Waterford
Waterford (gaeleraz Port Láirge, antzinako eskandinavieraz Veðrafjǫrðr), Irlandako Errepublikaren bosgarren hiririk handiena eta izen bereko konderriaren hiriburua da, herrialdeko hegoaldean kokatutakoa, Munster probintzian. 46.747 biztanle ditu (2011) hiriak, baina metropoli eremuak 64.000 inguru hartzen ditu. Irlandako hiri zaharrena kontsideratzen da.
Waterford Port Láirge | |
---|---|
Irlanda | |
Administrazioa | |
Estatua | Irlandako Errepublika |
Probintzia | Munster |
Konderria | Waterfordeko konderria |
Postakodea | X91 |
Geografia | |
Koordenatuak | 52°15′30″N 7°07′08″W / 52.2583°N 7.119°W |
Altuera | 0 metro |
Demografia | |
Biztanleria | 53.504(2016) |
Bestelako informazioa | |
Telefono aurrizkia | 051, 74 |
Industria (ehungintza, elikagai industria, beiragintza, papergintza) da herriko ekonomia jarduera nagusia. Era berean aipagarriak dira harresi zaharraren aztarnak, XI. mendeko dorrea eta XVIII. mendeko bi katedralak.
Izenak
aldatuVikingoek sortu zuten hiria eta Veðrafjǫrðr izena eman zioten, "ardien fiordoa". Irlanderazko izenak (Port Láirge) "Láragen kaia" esan nahi du eta Waterford izen ingelesak "uretako pasabidea".
Geografia
aldatuSuir ibaiak muga egiten du Kilkenny eta Waterfordeko konderrien artean. Waterford ibaiaren hegoaldean dago baina hiria hedatuz joan den heinean Ferrybank auzoa ibaiaren beste aldera zabaldu da. Hiritik kilometro gutxitara Suir ibaia Muir Cheilteach badian uretaratzen da.
Historia
aldatuEsan bezala vikingoak izan ziren hiria sortu zutenak. 853an Waterforden ondoan eratu zuten asentamendu txiki bat baina irlandarrek 902an bertatik bidali zituzten. 914 itzuli ziren Ottir Iarla-ren gidaritzapean eta Veðrafjǫrðr eratu zuten. Hau da beraz Waterforden fundazio data. Irlandan sortu zuten lehenengo hiria izan zen.
Ingelesek Dublin hartu eta Leinsterreko erregea bere lurretatik bidaltzean, honek Waterford eskuratu nahi izan zuen 1167an baina ez zuen lortu. 1171ean Richard FitzGilbert de Clare ("arku indartsua") ingelesak ere Waterford erasotu zuen eta horrela Ingalaterrako Koroaren Hiri bihurtu zen.
Suir ibaiaren ertzean egonik hiriak hazkunde nabaria izan zuen eta Dublin hiriburuaren ondoren herrialdeko bigarren hiri bihurtu zen. Erreforma Protestantearen aurrean Waterfordek katoliko izaten jarraitu zuen eta Irlandako Konfederazio Katolikoarekin bat egin zuen 1642an. Honek 1649 arte iraun zuen, Oliver Cromwell iritsi eta ingelesen nagusitasuna berrezarri arte. Waterford bera 1650an eskuratu zuen Henry Iretonek, Cronwellen ilobak.
XVIII mendean goraldi ekonomikoa izan zuen, garai hartakoak dira alde zaharreko etxe ugari, eta XIX mendean beiragintza eta untzigintza industriak errotu ziren. 1922an Irlandako Gerra Zibilaren borroka latza izan zen Waterforden.
Ondasun nabarmenak
aldatu- Bikingoen triangelua: Bikingoek sortu zuten hiriaren aztarnak biltzen ditu, bereziena Reginald's Tower dorrea.
- Kristoren Gurutzearen katedrala: XVIII mendeko katedral anglikanoa, georgiar estiloan egina.
- St. John's College: 1807an eraikitako seminarioa.
- Herriaren parkea (People's Park): Hiriko parkerik handiena da, 6'6 hektarea ditu.
- Nasako erlojua.
Kultura
aldatuHiru antzerki konpainia eta museo ugari daude hirian. Badaude azpimarratzekoak diren bi jaialdi:
- "Waterford International Festival of Light Opera" opera jaialdia: 1959tik aurrera urtero izaten da.
- "Untzi garaien jaialdia": 1973tik aurrera antolatzen da. Bertan estropadak egitearen aitzakian izugarrizko festa izaten da.
- Erdi Aroko Museoa, ondasun nabarmenak dituena bertan, hala nola Waterfordeko kapa liturgikoak (altxor ezkutatu eta berraurkitua), Cap of Maintenance txapel zeremoniala, eta Charter Roll edo Waterfordeko Hiri-gutunen Bilkaria.
- Zilarraren Irlandako Museoa.
- Denboraren Irlandako Museoa.
- Irish Wake Museoa.
Kirolak
aldatuIrlandako beste herrietan ez bezala, Waterfordeko kirolik arrakastatsuena futbola da. Waterford United F.C. da bertako taldea eta sei Liga eta bi Kopa irabazi zituen 60 eta 70. hamarkadetan, garai hartako talde irlandarrik garrantzitsuena bihurtuz. Europako txapelketetan ere aritu zen.
Honetaz gain gaeliar jokoek ere indar handia dute baina emaitzak apalak izan dira. Hala ere Waterford GAA taldeak Irlandako Hurling txapelketa nagusia birritan irabazi duela aipatu beharrekoa da.
Waterfordeko kirolik zaharrena berriz arraunketa da. 1878an eratu zen Waterford Boat Club elkartea.
Klima
aldatuKlima ozeaniko epela du. Prezipitazioak 1021 mm-koak dira eta batazbesteko tenperaturak 20 °C ingurukoak izaten dira udan eta neguan berriz 3 °C-tara jeisten dira. Irlandan "hego-ekialde eguzkitsua" ezizena ematen zaio inguru honi.
Datu klimatikoak (Waterford (Tycor), 1981–2010) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 8.4 | 9.0 | 10.9 | 12.9 | 16.0 | 18.2 | 20.1 | 20.0 | 17.8 | 14.4 | 11.3 | 9.41 | 14 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 3.0 | 3.0 | 4.2 | 5.3 | 7.8 | 10.5 | 12.3 | 12.1 | 10.2 | 7.9 | 5.1 | 3.8 | 7.1 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 108.1 | 73.1 | 79.6 | 71.5 | 69.6 | 73.6 | 67.4 | 76 | 83.4 | 116 | 103.1 | 99.8 | 1021.2 |
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) | 14.5 | 10.8 | 11 | 10.5 | 10.3 | 10.2 | 9.9 | 9.7 | 10.1 | 13.8 | 12.6 | 13.3 | 137 |
Iturria: European Climate Assessment and Dataset[1] |
Hiritar ezagunak
aldatu- Robert Boyle (1627-1691), fisikari eta kimikaria.
- William Hobson (1792-1842), Zelanda Berriko gobernadorea
- Thomas Francis Meagher (1823-1867), 1848ko Irlandako matxinadako buruzagietako bat.
- John O'Shea (1981- ), Manchester United taldeko futbolaria.
Hiri senidetuak
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Temperature (Tycor, Waterford). ECA&D.