Ibarguen-Urkizu jauregia
Ibarguen-Urkizu jauregia Elorrion dago, Durangaldean (Bizkaia). XVI. mendekoa da, estilo errenazentistan egina, fatxada nagusiak Berrio-Otxoa kalera ematen du, antzinako Suso errebala. Nabarmentzekoa da bere fatxada nagusia, harlanduz egina, eta hiru mailatan banatua.[1]
Ibarguen-Urkizu jauregia | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Elorrioko hiri historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Elorrio |
Koordenatuak | 43°07′45″N 2°32′30″W / 43.129169°N 2.541638°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | |
Arkitektura | |
Estiloa | pizkundetar arkitektura |
Ondarea | |
EJren ondarea | 63 |
Historia aldatu
Erdi Aroko beste hiribildu hesituen antzera, Elorrion ere, behin bando-gerrak amaituta, bakealdi bat iritsi zen. Egoera hartan, leinu nagusiek auzoetako dorretxeak utzi eta herrian kokatu ziren. Jaime Kerexetak azpimarratzen duen moduan, herrian egin ziren etxandi eta jauregi asko identifikatzen ziren baserri giroko leinuekin, ikusi besterik ez baitago batzuen eta besteen armarriak, berdinak kasu askotan. Hori da, hain zuzen, Ibarguen leinuaren kasua.
Hiribilduak galdu zuenean defentsarako izaera, bertako herritarrek leku aproposagoak bilatu zituzten beren etxebizitzak-eta egiteko. Era horretara, Elorrio errebaletara hedatu zen (Suso, San Fausto, San Roke, Urarka…), eta bertako jauntxoek hantxe eraiki zituzten beraien jauregiak. Horietako dezente Suso errebalean egin ziren, Ibarguen hau bezala, herriaren goiko aldean, gaur egungo Berrio-Otxoa kalean.
Oparoaldi ekonomiko hartan, herriko eliza eraiki zen 1459 eta 1506 artean, Bizkaiko handiena, iturri publikoak egin ziren, eta mugak markatzeko gurutzeak, oparo landuak.
Ibarguen leinuaren jatorrizko oinetxea Zeanurin dago, Bizkaian, eta handik Elorriora etorri ziren. Lehendabizi Urkizuaran auzoan ezarri ziren, Ibarguen torrea eta Ibarguen goikoa etxeetan. Hiribildua zabaltzen hasi zenean, berriz, Suso errebalera aldatu ziren, Ibarguen-Urkizu jauregira.[2]
Ezaugarriak aldatu
XVI. mendekoa da, estilo errenazentistan egina, fatxada nagusiak Berrio-Otxoa kalera ematen du, antzinako Suso errebala. Nabarmentzekoa da bere fatxada nagusia, harlanduz eginda, eta hiru mailatan banatuta.
Ateak ematen du atentzioa, zirkulu erdiko arku batekin, eta bi lerro kasetoi lauz inguratua, bi zutabe korintiar alde banatan, zeinek eusten dioten arkitrabe bati, metopaz eta triglifoz apaindua.
Horrezaz gain, armarri bat dauka, Ibarguen eta Urkizu leinuen ezaugarriekin.
Iruditegia aldatu
-
Fatxada nagusia, hurbilagotik
-
Armarria, Ibarguen eta Urkizu leinuen ezaugarriekin
Ikus, gainera aldatu
Ondare zibila ikusgarria da Elorrion, batez ere arkitekturari dagokionez. Behin XV. mendean leinuen arteko gerrak atzean utzita, Elorrio aldatu egin zen: apurtu egin zen hiribilduaren harresia, eta herria errebaletara zabaldu zen, jarduera ekonomikoa bizkortu egin zen eta, ondorioz, “aberats berriak” agertu. XVI, XVII eta XVIII. mendeetan Elorrioko zenbait familia Sevillara joan eta buru-belarri sartu ziren Mundu Berriko merkataritzan —burdin fabrikatuen salerosketan bereziki—, eta horrek dirua barra-barra ekarri zuen herrira, batez ere familia horien eskuetara. Eta familia horiek diruaren zati bat inbertitu zuten eraikin ikusgarriak egiteko.
