Xake mate (eleberria)
Xake mate Alberto Ladronen bigarren eleberria da, 2002 urtean argitaratutakoa, berak idatziriko Itzalaren baitan lehenengo eleberri mardularen ondorengoa eta I. Augustin Zubikarai eleberri laburren saria irabazi zuena. Bigarren Mundu Gerran giroturiko suspentsezko eleberri laburra da, gerran elbarrituriko mutil gatzen bat protagonista duena eta xake jokoaren erreferentzia anitz dituena. Eleberria lehenengo pertsonan kontaturikoa da eta nafarrerazko hitz eta esamolde anitz biltzen ditu bere orrialdeetan.
Xake mate | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | (2007) |
Generoa | Eleberri beltza |
Herrialdea | EH |
Orrialdeak | 132 |
Haria
aldatuI
Kontalariak mutikoa zeneko oroitzapenak gogorarazten ditu. Bigarren Mundu Gerra amaitzear dago eta hiru hots gogoratzen ditu bereziki: aliatuen bonbak lehertzearena, lur azpiko aterpeetako jendearen marmarra eta xakeko piezak mugitzearena, amarekin lehenengo partidak jokatu zituenean. Gutxitan ikusi gabeko aitaren heriotzak gerra-frontean ez dio samin handirik eragiten. Bonba batek eragindako zauriaren eraginez, hanka moztu behar diote mutikoari eta gurpildun aulki batean mugitu beharko du aurrerantzean.
II
Gerra amaitze aldera, bonba batek bere ikastetxea birrindu eta horri esker urtebete osoa emango du eskolara joan gabe. Gerra bukatuta, ama hondakinen artean adreiluak biltzeko lanetan aritzen da egunero. Mutikoa bakartia da eta askotan etxean geratzen da bazterrak miatzen. Horrela, xake liburu zaharra aurkitzen du (eta argazki pornografikoak dituen liburua ere bai, baina hau ez zaio gehiegi interesatzen). Xake-liburuko jokaldiak ikertzen ditu eta bereziki abantaila lortzeko pieza baliotsu bat galtzera daraman jokaldia, ganbito izenekoa, erakartzen du bere arreta.
III
Egun batean derrigortuta, amak Maximilian plazara eramaten du, beste haurrekin jolas dezan bera lanera doan bitartean. Haurrek ez diote kasurik egiten, jolaserako gai ez izateaz gainera berari jolas horiek ez baitzaizkio gehiegi interesatzen, baina berehala Angela izeneko neska luze, argal eta mendrea inguratzen zaio eta berarekin maitemintzen da berehala.
IV
Egun batean, plazako taberna bateko mahaietan agure bikote bat ikusten du xakean eta erne eta liluraturik jarraitzen du haien partida. Amari, ordea, haurrekin jolasten ibili dela kontatzen dio. Hiru astetan zehar, mahaietan biltzen diren agure horien eta besteen xake-partidak jarraituko ditu.
V
Egun batean, egunero bezala, plazara inguratu baina ez du inor aurkitzen Bavaria tabernako mahaietan. Halako batean, gizon handi adintsu bat eseritzen da jokalariren baten zain. Denbora luzean zai egon ondoren, mutikoari eskatzen dio partida bat jokatzea. Herabe, mutilak onartu eta berarekin hasten da jokatzen. Gizonak hasiera batean irabaziko duelako konfiantzaz jokatzen du, baina partida aurrera joan ahala urduritzen hasten da eta azkenean mutikoak irabazten dio.
VI
Mutikoa kezkaturik geratzen da: partida irabazi duelako mahaietara inguratzen ez dutela utziko pentsatzen du. Biharamunean, Angela ikusten du plazan , baina honek ez dio kasu handirik egiten, ihesi joango balitz bezala, gorputzean dituen ubeldurak ezkutatuz, bere aitaordearenagna joan behar duela aitzakipean. Mutikoa harriturik geratzen da bere aitaordea janariak, baina baita ere kontrabandako gauzak, saltzen dituen Domenico Torrelli dela, aspalditik ezagutzen duen Roma dendako jabea eta ustez Angelaren amarekin ezkondu dena. Errege Beltza ezizenarekin ezagutzen du mutikoak, amarekin aspaldian joan zen opera bateko Nabukodonosor erregearena egiten zuen abeslariarekin antz handia zuelako.
VII
Angelarekin izandako topaketa bitxiaren ondoren, plazako jokalarienagan abiatzen da eta haien partidei begira geratzen da, beti bezala. Halako batean, atzetik esku batek nola heltzen dion nabaritu, buelta eman eta bezperako gizon handi eta berritsua ikusten du. bezperako partidaren mendekua hartzeko aukera ematea eskatzen dio mutikoari umore onez. Mutila guztiz izuturik dago, jokalari guztiak berari begira daudelako, Hansek (horrela du izena gizonak) haiei bezperako partida aipatu ondoren. Mutikoak peoi txiki moduan ikusten du bere burua. Jokatzen hasi eta mutikoak galdu egiten du partida oraingo honetan.
VIII
Kontalariak, garai bateko mutikoa alegia, Bavaria tabernako jabea deskribatzen du: emakume ederra da, berrogei urte ingurukoa eta Hilde du izena, nahiz eta berak Erregina Zuria deitzen dion bere kolkorako. Mutikoa liluraturik dago berarekin. Egun batean, Hilde berarengana hurbildu eta xakean jokatzea proposatzen dio. Mutila izuturik geratzen da, berriz ere, eta harriturik ere bai, andreak Angelarekin ibiltzen dela dakielako. Andreak apustua jartzea eskatzen du: Hildek txanpon bat jarriko du mahai gainean eta mutikoak musu eman beharko dio Hilderi, andreak irabazten badu. Hildek irabazten du partida, oldartsu eta menderaezin, liburuko estrategiak baztertuz. Mutila erabat lotsatzen da andreari musu eman behar dionean, baina gainera Hildek beste musu bat emango dio ezpainetan, hitz gozoak esatearekin batera.
IX
Egun batean Angelaren zain geratzen da plazan eta honek Hilderekin elkartu izana aurpegiratzen dio. Emakume gaiztoa dela ohartarazten dio: penizilinaren kontrabandoan aritzen da eta ordaintzen ez dioten bezeroak erail, gorpuak txiki-txiki egin eta saltxitxak egiten omen ditu. Mutilak zurrumurru eta susmo horien zentzugabekeria aipatzen dio, baina penizilina ez izateagatik hanka moztu behar izan ziotela gogoratzen du. Angelak, zerbait erakutsi behar diola eta, bere atzetik joateko eskatzen dio eta Bavaria tabernako atzealdeko sotoko leihora eramaten du. Hortik, ordea, mutilak kaxak besterik ez ditu ikusten. Badaezpada, biharmunean, ez du jango tabernan eskaintzen dioten janaria.
X
Eguraldi txarragatik jokalariak tabernan ez dauden egun batean, Angelarekin topo egin eta honek aitaordearen dendako sotora jeistea proposatzen dio. Ostutako giltza baliatuz sartzen dira soto ilunera. Angelaren laguntzarekin, azkenean neskak sotoan zuen zoko sekretura heltzne dira, non Angelak atsegin dituen aktoreen argazkiak eta aitarodeari ostutako likore botilak dituen. Angelak likorea eskaintzen dionean, mutikoa uzkurtu egiten da, baina azkenean hatu egiten du. Halako batean, Angelak musu behar diola, aitaordeak mehatxuz deitzen dio Angelari eta hau, izututa, alde egiten du, mutikoa bakarrik utzita. Izan ere, itxura guztien arabera, aitaordeak sexu-abusuak eta tratuegiten dizkio Angelari, eta horretarako deitu dio oraingo honetan ere. Mutila izututa geratzen da ilunpean, baina lurrean giltza aurkitu eta bakarrik lortzen du kalera irtetea.
XI
Mutikoa sototik ateratzerako iluna dago eta euria ari du. Halako batean, bi pertsona ikusten ditu kalean, ibilera urduriaz. Angelaren ama eta Schenker doktorea dira. Doktoreari Angela ongi ote dagoen galdetzen dio mutikoak. Doktoreak ondoez arin bat besterik ez duela erantzuten dio. Mutikoak penizilina behar badute, berak nola eskuratu badakiela esaten dio, baina doktoreak etxera joateko agintzen dio. Angelaren ama eta doktorea Roma dendara sartzen direnean, doktoreak azken begirada bat botatzen dio mutikoari. Mutila triste geratzen da, gizartean ahaltsuak (Erregina Zuria eta Errege Beltza) eta ahalgeak (bera eta Angela) bereizten direla pentsatuz.
