Konplementua finkatzeko proba

Wassermann-en proba» orritik birbideratua)

Konplementua finkatzeko proba (Wassermann-en proba ere deitua) serologian erabiltzen den test bat da, antigeno-antigorputz multzoei konplementuak atxikitzeko duen gaitasuna neurtzen duena. Antigorputzak hautemateko erabiltzen da.

Konplementua finkatzeko proba. Goiko irudian, konplementua (urdinez) antigeno-antigorputz multzoari lotzen zaio, eta ez dago eritrozitoen lisia (emaitza positiboa). Beheko irudian, lotura hori ez da gertatzen eta eritrozitoen lisia (hemolisia) gertatzen da (emaitza negatiboa).

Jakina denez, konplementuak antigeno-antigorputz (Ag-Agz) konplexuari lotzen zaio, eta lotura horren ondorioz aktibatu egiten da, eta antigenoa duen zelula edo partikula arrotza suntsitzen du.

Proba bi fasetan burutzen da:

Lehenengo fasea aldatu

Demagun sifiliaren aurkako antigorputzak bilatzen ari garela gaixo batean, sifilia duen ala ez jakiteko.

Aztertu nahi den gaixoaren odol-seruma lehenik eta behin 55º C-tan berotzen da 30 minututan, odol-serum honek duen konplementua suntsitzeko (gogoratu konplementua, proteina guztien antzera, desnaturalizatu egiten dela beroarekin). Gero, antigorputzak hautemateko antigenoa eransten zaio odol-serum honi (adibidez, sifiliaren aurkako antigorputzak ikertzen ari baldin bagara, sifiliaren bakterioaren antigenoak gehituko dira). Bakterio horren aurkako antigorputzak odol-serumean badaude, antigeno-antigorputz (Ag-Agz) multzoak eratuko dira. Gero, konplementua gehituko zaio multzo horri. Konplementua Ag-Agz multzoari lotuko zaio, eta horrenbestez ez da konplementu askerik geratuko [1]. Odol-serumean sifiliaren aurkako antigorputzak ez badaude, Ag-Agz multzoak ez dira eratuko eta erantsitako konplementua odol-serumean pilatuko da, aske.

  • Ag1 + Agz1 + K (konplementua) → Ag-Agz-K

Kasu honetan ez dago konplementu (K) askerik, dena lotuta dago Ag-Agz multzoari

  • Ag1 + Agz2 + K → Ag1 + Agz2 + K

Kasu honetan Ag-Agz multzoa ez da sortzen, eta konplementua aske geratzen da

Laburbilduz, konplementu askearen presentzia adierazten du Ag-Agz multzoak ez direla osatu.

Bigarren fasea aldatu

Odol-serumean konplementu aske dagoen ala ez argitzen du bigarren fase honek.

Horretarako, arkumearen eritrozitoak eta eritrozito horien aurkako antigorputzak gehitzen zaizkio lehenengo faseko odol-serumari. Odol-serumean konplementu askea ez baldin badago, eritrozitoen lisia ez da gertatuko, lisi hori burutzeko konplementua behar delako. Aldiz, odol-serumean konplementu aske baldin badago, eritrozitoen lisia gertatuko da:

-Erreakzio positiboa: ez dago eritrozitoen hemolisia, konplementua lehenengo fasean agortu delako. Emaitza honek odol-serumean sifiliaren aurkako antigorputzak zeudela aderazten du.

-Erreakzio negatiboa: eritrozitoen hemolisia badago, konplementua lehenengo fasean erabili ez delako. Emaitza honek odol-serumean sifiliaren aurkako antigorputzak ez zeudela adierazten du.

Erreferentziak aldatu

  1. Prats, G.: Microbiología Clínica Ed. Médica Panamericana, 2007, 171. orr. ISBN: 978-84-7903-971-4

Kanpo estekak aldatu