Elisabeth Eidenbenz (Wila, Suitza, 1913ko ekainaren 12a - Zurich, 2011ko maiatzaren 23a) irakasle eta erizaina izan zen; 1939an, Elneko amaberrien etxea sortu zuen, non Espainiako Gerra Zibileko eta Bigarren Mundu Gerran ehundaka ama errefuxiatu ziren. Espainiako Bigarren Errepublikako errefuxiatuak edo nazietatik ihes egiten zuten juduak ziren horietako asko.

Elisabeth Eidenbenz

Bizitza
JaiotzaWila1913ko ekainaren 12a
Herrialdea Suitza
HeriotzaZürich2011ko maiatzaren 23a (97 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta erizaina
Jasotako sariak
Elneko amaberrien etxe zaharberritua.

Biografia aldatu

Elisabeth Eidenbenz Wilan jaio zen, Suitzan, 1913ko ekainaren 12an. Magisteritza ikasi eta lanean aritu zen, maistra, Suitzan hasieran eta Danimarkan gero.

Emakume honek arreta handiz jarraitu zituen Europa asaldatzen zuten mugimendu bortitzak eta apenas 20 urte zituen maistra gazteak Espainiako Gerra Zibilaren berri izan zuen. Une horretan erabaki zuen ahulenei laguntzea eta, oinarrizko zaintzan zertxobait trebatu ondoren, Elisabeth borondatez joan zen gerrako haurrei laguntzea, errepublikarren eremuan zegoen populazio zibilari, alegia[1].

Horrela, 1937ko apirilaren 24an, erizain bilakatu berri zen maistra Madrila iritsi zen, batez ere, gosez amorratzen deuden amak eta umeak helburu.

« ...Oporretan nengoen, eta Espainiara joateko deitu zidaten, umeei laguntza ematera. Ni ez nintzen erizain, andereño baizik, baina baietz esan nien. Bi urte luze eman nituen, hainbat herritan, umeentzako kolonietan laguntzaile. Burjasoten (Valentziatik gertu) genuen gure egoitza baina Madrilera joaten ginen umeak ekartzera, baita beste herri txikietara ere... ()... Bonbardaketak askotan jasan genituen, baina nik ez nuen beldurrik izan. Gurekin zeuden errefuxiatuei nolabaiteko lasaitasuna emateko-edo izango zen...[2] »

Espainiako Gerra Zibila amaitu zenean, Franco atera zen garaile eta diktadura ezarri zuen. Errepublikazale askok ihes egin zuten eta Pirineoz bestalde gorde ziren. Frantzia hegoaldea errefuxiatuz bete zen eta haurdun zeuden emakumeek ez zuten erditzeko leku egokirik izaten. Umea izan bezain pronto, errefuxiatuen barrakoietara itzultzen zituzten, suspertzeko betarik eman gabe. Egoera horretan, ez zen harritzekoa ia jaioberri gehienak eta baita ama asko ere, hil egitea.

Elisabethek ez zuen amore eman eta goseari eta hotzari aurre egiten saiatu zen. Desesperazio hartan, abandonatutako jauregi zahar bat aurkitu zuen Argelès-sur-Merko esparruaren ondoko Elne herrixkan[1].

Batek baino gehiagok eman zion laguntza eta etxe zahar eta ia-erori hura berritzea lortu zuten denden artean. Abendu hartan bertan jaio zitzaien lehen haurra, José Molina[3]. Ama izateko etxe hura 1939tik 1944ra arte izan zuen martxa eta 600 bat haur eta beste hainbeste amak lortu zuen han bizirautea.

Elisabeth ez zen matrona, ezta erizaina ere, baina errefuxiatuentzat lortu zuena gauza handia izan zen. Europa osotik iritsi zitzaizkien dirulaguntzak eta Gurutze Gorriaren bidez, geroago.

Lehendabizi Espainiako errepublikazaleak etorri baziren -400 bat-, Hitler agintera iritsi zenean, Alemaniatik ere etorri ziren, juduak gehien bat. Gutxienez 200 bat haur jaio zen Elnen[1].

III. Reich-eko polizia sekretua ere zelatean ibili zuten eta Elisabeth atxilo hartu ere egin zuten, baina aurrera jarraitu zuen lanean. 1944an, Gestapok itxi egin zuen ama berrien etxea, baina, ordurako, bertan ehunka haur jaio eta horien bizitzak salbatu ziren.

Hala ere, bere bizitzaren amaieran solik aitortu zitzaion egindako lana, Frantzia, Espainia, Katalunia eta Israelgo gobernuen aldetik sariak jasoz[4].

Elisabeth Eidenbenz Vienatik gertu eman zituen azken urteak, Zurichen hil zen arte, 2011ko maiatzaren 23an. 97 urte zituen.

Erreferentziak aldatu