Zemlako matxinada (gaztelaniaz: levantamiento de Zemla; arabieraz: انتفاضة الزملة‎) edo Zemlako intifada (gaztelaniaz: Intifada de Zemla) espainiar kolonialismoaren aurkako lehendabiziko altxamendua izan zen, 1970eko ekainaren 17an gertatu zena.[1]

Zemlako matxinada
Mendebaldeko Saharako gatazka
Data1970eko ekainaren 17a
LekuaZemla, Aaiun
EmaitzaMatxinada
Gudulariak
Harakat Tahrir  Espainia
Indarra
Milaka ~100
Galerak
4-11 hildako, zauritu eta preso ugari Zenbait zauritu

Deskolonizazio garaia zela eta, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen estatusa aldatu zuen, kolonia izatetik probintzia izatera. Aldaketa ospatzeko, ekainaren 17an festa bat egitekotan zen Aaiungo Afrikako plazan, emanaldiak, desfileak eta dantza indigenak eginez. Jaialdia hasi baino lehen, eskualde osotik etorritako hainbat gaztek hiria zeharkatu zuten "Sahara sahararrentzat" zioten pankartak zeramatzatela. Manifestariak Zemla auzoan bildu eta gobernadorea aurrean egotea eskatu zuten agiri bat emateko asmotan.[2]

José María Pérez de Lema espainiar gobernadore militarra Zemlara joan zen, agiria hartu eta manifestariei Sahara eta espainiar gobernu koloniala batzen zituzten harremanak goraipatzen zituen hitzaldi bat bota zien.[3] Gobernadorea alde egin eta gero, manifestariak auzoan geratu ziren eta hirurogei laguneko eskolta zeraman gobernu-ordezkaria ailegatu zen. Manifestariek eskoltak urrundu zituzten eta, 19:30 inguru zirela, Carlos Diaz Arkotxak zuzenduriko Espainiar Legioaren konpainia bat heldu zen. Legionarioek tiro batzuk egin zituzten manifestariak beldurtzeko baina hauek, kikildu ez, eta harrika hasi ziren. Konpainiak su egin eta 4 hildako (iturri batzuen arabera 11 izan ziren[3]) eta 20 zauritu baino gehiago sortu zituen. Gertaerak Zemlako sarraskia izena hartu zuen.

Manifestazioaren bultzatzailea Muhammad Bassiri izan zen. Iturri polizialen arabera, atxilotu eta hiru ordu geroago Marokoko mugara eraman zuten. Sahararrek, berriz, torturatu, eguna argitzean Aaiundik gertu dagoen duna-eremu batera eraman eta bertan fusilatu zutela diote.[4] Egun, sahararrek bere heriotza-eguna gogoratzen dute, martiri nazionala eta gero Fronte Polisarioa izango zenaren askapen mugimenduaren sortzaile moduan. Bassirik berak sortutako Al-Shihab (Zuzia) aldizkarian "Sahara sahararrentzat" izeneko artikulua argitaratu zuen.

Erreferentziak aldatu

  1. Tarver, H. Michael; Slape, Emily. The Spanish Empire: A Historical Encyclopedia. I, 36 or. ISBN 9781440845703..
  2. García, Alejandro. (2002). Historias del Sahara: el mejor y el peor de los mundos. Madril: Catarata.
  3. a b Western Sahara A "Spy" Guide - Strategic Information and Developments. IBP. Inc., 45 or. ISBN 0739786407..
  4. Bárbulo, Tomás. (2002). La historia prohibida del Sáhara Español. 21 Bartzelona: Ediciones Destino / Colección Imago Mundi, 89 or. ISBN 978-84-233-3446-9..

Kanpo estekak aldatu