Yun Hyong-Keun (koreeraz: 윤형근, Cheonju, Ipar Chungcheong, 1928ko apirilaren 12aSeul, 2007ko abenduaren 28a) Hego Koreako margolaria izan zen, Dansaekhwa mugimenduko kide nabarmenetako bat bezala ezaguna[1].

Yun Hyong-Keun
Bizitza
JaiotzaCheongju (en) Itzuli1928ko apirilaren 12a
Herrialdea Hego Korea
HeriotzaSeul2007ko abenduaren 28a (79 urte)
Jarduerak
Jarduerakartista

Bizitza aldatu

Yun Hyong-Keun-ek garai zailak bizitu zituen ia bizitza osoan zehar: Koreako Japoniar okupazioa eta Koreako Gerra lehenik, eta Park Chung-hee-ren diktadura ondoren.

1947an Seulgo Unibertsitate Nazionalera joan zen "Mendebaldeko Margolaritza" ikastera. Baina urte hartan bertan atxilotu eta kanporatu egin zuten, ikasle protesta batzuetan parte hartzeagatik. Ameriketako Estatu Batuek Korean zuten Gobernu Militarrak eskolan zuen eskuhartzeaz kexatzeko izan ziren protestak. Ikasleek klaseak eten zituzten eta 4956 ikasle kanporatuak izan ziren (ondoren 3158 berriz onartuak izan ziren).[2]

Protesta hauetan parte hartzearen ondorioz, 1949an "Bodo Liga" bezala ezagutzen zen "berreziketa" programa ofizial bateko zerrendan sartu zuten. Hego Koreako Gobernuak 300000 pertsona inguru sartu zituen liga honen baitan, komunistak edo etsai politikoak zirela argudiatuta; hauek "berrezi" eta bide onean ezatzea zuen helburu. 1950ean gerra hasi zenean, gobernua zerrenda horretakoak atxilotzen eta hiltzen hasi zen. Hauen artean askok ez zekiten zerrenda horretan zeudenik edo existitzen zenik ere. Yunek ozta-ozta ihes egitea lortu zuen, baso batean gordeta (artistaren azken erakusketak antolatu dituen Kim Inhye-ren arabera[3]). Ipar Korearen esku zegoen Seulen harrapatuta geratu zenez, Ipar Koreako Armadarentzat lan egitera behartua izan zen. Honen ondorioz, komunistekin kolaboratzea egotzita, sei hilabetez kartzelaratua izan zen 1956an, Seodaemungo Kartzelan[4].

Seulgo Unibertsitate Nazionalean denbora gutxi egin zuen arren, bertara sartu zenean Kim Whanki irakaslea ezagutu zuen, korear artista esanguratsua zena. Handik aurrera, Kim Whankik garrantzia handia izan zuen Yunen bizitzan: mentore, lagun eta aitaginarreba izan zuen[5]. 1952an Kim Whanki Hongik Unibertsitatera joan zen irakasle moduan eta Yunentzako sarrera baimen berezia lortu zuen, 1954an ikasten jarraitzeko aukera izan zezan. 1957an graduatu zen bertan, Mendebaldeko Margolaritza ikasketak eginda[6].

1960ko martxoaren 22an Kim Young-sook-ekin ezkondu zen, Kim Whanki-ren alaba zaharrena[7].

1961ean hasi zen margotzen, eta urte horretan bertan lortu zuen irakasle postu bat emakumeentzako Sookmyung eskolan. Han irakasle zela, 1973an, beharrezko kualifikaziorik gabeko ikasle bat onartu zuen eskolak. Ikasle honek Koreako Inteligentzia Zerbitzu Nazionaleko pertsona garrantzitsu batekin konexioa zuen eta Yunek etikarik gabeko jokabide hori kritikatu zuen. Protesta honen ondorioz berriz ere atxilotu eta kartzelaratu zuten, komunismoaren aurkako legeak haustea egotzita. Hilabete inguru pasa zuen Seodaemungo Kartzelan. Aske utzi ondoren ere zerrenda beltz batean sartu zuten, lan bat bilatzeko zailtasunak zituen eta poliziaren bijilantziapean bizi zen. Esperientzia honen ondoren, kartzelatik irten ondoren, Yun margolari lanetan murgildu zen burubelarri. [8]

