Bubiak[1] Afrikako etnia bat dira, bantu multzokoak, Bioko uharteko (Ekuatore Ginea) jatorrizko etnia. XX. mendearen hasiera arte ez zituen europar inperialismoak konkistatu. Gero, uhartea Espainiak kolonizatu zuen, eta 1968an Ekuatore Gineako parte bihurtu zen. Kanpotiko bi aginte horiek uhartera eragindako immigrazioaren ondorioz, eta Francisco Macías Nguema diktadoreak bubien aurka eragindako sarraskien eta erbesteratzeen ondorioz, gaur egun bubiak gutxiengo dira Bioko uhartean, eta asko Espainian bizi dira.

Bubiak

Bobi ume batzuk
Biztanleak guztira
~100,000
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
 Ekuatore Ginea
Hizkuntza
Bubiera, gaztelania
Erlijioa
Kristautasuna, animismoa
Zerikusia duten beste giza taldeak
Bantu herriak

Historia aldatu

Kristo aurreko lehen milurtekoaren erdialdean, Afrikako lur kontinentaletatik etorritako bantu familiako hainbat tribuk uhartea kolonizatu zuten, eta bubi etnia eratu zuten. Gerora lur kontinentaletatik etorritako beste talde batzuekin ere nahasi ziren.

1472an Fernão do Pó portugaldar itsasgizonak uhartea aurkitu eta Flor Formosa izena jarri zion; baina Europan itsasgizonaren izena hedatu zen, uhartea aipatzeko. Gero, San Ildefonso Itunari (1777) eta El Pardoko Itunei (1778) esker, Portugalek Espainiari eman zion uhartearen gaineko agintea, Annobon uhartearenarekin eta Gineako kosta kontinentalarenarekin batera.

Hala ere, bubi etniakoak oso gerrazaleak ziren —etengabe ari ziren borrokan tribuen, klanen, familien, barrutien, hirien eta gizabanakoen artean—, eta Europako inperialismoak ezin izan zuen uhartea konkistatu XX. mendearen hasiera arte.[2]

 
Bubien ikurrina.

1926an, uhartea Ginea Espainiarra koloniara lotu zuten. Francoren diktaduraren pean, Ekuatore Gineak deskolonizazio prozesua hasi zuen, 1968ko urriaren 12an independentzia lortu arte. Francisco Macías Nguema izan zen Ekuatore Gineako aurreneko lehendakaria, 1968tik 1979an boteretik bota zuten arte.[3] Haren agintaldian, Ekuatore Gineari Afrikako Auschwitz esaten zitzaion. Nguemaren erregimenak alde batera utzi zituen gobernu eginkizun guztiak, barne segurtasunekoak izan ezik, eta segurtasun eginkizun hori terrorearen bidez egiten zuen: epaile nagusitzat jarduten zuen, eta milaka herritar kondenatu zituen heriotzara. Ondorioz, herritarren herena hil edo erbesteratu zen. Ekuatore Gineak zituen 300.000 bat bizilagunetatik, gutxi gorabehera 80.000 hil zituzten, bereziki aberastasunik edo heziketa intelektualik bazuten Biokoko bubi etniako kideak.[4][5] Diktadoreak, jende ikasia bere erregimenarentzat mehatxua zelakoan, betaurrekoak zituen oro hilarazi zuen. Eskola guztiak itxiarazi zituen 1975ean. Ekonomia kolapsatu zen, eta herritar trebatuek eta atzerritarrek alde egin zuten.[6]

XX. mendearen erdialde arte uharteko biztanle gehienak bubi etniakoak ziren, baina, geroztik, etorkinek (gehienbat fernandino mestizoak eta fang etniakoak) eta Francisco Macías Nguema diktadoreak agindutako sarraskiek gutxiengo bihurtu ditu bubi etkniakoak. Haien artean bada uhartearen independentzia eskatzen duen mugimendu bat: Bioko Uhartearen Autodeterminazioaren aldeko Mugimendua. Matxinatzen saiatu ziren 1998ko urtarrilaren 21ean, eta horrek Ekuatore Gineako erregimenaren errepresio gogorra ekarri zuen.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu