Wilhelm Gustloff (ontzia)

MV Wilhelm Gustloff alemaniar bidaiari itsasontzi handia izan zen, 1945eko urtarrilaren 30ean Sobietar Batasuneko S-13 itsaspeko batek Baltikoan hondoratu zuena. 9.434 pertsona hil ziren, eskifaikideak ez beste guztiak zibilak. Alemania Naziko transatlantiko honen hondoratzeak oihartzun handia izan du historian. Izan ere, Wilhelm Gustloffen hondoratzeko hildakoak Titanic-ekoak halako sei izan ziren.[1]

Wilhelm Gustloff (ontzia)
Fabrikazioa
FabrikatzaileaBlohm + Voss
Ekoizpen-lekuaHanburgo
Historia
Torpedo attack 1945eko urtarrilaren 30a
Inaugurazioa1937ko maiatzaren 5a
Erregistro-herrialdeaAlemania
GatazkaBigarren Mundu Gerra
JabeaGerman Labor Front (en) Itzuli -
Kokapena
Koordenatuak55°04′22″N 17°25′17″E / 55.0729°N 17.4213°E / 55.0729; 17.4213
Ezaugarriak
Dimentsioak7 (zingoa) × 23,59 (zabalera) × 208,5 (luzera) m
Erruna23,5 m
Zingoa7 m
Abiadura15,5 kn
Edukiera1.463
Identifikazioa
Dei-kodeaDJVZ

Ezaugarriak aldatu

Hanburgoko Blohm + Voss ontzioletan eraiki zuten, Adolf Hitlerren aginduz, eta 1937ko maiatzaren 5ean itsasoratu zen. 208,50 metro luze eta 23,59 metro zabal zen, eta 25.484 tonako desplazamendua zeukan. 1936an judu batek erail zuen Wilhelm Gustloff buruzagi naziaren omenez eman zitzaion izena. Itsasontzi modernoa zen, eta hasieran itsas bidaldiak egiteko aukera eskaintzen zien alemaniar langileei.

1939an, Espainiako Gerra Zibila amaitutakoan, Kondor Legioa Alemaniara eramateko erabili zuten. Bigarren Mundu Gerra hasi zelarik, ospitale-ontzi bilakatu zuten. 1940ko amaieran, hegazkinen aurkako armamentuz hornitu zuten, eta ontzi militarra izan zen ordutik aurrera. 1945ean, Armada Gorria Ekialdeko Frontean aurrera egin ahala, etxetik alde egindako alemaniar errefuxiatuak ebakuatzen jardun zuen.[1]

Hondoratzea aldatu

 
Alemaniar iheslariak Pillauko portuan, 1945

1945eko urtarrilean, Armada Gorria aurrera egiten ari zela-eta, Ekialdeko Prusiako milaka alemaniarrek beren etxeak utzi eta ihesari eman zioten. Horiek horrela, Kriegsmarinek Hannibal operazioa abiarazi zuen, alemaniar tropak eta zibilak handik ateratzeko. Ebakuazioan era guztietako ontziek parte hartu zuten.

Wilhelm Gustloff Hannibal operazioan parte hartu zuen ontzietako bat izan zen. 1.865 bidaiarirentzako tokia zuen, baina itsas aginteak 6.000 pertsona eramateko baimen berezia eman zuen. Armada Gorria Danzigetik hurbil zegoen, eta alemaniar iheslariak birkokatzeko premiak bultzatu zituen erabaki hori hartzera. Ontzia hondoratu eta gero jakin zuten beste 5.000 errefuxiatuk ezkutuan ontzian sartzea lortu zutela.[1] Urtarrilaren 30ean itsasoratu zen, Gdynian, Danimarkara iristeko helburuz.

S-13 sobietar itsaspeko batek Wilhelm Gustloff detektatu zuen. Gaueko hamaikak aldera, Alexander Marinesko itsaspekoko kapitainak tiro egiteko agindua eman zuen; hiru torpedok Wilhelm Gustloff-en kroskoa jo zuten eta ontzitzarra ordubete eskasean hondoratu zen. Ontzian zeuden 10.582 pertsonetatik 1.000 inguru salbatu zituzten hasieran, baina ehunka batzuk hipotermiak jota hil ziren, Baltikoko ur hotzetan erreskatearen zain egon ondoren.[1]

 
S-13 itsaspekoa

Ontziak brankan esbastika zeraman arren, Alexander Marineskok bazekien errefuxiatuak zeramatzala. Baina kapitainaren karrera gainbehera ari zen: izaera egoskorra zuen, gehiegi edaten zuen eta haren dosierrean ohar negatiboak pilatzen ari ziren. Torpedoen laguntzaz egoera irauli eta Sobietar Batasuneko heroi garaikurra lortu nahi zuen. Saria jasotzeko hautagai izan arren, goi mailako agintari sobietarrek ez zioten domina eman eta hondoratzearen errua Luftwafferi berari egozten zion bertsioa zabaltzen ahalegindu ziren. Marineskori ez zion ezertarako balio izan historiako itsas tragedia larriena eragiteak.[1]

Literaturan aldatu

Günter Grass Literaturako Nobel saridunak idatzitako Im Krebsgang eleberrian (2002, gaztelaniaz A paso de cangrejo, frantsesez En Crabe) hondamendi haren azterketa sakona egiten da.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Irazustabarrena Uranga, Nagore. Titanic baino sei aldiz larriagoa. Argia aldizkaria, 2014ko uztailaren 27a, Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Moldatu gabea (CC BY-SA 3.0), argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-1-7).

Kanpo estekak aldatu