XII
Angelaren etxera abiatzen da gau horretan bertan eta bi pertsona ikusten ditu ate aurrean: Schenker doktorea eta Angelaren aitordea ikusten ditu hizketan. Zuhaitz baten atzean ezkutaturik, haien elkarrizketa nahasia entzuten du. Hortik, aitaordeak edo Errege Beltza Angela bortxatu eta hil duela deduzitzen du- Aldi berean, aitarodeak doktorea nola mehatxatzen duen ere aditzen du, gerra garaian egindakoak amerikarrei jakinaraziko diela esanez. Bizitza osoan, Angelari gertatutakoaren zama eramango ud, baina orain ez du ezer sentitzen. Aitak xakean nola erakutsi zion gogoratzen du, nola erregea pieza ahula den, erregina boteretsua eta nola bera bezalako peoi arrunt batek garaipena ekar dezakeen. Horrela, plazan jokatzen ari den partidako Errege Beltzari xake mate egiteko plana bururatzen zaio.
XIII
Amari gaixorik dagoela esaten dio eta hiru egun pasatzen ditu ohean, Angelaren heriotzak asaldaturik. Maximilian plazara itzuli eta dena normaltasunez ikusten du, baina halako batean Hilde andereak berarekin hitz egin nahi duela adierazten dio eta Bavaria tabernako barruko gela ilun baterantz. Han, Schenker doktorea dago guztiz asaldaturik. Otto sukaldaria zelatari geratzen da. Hilde andereak Schenker doktorearen eta Torrelliren arteko hizketaldiaz galdetzen dio eta mutikoak gezurra esaten du, penizilinari buruz ari zirela, merkatu beltzean zenbat diru atera behar zuten eta. Schenker doktoreak izuturik begiratzen dio mutikoari eta egia esateko erregutzen dio, bai baitaki penizilina Hilde anderearen negozioa dela soilik. Gelatik atera eta, Ottorekin bakarrik geratu ondoren, doktorearen txilioak entzuten dira kanpotik.
XIV
Doktorea ez du berriz ere ikusiko mutikoak. Jokaldia ongi atera bazaio ere, beldurrez dago. Plazara itzuli eta soldadu amerikarrak ikusten ditu Roma denda aurrean, izandako lapurreta bat dela eta. Torrellik, Angelaren aitaordeak alegia, aurre egin omen die lapurrei eta baten bat zauritu ere bai, odol arrastoak ikusi dituztelako. Mutikoak badaki zer bilatzen zuten lapurrek: penizilina. Eta badaki nork eman duen agindua Roma dendara sartzeko: Hilde anderea. Izan ere, mutikoa izan da Bavariatik penizilina ostu eta Roma dendara eraman duena, Schenker doktorearen aurrean esandakoari sinesgarritasun handiagoa emateko. Penizilina kaxak bere sotoan ikustean Errege Beltzak jarritako harridura aurpegia irudikatzen du. Soldadu amerikarrek penizilina eta kontrabandoko beste gauzak aurkitu arren, ezikusiarena egiten dute, Errege Beltzak ederki ordainduta. Mutikoak bizitakoarekin lotutako amesgaiztoa du gauean. Biharamunean, Roma denda tirokatu dutela jakinarazten diete Hans xake jokalariak. Bere jokaldia ongi ateratzen ari bada ere, asaldaturik eta beldurturik dago. Gauean, likorea edanda ere, amesgaiztoa du berriz ere. Leherketa batek esnarazten du.
XV
Roma denda eta Angelaren gurasoen etxea lehertarazi dituzte gerrako bonba baten bitartez. Hondakinen artean ez dute Torrelliren gorpua aurkitzen. Bere emaztea, Angelaren ama, bi egun lehenago alde egin zuen etxetik. Plazan, Hans eta Rudolf mainguak gertatutakoari buruz hitz egiten dute. Bitartean, Rudolfek Hilderen saltxitxak jaten ditu eta gusto arraroa dutela protesta egin ondoren, Hildek italiar haragiarekin egindakoa direla erantzuten dio, irribarre maltzur batez.