ere, hainbat kondairetan abere edo zuhaitz baten itxuran ikusten dute ere gizakiek. Honakoak dira Marik hartu izan dituen zenbait itxura: saia[11], behia, txahala, belea, akerra, behorra.

Zerua igarotzen duenean beste forma batzuk ere hartzen omen ditu: su hegalaria, haize bolada, odei zuria, ortzadarra eta suzko igitaia. Aker baten gainean eserita edo orga bat airean gidatuz ere ager daiteke.

Irudikapen hauek ere bereganatutako beste Jainkosen oinarriak aurkezteko baliagarriak izan daitezke, zaila bada ere ez da ezinezkotzat jo behar. Barandiaranen lanei esker hiru behintzat parekatu ditzakegu.

Azkoitiako Amuteko Damia, Ilargiaz burua inguraturik agertzen dan emakume handia, Ilazki litzake.

Amezketan Mari lau zaldi tiraka daramaten gurdi batean ikusten zuten zerutik hegan, Eguzki litzake.

Durangaldean Mari saia gorriz jantzita eskuan urrezko jauregi bat daramala, Amalur litzake.[5]

Irudikapen hauek erromatarren jainkosekin parekatu ditzakegu baina gainontzeko eraldaketak naturistagoak dirudite, aitzinagokoak eta antzaz animismoarekin erlazioa dutela esan genezake.

Mariren inguruko elezaharrak aldatu

 
Saiak (putreak) beleekin batera Mariren laguntzailetzat ditu herri sineskeriak.

Mariren geletara hurbiltzen aldatu

Barandiaranek jaso zuenez iraganean jendeak aholku bila hurbiltzen zen Mari bizi zan osin eta leize batzuetara. Elezahar batzuk badaude Mariren igarle lan hauek jasotzen dituenak, baina jasoak daude ere batzuetan errituak egiten zirela bere bizitokien sarreretan (eliz gizonak mediante) eta bestetan jaki eskaintzak (abere estekak) ere egiten zirela.

Hodei ekaitzak eta lanbroa bizitokitik ateratzen direnean ere bera bertan dagoela ohartarazten du.

Beleak eta saiak Mariren bizitokien inguruan daudenean bera dagoela igartzen dute.

Barandiaranen esanetan ere txanponak eskaintzen zioten baina ziurrenik erregu baten truke egindako ordainak lirateke.

Guzti hau honela idatzita Mariren bizileku guztietan gertakizun berberak gertatzen zirela onesten du baina ez da horrela. Berez elezaharrek gehienetan banakako gertakizunez hitz-egiten dute. Hodei ekaitzena bai hedatutako sinesmena zela, hala jasoak ageri dira Euskal Herriko leku desberdinetan. Baina jaki eskaintzak bakarrik behin irakurri dezakegu eta ez On Joxemielek lehenengo eskutik jasoa, ez, Don Pedro Barcellos Bizkaiko jaunen kondairan agertzen da behi esteak eskaintzen zituztela (antzaz kondairako egiazko zati bakarra). Berdina esan daiteke bele eta saiei buruzko elezaharrei buruz.

Zabalduagoak zeuden beste ohitura batzuk Mariren izanaren sinesmenaz adierazgarriagoak dira. Diotenez bere bizitokira ahariak eramaten zituzten opari gisa, Mariren abere gogokoena herri sinesmenaren arabera. Ataun eta Nafarroako herri batzuetan kobazuloan harriak botatzeko ohitura zegoen hitz hauek esaten zirela,"au iretzat eta ni Jainkoarentzat", Gauekoren esaldiaren erantzukizuna dirudi. Aralarreko artzainek berdina egiten zuten otoitz bat zelakoan baina Ohioneta eta Ziñeko-gurutze-ko trikuharrietan. Sakratutzat zituzten lekuetan harriak botatzeko ohitura Euskal Herriko leku askotan jasoak daude. Mariren bizilekuen haurrean egindako kristau errituak (mezak) egiten zirela jasoa dago bai Mugiro, Itsasondo eta Errezilen. Eginkizun hauetan eguraldia apaltzeko sinesmenen kutsua susmatzen da.

