Zimitza da Heteroptera subordenako intsektuen (heteropteroen) izen arrunta euskaraz. Hemiptera ordenaren barneko intsektu subordena da, 41 bat familia eta 30.000 espezie inguru hartzen dituena.[1].

Zapataria

Ezaugarriak aldatu

 
Zimitz marraduna
 
Zimitz laranja.

Espezie gehienek bi hego pareak desberdinak dituzte. Gainekoak hemielitroak dira: atal basala gogorra eta larrukara dute eta atal distala minzkara. Azpikoak, berriz, mintz meheko gardenak dira[2]. Geldirik daudelarik, bi hegal pareak bizkarrean gurutzaturik egoten dira. Aho-aparatua (moko edo estiletea deitua) zorrotza eta ziztatzaile-xurgatzailea da. Likidoz elikatzen dira: batzuk landareen fluidoez (izerdia, fruitu edo hazien edukia...) eta beste batzuk animalien fluidoez. Azken hauetako batzuk, ohe-zimitza eta Chagas-en gaixotasuna kutsatzen duen Triatoma infestans, esate baterako, parasitoak dira[3] Landareen fluidoez elikatzen direnen artean Euskal Herriko mendietan ezagunenetako bat zimitz marraduna da, mihilu eta mandaperrexiletan ikusi ohi den mozorro gorri beltza.[4]

Metamorfosi bakuna dute (garapen paurometaboloa), gehienetan 5 ninfa aldirekin. Hirugarrenetik aurrera, apurka-apurka, hegoak agertzen zaizkie. Oso habitat desberdinetan bizi daitezke; gehienak ingurune lehortarretan (landareak, orbela, lurzorua) agertzen diren arren, beste batzuk ur gezatakoak edo itsastarrak dira[5].

Gizakiaren bizkarroitzat edo parasitotzat jotzen dira zimitzak, batzuetan izurrite hitza ere erabili izan da[6].

Euskarazko izenak aldatu

Euskaraz izen mordoa dauka: euskara batuan “zimitza” nagusitu da, bizkaieraz “imutxa/imitxa” eta iparraldeko euskaldunen artean “purnasa”. Beste hainbat izen -aldaera- ere badauzka: imitxa, imintxa, tximintx, tximitx, tximutz, zimintz, zumitz, txintxe...[4]

J.A. Mogelek 1802 urte inguruan idatzitako Peru Abarka eleberri txukunean etimologia bitxi hau eman zuen: "Tximitxa edo imitxia esaten da tximurtxi, edo imurtxi egiten dabelako".

Deriotarren gaitzizena aldatu

Inguruko herrietako biztanleen arabera derioztarrak tximutxak dira, lezamarrak zorriak diren bezala eta larrabetzuarrak akerrak. Derioko euskara elkarteak izen hori dauka: Tximintx euskara elkartea.

Erreferentziak aldatu

  1. Zimitz Euskalterm. Euskara.euskadi.net
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. Miren PEÑA: Elkarrizketa Santiago Pagolarekin[Betiko hautsitako esteka] Heteropterus, 8. zenbakia, 2002ko uztaila. Gipuzkoako Entomologia Elkartea. Heteropterus.org
  4. a b «Zimitza, mamorro zapal hori» Euskara eta natura, paisaiaren bi alderdi 2009-07-13 (Noiz kontsultatua: 2019-08-02).
  5. Luis MATA, Marta GOULA: Clave de Familias de Heterópteros de la Península Ibérica Departament Biologia Animal, Facultat de Biologia, Universitat de Barcelona. Ub.edu
  6. Ramírez de Okariz Kortabarria, Amaia. «Globalizazioak dakarren izurritea» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-22).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu