Basaerramu

Zelastrazeoen familiako zuhaixka hostoiraunkorra, hostoak oposatuak eta obatu/lantza-formakoak, loreak galtzarbeko zimatan kokatuak eta fruituak kapsula-motakoak dituena. Lurzoru fresko eta sakonak dituzten basoetan hazten da.

Basaerramua (Euonymus europaeus) edo, genero bereko beste espezie batzuetako landaretatik bereizteko, basaerramu europarra[1], Celastraceae familiako hosto-erorkorreko zuhaixka edo zuhaitz txikia da.

Basaerramu
Basaerramu europarra
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaCelastrales
FamiliaCelastraceae
GeneroaEuonymus
Espeziea Euonymus europaeus
Banaketa mapa

Ezaugarriak aldatu

Inoiz 10 m garai izatera heltzen bada ere, eskuarki 3-6 m garai izaten da, 20 cm-rainoko diametroko enborrarekin.

Hostoak aldatu

Hostoak erorkorrak, aurkako, lantzeolatu eta eliptiko arteko, 3-8 cm luze eta 1-3 cm zabal eta modu finean zerratutako ertzekoak dira. Udazkenean askotan kolore gorri bizi ederra izaten dute.

Loreak aldatu

Loreak hermafroditak dira, udaberri berantiarrean irteten dira eta intsektuek lorautseztatzen dituzte; txikiak eta berde horixkak dira eta ez dira nabarmentzen; zima motako infloreszentzietan irteten dira, 3-8 batera.

Fruituak aldatu

Fruitu kapsularrak udagoienean umotzen dira eta gorri, gorrindol edo arrosa kolorekoak eta 1-1,5 cm inguru zabalak dira. Ontzean fruituak ireki eta fruitu bakoitzeko lau laranja koloreko haziak ikusten dira.

Fruituak pozoitsuak dira, beste substantzia batzuen artean teobromina eta kafeina alkaloideak eta guztiz garratza den terpenea dituztela. Pozoitzeak umeen artean jazotzen dira sarrien, kolore biziko fruituek haiek jatera erakartzen dituztelako. Jateak gibela eta giltzurrunak kalte ditzake, eta hiltzea ere gerta liteke.

Banaketa eremua aldatu

Europan oso hedatua dagoen zuhaixka mota da. Irlanda eta Hego-Eskandinaviatik iparraldean, Ipar-Espainia eta Sizilia-raino hegoaldean eta Lituania, Asia Txikia eta Kaukasoa[2] bezain urrun ekialderantz hedatzen da.

Euskal Herrian oso hedatua dago lurralde osoan, ugariago Euskal Herri hezean.

Ekologia eta habitata aldatu

Basaerramuak basoen ertzetan, landare hesietan eta malda gozoetan hazten dira, gehien bat elikagai askoko eta gatz gutxiko lurzoru buztintsuetan.

Oso ohikoa da baso hostoerorkorren oihanpean ikustea, espezie laguntzaile bezala. Urari, hezetasunari eta lurzoru fresko eta sakonei loturiko espeziea da, ibaietatik gertu askotan agertzen dena.

Itsasoaren mailatik 1.500 metro artean garatu daiteken zuhamuxka da.

 
Basaerramu europarra euriak bustita

Erabilerak aldatu

Basaerramuaren zura oso gogorra da, eta punta zorrotzak lor daitezke hura erabiliz; antzina artilea iruntzeko ardatzak egiteko erabiltzen zen.

Bere fruitu arrosa bizi edo gorrindolak eta udagoienean izaten dituen margo erakargarriak direla eta, lorategi eta parkeetan askotan erabiltzen den landare apaingarria da.

Izozteak eta haizeteak pairatzeko bere ahalmenagatik Europaz kanpo beste toki batzuetan sartu zuten eta haietako batzuetan landare inbaditzailea bihurtu da.

Landare honen adarren eta zuztarren azala, hostoak, fruitu lehortuak eta haziak erabiliak izan dira herri medikuntzan [3].


Erreferentziak aldatu