 
Bizkaiko jaunek Mari beren agintea aldarrikatzeko pertsonaiatzat zuten: Lopitz Harokoaren emaztea, Iñigo Gerraren eta Mari Urrikaren ama kondairek ziotenez, Mari litzake. Irudian, Frantzisko Mendieta Retes bilbotarraren Foruen zin egitea (1556) margolanean, izkinako zatian Mari agertzen da, Zibeleren antzera irudikatua.


XIV. mendean, jasoa dagoenez, Bizkaiko Jaunek Busturiako harri batean behi esteak uzten zituzten:[12]

«

Bizkaian esan zuten eta gaur egun esaten dutenez Iñigo Gerra aztiaren edo Bizkaiko enkantadorearen ama dagoela. Eta berarekiko gurtza seinale gisa, beti Bizkaiko jauna Vusturio izenez deitzen duten herri batean dagoenean, bere etxean akabatzen dituzten behi guztien esteak herritik kanpo dagoen harri batean jartzeko agintzen du, eta goizean ez dute ezer topatzen, eta esaten dute horrela ez egitekotan gaitz bat jasoko zuela egun hartan edo gau hartan bere etxeko morroi bati edo minduko lioken gauza batean. Eta horrela egin zuten Bizkaiko Jaunak Don Juan Tuertua hil zen arte, eta batzuk ez egitera probatu nahi izan zuten eta gaizki aurkitu ziren.

»

Mariren aurrean kontutan hartzeko betebeharrak aldatu

Berarekin hitz egiteko bere kobazulo batetara gerturatzen direnentzat ohar batzuk jasoak daude:

  • Hikaz hitz egin behar zaio.
  • Ezin zaio gezurrik esan.
  • Kobazuloan sartzen garen moduan irten behar gera, hau da, ezin zaio bizkarra eman.
  • Ezin gara bertan eseri, berak eskaintzen badigu ere.
  • Ez ezazu baimenik gabe bertatik ezer hartu.[13]

Legearen babeslea aldatu

Marik gizakien ezagaz eta baiabaz betetzen ditu bere despentsak, "Ezai emanak ezak eaman" esaera zaharra onesten. Lapurretak, harrotasuna, harrokeria, errespetu falta, hitz-emana ez betetzea eta gezurra gaitzesten ditu. [14]

Gezurrak zigortzen dituela aitzinako aita-semeen arteko gezurrik ez litekeela egon zioen ideia onesten du. Izaera honetan Sorsain gorena da, osotasunaren eta sorkundearen babeslea.

Mariren legea berez gizabidea da, gizaki egiten gaituen betebeharrezko jokabideen agindua.

Eta hau, berez, oso aipagarria da. Gizakien eskuetan daude, urtean zehar bezperetan egindako erritoetan, gertakizunak gauzatzeko ahalmena. Jainkotiarren eginkizunak bizilagunen artean gauzatzen dira. Bai auzoan edo etxean gizakiak bere eginkizunekin unibertsoaren zuzentasuna suertatzen dute. Naturaz gaindiko gertakizunak zuzentzeko ordea berezkoak ez diren boteredunen laguntzaz baliatu behar da.

Gizabidea betetzen ez dutenok Mariren oinordekoen zigorra jasango dute. Gaueko biztanleek eragiten dituzte bete beharreko ezbeharrak.

Mari eta euskal matriarkatua aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Euskal matriarkatua»
 
Elexazarreko aldare taurobolikoa.Mari-Amalur-Zibeleren gurtzaren lekuko

Matriarkatuari buruz hitz egiterakoan idazle gehienetan Mariren mitoa azaltzen da. Esan beharra dago idazle bakoitzak mito horri edo Mariren izateari esanahi ezberdina edo erabilpen ezberdina ematen diola.

Jarraian Mariren mitoa Joxemiel Barandiaranek, Julio Caro Barojak, Paco Letamendiak, Andrés Ortiz-Osések nola interpretatu duten azaltzen da.