Obra aldatu

Hasierako urteak aldatu

Yun 1961ean hasi zen margotzen, arte irakasle bezala lanean hasi zen garai berean. Hasierako etapa honek 1973ko espetxeratzea bitarte iraun zuen, horren ondoren aldaketa gertatu zen bere lanean. Lehen urte hauetako bere obra gehienak kolore argiko margolan abstratuak dira, asko nabaritzen da Kim Whankiren eragina. Kolore argi hauek 1973an desagertu ziren bere paletatik, bere obra ezaugarrituko zuten kolore ilunek nagusitasuna hartuz[9].

1966ko urrian bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen Seulgo Press Center Gallery-n. 1969an Sao Pauloko biurtekoan parte hartu zuen eta, honela, pixkanaka ezagun egiten hasi zen[2].

1973tik aurrera: Zeruko eta Lurreko Atea aldatu

1973an kartzelatik irten ondoren Yun burubelarri murgildu zen margolari lanetan. Momentu honetatik aurrera, lehenago erabilitako koloreak alboratu eta bere obraren ezaugarri nabarmen izango zen iluntasuna nagusitu zen[9]. Garai horretan hasi zen estilo propioko lanak egiten eta bere bakarkako erakusketetan erakutsi zituen: Myongdong Galerian (1973, 1974) eta Munheon Galerian (1975, 1976) Seulen; eta baita Tokion ere, Muramatsu Galerian (1976) eta Tokio Galerian (1978). 1974ko amaieratik 1980ko hamarkadaren erdialdera arte sortutako bere artelanek, batez ere, mihise errektangular bat dute markatu gabeko espazio zati handi batekin eta honen alboetan zutabe formako bi edo hiru sekzio ilun agertzen dira, mihisearen altuera osoan gora eta behera egiten dutenak[10].

Urte hauetan zehar egin zituen lanak Zeruko eta Lurreko Atea (The Gate of Heaven and Earth) tesiaren baitan kokatzen zituen Yunek, bere diarioan adierazi zuen moduan 1977ko urtarrilean[11]. Umber[oh 1] eta Itsasoz harandiko urdina[oh 2] (Ultramarine blue) erabiltzen zituen horretarako; Umberrak Lurra irudikatzen zuen eta urdinak zerua, biak nahastuz beltzetik gertu zegoen kolore ilun hori ateratzen zen[9][4].

1980an gertatutako Gwangjuko sarraskiak eragin zion amorrua ere ikus daiteke bere obran. Bere margolanean zutik agertzen ziren zutabeak erdi-etzanda margotu zituen eta pintura beltza mihisean behera erortzen zela, malkoen moduan[12][1].

Yunen obraren oinarriak aldatu

Dansaekhwa mugimenduko kide nabarmenetako bat bezala ezagutzen den arren, Yunek nahiago zuen "Dansaekhwa artista" moduan ez sailkatzea. Bere bizitzan zehar izandako momentu gogor guztien ondoren, Yunek garrantzi handiagoa ematen zien gizakiei, gizarteari eta naturari, arteari berari baino[2].

Bere diarioko hitzak ekarriz, "ezin da artea egin teoriatik abiatuta. Benetan uste dut esentzia duen eta iraungo duen artea pertsona puru eta inozente batetik bakarrik sor daitekeela"[oh 3]. Yunek bere lanak eguneroko modukoak zirela esaten zuen, bere egunerokotasuna gordetzeko balio zuten diarioak[1].

"Begiratzeaz nekatuko ez zaren koadroak egin nahi ditut, naturarekin gertatzen den bezala. Hori da nire artean nahi dudan guztia. Lurreko guztia azkenean berriz ere lurrera itzultzen denez, denbora kontua da dena. Hori niri eta nire koadroei ere aplikatzen zaiela gogoratzen dudanean, denak hutsala dirudi, garrantzirik gabea."[oh 4][13]

Azken urteak aldatu

1980ko hamarkadaren amaieratik aurrera, bere obrek bere azken etapa osatzen dute, bizitza osoan zehar bilatutako sinplifikazioaren gailurrera iristen da hemen. Koloreen bariazio sotilak guztiz desagertu ziren, eta, beraz, badirudi azken etapako obra hauek beltz hutsez margotuak izan direla. Gainera, olio gutxiago erabiltzen zuen pintura-nahasketan, eta, beraz, gainazalak lehorrago geratzen ziren[4].

Yunen azken lan gehienak modu zehatzagoan margotu ziren: laukizuzenak marrazten zituen mihisean, erregela eta arkatz batekin; laukizuzenen ertzak zinta itsaskorrez estaltzen zituen, eta bertan margotu ondoren zinta kentzen zuen[14].

2007an, hil zen urtean, Yunek Burnt Umber & Ultramarine Blue serieko hogei bat lan margotu zituen. Serie horretarako, 1970eko hamarkadako lehen obretan maiz erabili zuen kotoi zurizko ehunera itzuli zen. Modu desberdinetan antolatuta dauden bi laukizuzen beltz handi baliatzen ditu: batzuk elkarren ondoan daude, beste batzuk zeharka, eta beste batzuk bata bestearen gainean jarrita agertzen dira, nekeak jota erortzeko zorian baleude bezala. Obra hauek Yunen bizitza osoko "harremanak" gaia borobiltzen dute, eta, aldi berean, bakardade, lasaitasun eta heriotza mezu solemne bat helarazten dute zahartzaroaren talaiatik.[9]

Oharrak aldatu

  1. Umber da ingelesez, euskarazko hitz egokia ez dut topatu.
  2. Euskarazko izendatze hau EHUn argitaratutako testi batean topatu dut. Hemen.
  3. Norberak euskaratua inglesezko bertsiotik: "You can’t make art from theory. I truly believe that eternal and fragrant art can only come from a pure and innocent person"
  4. Norberak euskaratua inglesezko bertsiotik: "I want to make paintings that, like nature, one never tires of looking at. That is all I want in my art. Since everything on earth ultimately returns to earth, everything is just a matter of time. When I remember this also applies to me and my paintings, it all seems so trifling."

Erreferentziak aldatu

  1. a b c ARTIST DOCUMENTARY | Yun Hyong Keun | 윤형근 | 작가 다큐멘터리. (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).
  2. a b c (Ingelesez) «Yun Hyong-keun in Venice: The Artist Behind the Paintings» ocula.com 2022-12-07 (Noiz kontsultatua: 2022-12-07).
  3. (Ingelesez) «Kim Inhye on Yun Hyong-keun’s Retrospective at Palazzo Fortuny» ocula.com 2022-12-07 (Noiz kontsultatua: 2022-12-07).
  4. a b c Yun Hyong-keun Retrospective. National Museum of Modern and Contemporary Art, Korea.
  5. (Koreeraz) «[주간한국만물이 흙으로 되돌아가는, 세월!»] 데일리한국 2018-09-12 (Noiz kontsultatua: 2022-12-07).
  6. Hyundai, Gallery. «Artists YUN Hyongkeun» hyundaihwarang.com.
  7. (Koreeraz) «단색화 거목(巨木) 윤형근이 남긴 일기와 작품...한 시대를 표명한 증거» 아트인포 2018-08-10 (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).
  8. (Koreeraz) «[주간한국만물이 흙으로 되돌아가는, 세월!»] 데일리한국 2018-09-12 (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).
  9. a b c d Yun Hyong-keun Retrospective. .
  10. Kee, Joan. (2013). Contemporary Korean art : Tansaekhwa and the urgency of method. ISBN 978-0-8166-7987-4. PMC 816563818. (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  11. «YUN HYONG-KEUN. A retrospective | Museo Fortuny | MUVE Contemporaneo» Museo Fortuny 2019-03-06 (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  12. (Koreeraz) 에디터, 이윤정 올댓아트. (2018-09-10). «[문화내시경‘침묵의 화가’ 윤형근 회고전»] weekly.khan.co.kr (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  13. Yun Hyong-keun: Exhibition Silence & Space at Axel Vervoordt, Kanaal. (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  14. Brolly, Jean. (2002). Yun is Painting, Hyong-keun Yun at Paris. (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).

Kanpo estekak aldatu