Horrek markatzen du, dudarik gabe, Elorrioko arkitektura zibilaren urrezko aroa, zeinak hartzen baititu XVI, XVII eta XVIII. mendeak batez ere. Horra Elorrioko eraikin zibil nabarmenen zerrenda bat, mendeen arabera banatuta:
XV. mendea aldatu
- Kanpokaleko Atea. Elorrioren harresiak zituen sei ateetatik hauxe da geratzen diren bietarik bat.
XVI. mendea aldatu
- Aldapebeitiatxikia jauregia. Errenazentista.
- Arabio jauregia. Errenazentista. Fatxadan armarri ikusgarria du, marmol zuriz egina. Hegoaldeko fatxadan loggia bikoitza dauka.
- Iturbe jauregia. Errenazentista.
- Larreategi jauregia. Errenazentista. Karaktere gotikoz idatziriko harria du horma ertzean, 1542koa.
- San Fausto errebaleko etxea. San Fausto errebaleko zaharrena seguruenik.
- San Fausto errebaleko jauregia. Errenazentista.
- Suso errebaleko jauregitxoa. Errenazentista.
XVII. mendea aldatu
- Aldapebeitia jauregia. Barrokoa.
- Altzerreka-Mendiola jauregia. Barrokoa.
- Arespakotxaga-Andueza jauregia. Barrokoa. Txintxirri izenaz ere ezagutzen da.
- Arespakotxaga-Azkarraga jauregia. Barrokoa.
- Arespakotxaga-Mendibil jauregia. Barrokoa. Eredutzat hartu zen herriko beste jauregi batzuk egiteko.
- Arriola jauregia. Barrokoa.
- Elorrioko udaletxea. Barrokoa
- Iturri jauregia. Barrokoa.
- Lariz jauregia. Barrokoa.
- Lekerika-Otsa jauregia. Barrokoa.
- Urkizu etxea. Barrokoa.
- Urkizu-Iturbe jauregia. Barrokoa.
- Urkizu-Tola jauregia. Barrokoa. Oinplano karratua du eta lau ertzetan, pinakuluak.
- Zearsolo jauregia. Barrokoa. Casajara izenaz ere ezagutzen da. Loggia ederra dauka eta balkoietako burdinaren eta teilatu-hegaleko zuraren lanketak arreta berezia eskatzen du.
XVIII. mendea aldatu
- Esteibar-Arauna jauregia. Barrokoa.
- Otsa jauregia. Barrokoa.
- Urkizu jauregia. Barrokoa.
XIX. mendea aldatu
- Olazabal jauregia. Modet – XIX. mendea, neoklasiko.
- Berriozabaletako iturria. Manuel Plazido Berriozabalbeitia epaile elorriarrak agindu zuen iturria egitea bere auzokideen bizi-egoera hobetzeko. Estilo neoklasikoan egina.
XX. mendea aldatu
- Urkizu Aldatsekua jauregia XX. mendea.
Bibliografia aldatu
- Agirre Kerexeta, I. Bizkaiko herrien monografiak: Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1992.
- Barrio Loza, J. A. (Dir) Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica. 3 volúmenes. Bilbao. 1989-1991.
- Barrio Loza, J. A. (Dir) Monumentos nacionales de Euskadi. Tomo III: Vizcaya. Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Zamudio: Elexpuru, 1985.
- Basterretxea Kerexeta, I. Hierro y palacios. Elorrio-Sevilla. Mercaderes elorrianos en Sevilla durante los siglos XVI y XVII. (2004)
- Fernández Altuna, José Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
- Kerexeta, J. Linajes y casas solariegas de Elorrio. Elorrioko Udala. Bilbo, 1990.
- Leis Álava, A. I. "Arquitectura residencial culta en la villa de Elorrio". Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. Ondare 24. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2005.
- VV. AA. Guía del patrimonio histórico artístico y paisajístico. Editorial Etor.
Erreferentziak aldatu
- ↑ María., Molinuevo Zaballa,. (D.L. 2008). Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia, Ondare Historikoaren Zerbitzua = Diputación Foral de Bizkaia, Servicio de Patrimonio Histórico ISBN 8477524343. PMC 863180339. (Noiz kontsultatua: 2018-07-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) Kerexeta, Jaime. (1990). Linajes y casas solariegas de Elorrio. Elorrioko Udala, 107 or..
Kanpo estekak aldatu
- Elorrioko Udalaren webgunea.
- Azaleratu zure alde erromantikoa. Elorrioko Udala.