Barandiaranek izadiaren antolaketa hierarkiako bat egiten du, non Mari azaltzen den hierarkia horren buru. Horrekin batera, lurraren jainkotzat jotzen du, erlijio matriarkalaren aitzindari eta euskaldunen kristautasun aurretiko erlijioaren oinarri. Bestalde, Mari beste emakumezko ireluetatik bereizten du; lamina eta sorginetatik, alegia. Barandiaranek Mari deitzen zion izenez, aldiz Julio Caro Barojak Maia edo Mayi izena erabili zuen.

 
Laussel-eko Venusa, emankortasunarekin erlazionatzen dituzte ikerleek prehistoriako emakumeen irudiak, amen gurtzaren aztarnen sinesmenean.

Julio Caro Barojari dagokionez, Mariren mitoak salatuko liguke emakumeek zuten autoritatea gizartean eta familian. Mari leizeetako eta mendietako emakume misteriotsutzat hartzen zuen. Honek Mariri dama deitzen zion eta orduko sorginen zuzendari eta bideratzailetzat zuen.

Paco Letamendiak, Mari dama handitzat jotzen du, hau da, gizartearen pertsonifikaziotzat eta euskaldunon erlijio primitibotzat. Barandiaranekin askotan bat dator. Aipatzen du baita ere nola gaur egun Mari emakume gisa ezagutzen eta baloratzen dugula baina orain dela urte batzuk forma zoomorfikoak omen zituela. Hau da, laminekin eta nahasten zuten. Marik, azken finean, moraltasunaren sinbolotzat funtzionatzen zuen.

Andrés Ortiz-Osési dagokionez bere lana den La Diosa Madre, diosa Mari-ren erreferentzia izanez aurkeztu du. Beronek euskal mitologia modu sistematiko eta bakarrean azaldu du. Gehienbat bere lana Joxemiel Barandiaranek jasotako mitologian oinarritzen da. Ortiz Osesentzat jainkosa honek dituen ezaugarrietako bat laguntza da; berak argudiatzen du aitzinako sinestun horiek gizonezko jainkoek emango ez luketen laguntza jasoko zutela Marirengandik. Ortíz-Osésiren ustez, euskal mitologiaren interpretazioan hitz batzuk esanahi berezia dute. Adib: adur (indarra, zoria, sorginkeria) eta indar (energia....) Bi hauek potentziaz eta ahalmenaz (boterea) erlazionatzen ditu eta beretzat potentzia zuzenki erlazionaturik dago matriarkatu eta emakumearekin eta ahalmena patriarkatu eta gizonezkoekin. Beronek Mariren mitologian 9 zati edo denbora tarte bereizten ditu. Azkenik esan beronentzat Mari Ama Lur izan arren, azken hau Ama Jainko lehenaren gainetik jartzen dela, sinboloak errealitatearen gain edo kultura naturaren gain jartzen den bezalaxe.

Mari XXI. mendeko bi ikuspegitan aldatu

Goi-andere zerutiarra aldatu

 
Anbotoko Damaren harpe barneko haitz honen itxuran, batzuek Mariren aurpegia ikusi izan dute

Anuntxi Arana antropologoaren ustez, Mari, zeruetako dibinitate bat izango litzateke (Zeus edo Jupiterren gisara), eta ez dibinitate lurtarra. Zeruetako fenomeno naturalak gobernatzen ditu: euria eta txingorra. Kobazulo batean bada ere, mendi garaietan egoten da bere harpea. Ez du dibinitate lurtarren lanik egiten edo ezaugarririk betetzen: lurra landarez josi, lurra lantzen lagundu (laminek ez bezala), hil eta berriz bizitzara bueltatu, altxorrak eskaini gizon-emakumeei, etab. "Ama lurra"-ren kontzeptua interpretazio garaikidea izan daiteke.

Berezkoa duen beste betebeharra justizia egitearena da, hainbat gizonezko jainko zerutiarrek bezala.

Bestetik, elezahar gehienetan "Andere" edo "Dama" deitzen zaio, Mari ez da ohikoena.

Goi-andere lurtarra aldatu

Juan Inazio Artsuaga antropologoaren esanetan, Mari, lurreko dibinitate bat izango litzateke, Euskal Mitologian agertzen diren gainontzeko pertsonaiak bezala, Ikuspegi aurreindoeuropear baten seinale. Eguraldiaren gertakariak zuzentzen baditu ere beti haitzuloetatik irteten dira, bere egoitzen barnetik. Ortzia hutsik dagoen esparrua da, jainkotiar diren pertsonaien ibilbide besterik ez[15]. Ez du dibinitate indoeuroparren ezaugarririk betetzen eta horrek Mariren kontzeptua interpretazio garaikidea izan daiteke.

Berezkoa duen beste betebeharra zuzentasuna mantentzea da, hainbat jainkosa lurtar bezala.

Besterik elezahar gehienak XIX. eta XX. mendean jasoak dira eta aitzinagokoak ere, Matri bezalakoa, ez dira ohikoena.

Erreferentziak aldatu

  1. Ortiz Oses, Andrés.. (2007). Euskal mitologia : izena duen guztia omen da = Mitología vasca : todo lo que tiene nombre es. (2. ed. argitaraldia) Kutxa Fundazioa = Fundación Kutxa, 168-169 or. ISBN 8471734885. PMC 932552771. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  2. Satrústegui, José María. (1975). «La leyenda del dragón en las tradiciones de Urdiain» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 7 (19): 13–30. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  3. (Gaztelaniaz) Estornés Lasa, Bernardo. (1967). Origenes de los Vascos, Tomo I, Civilizaciones primitivas, Albores históricos. Auñamendi, 194-197 or. ISBN Depósito Legal S.S. 1325-1959..
  4. Garmendia, Gurutz. (2015). Urola aldeko kontuk eta komerixek. .
  5. a b de., Barandiarán, José Miguel. ([1997?]). Mitología del pueblo vasco. (2a. ed. argitaraldia) Etor ISBN 8488960166. PMC 40463937. (Noiz kontsultatua: 2018-11-03). 28. or.
  6. Anbotoko Mari, Ahotsak ikasgelan. Ahotsak.com (2012ko urria)
  7. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1985). Mitologia Vasca. , 109 or. ISBN 84-7148-085-3..
  8. (Gaztelaniaz) Azkue, Resurrección Maria de. (1995). Cuentos y leyendas. Orain, 94 or. ISBN 84-89077-22-3..
  9. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1985). Mitologia Vasca. Txertoa, 110-111 or. ISBN 84-7148-o85-3..
  10. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1985). Mitologia Vasca. Txertoa, 112 or. ISBN 84-7148-085-3..
  11. ), Arana, Anuntxi, (1947-. ([2008]). Euskal mitologiaz : jentilak eta kristauak. Elkar ISBN 9788497835695. PMC 863179178. (Noiz kontsultatua: 2018-11-03). 24. or.
  12. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1997). Mitologia del Pueblo Vasco. Ostoa, 36 or. ISBN 84-88960-16-6..
  13. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1985). Mitologia Vasca. Txertoa, 119 or. ISBN 84-7148-085-3..
  14. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1985). Mitologia Vasca. Txertoa, 119-120 or. ISBN 84-7148-085-3..
  15. Hartsuaga, Juan Ignazio. (1987). Euskal Mitologia Konparatua. Kriselu, 39-41 or. ISBN 84-7728-042-0..

Bibliografia aldatu

  • (Gaztelaniaz) José Dueso, La primitiva religión de los vascos, Orain, 1996. ISBN 84-89077-56-8.
  • Juan Ignacio Hartsuaga, Euskal Mitologia Konparatua, Kriseilu, 1987.
  • (Gaztelaniaz) Patxi Xabier Lezama Perier, Mitología vasca, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea , 2018.
  • Anuntxi Arana, Mito hurbilak, Euskal mitologia jendeen bizitzan, Katuzain, 2000. ISBN 2-913842-04-6.

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu