Wystan Hugh Auden (York, 1907ko otsailaren 21aViena, 1973ko irailaren 29a) edo W. H. Auden poeta ingelesa izan zen. XX. mendeko poetarik handienetarikotzat hartzen dute kritikari gehienek. Jaiotzez britainiarra, Estatu Batuetan literatura irakasle egon eta 1946an amerikar hiritartasuna hartu zuen. Espainiako Gerra Zibilean esku hartu zuen Errepublikaren alde. 1938an Thomas Mannen alaba Erikarekin ezkondu zen. Oxfordeko Unibertsitatean poesia irakaslea izan zen (1956).

W. H. Auden

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakWystan Hugh Auden
JaiotzaYork1907ko otsailaren 21a
Herrialdea Erresuma Batua
 Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaOxford
Austria
HeriotzaViena1973ko irailaren 29a (66 urte)
Hobiratze lekuaKirchstetten (en) Itzuli
Familia
AitaGeorge Augustus Auden
AmaConstance Rosalie Bicknell
Ezkontidea(k)Chester Kallman (en) Itzuli
Erika Mann  (1935eko ekainaren 15a -  1969ko abuztuaren 27a)
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaChrist Church (en) Itzuli
Gresham's School (en) Itzuli
Oxfordeko Unibertsitatea 1928) Artean graduatu : English studies (en) Itzuli
St Edmund's School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta, gidoilaria, literatura historialaria, antzerkigilea, idazlea, libretista, unibertsitateko irakaslea, literatura-kritikaria, saiakeragilea, musikagilea eta itzultzailea
Enplegatzailea(k)Michigango Unibertsitatea
New School (en) Itzuli
Jasotako sariak
InfluentziakAdalbert Stifter, Bertolt Brecht, Christopher Isherwood, George MacDonald, John Donne, Konstantino Kavafis, Søren Kierkegaard, T. S. Eliot eta Thomas Hardy
KidetzaAmeriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia
Bavariako Arte Ederren Akademka
Izengoitia(k)W. H. Auden
Genero artistikoalirika
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaanglikanismoa

IMDB: nm0041537 Allmovie: p414554 TV.com: people/w-h-auden IBDB: 8991
Musicbrainz: 5bfc7072-8a01-4364-a436-415fe4aeb830 IMSLP: Category:Auden,_Wystan_Hugh Find a Grave: 2969 Edit the value on Wikidata

T. S. Elioten ondorengoa izan zen ingelesezko poesian, Eliot W. B. Yeatsena izan zen bezala. Lehen liburua, Poems, argitaratu orduko (1928) egin zen famatua, egileak hogeita bat urte eskas zituenean. Poeta gisa ez ezik, izen handia izan zuen ezkerreko intelektual moduan ere, 1930-1940 urteetan, bereziki Depresio Handiaren urteetan. Auden poeta erlijiosoa da eta aldi berean irri-eragilea, hitzaren birtuosoa baina beti didaktikoa, satirikoa da eta guztiz lirikoa, sailkatzen zaila, beraz. Kierkegaarden eragina erakusten du lau poema luzeetan: New Year Letter edo The Double Man (1941), For the Time Being (1944), The Age of Anxiety (1947), Nones (1951). Geroko lanetan, The Shield of Achilles (1955) eta Homage to Clio (1960) hitz jokoetan aberats ageri dira. Christopher Isherwoodekin batera hiru antzerki lan egin zituen: The Dog Beneath the Skin (1935), The Ascent of F6 (1936) eta On the Frontier (1938). Kritika eta saioaren alorra ere landu zuen: The Dyer’s Hand (1963).

Biografia aldatu

Haurtzaroa eta ikasketak aldatu

 
Audenen sortetxea, 54 Bootham, York

1907an York hirian sortu zen. Audenen aita sendagilea zen, zientziazalea oso, eta ama erizaina. Giro horretan, literaturari baino askoz garrantzi handiagoa ematen zitzaion zientziari. Fede anglikano sendoko familia zen, eta Islandian zituen nonbait sustraiak, Auden abizena islandiar sagetan ageri baita; aita bezala, semea ere liluratua egon zen beti islandiar herriarekin. Bere klase bereko haurrek ohi zuten hezkuntza izan zuen, eta biologian espezializatu zen. Baina 1922an poeta bokazioa deskubritu zuen, eta bi urteren buruan argitaratu zuen lehen poema.

1925ean Oxfordeko Unibertsitatera joan zen ikastera, eta fama handia lortu zuen han poeta eta jakintsu gisa. Auden taldea aipatzen bada ere, politika iraultzailea egiten zuena, talde hori gehiago izan zen kazetarien asmakizuna benetako talde politiko eragilea baino. Nolanahi dela ere, Auden poetak baino askoz interes gutxiago du Auden marxistak; izan ere, beti nahi izan zituen Audenek bere garaiko gaitzak ezagutu, azken finean, gizadiaren gaitzen agerpen konkretuak baino ez direnak. Modu berean esan daiteke nahi horri berorri erantzuten diola Auden kristauak ere.

1928an Oxforden graduatu ondoren, urtebete eman zuen Berlinen, eta ez, ohi zen bezala, Parisen. Han ezagutu eta maitatu zituen alemaniar hizkuntza, kabareteko kantak eta antzerki lanak, Bertolt Brechtenak bereziki. Ondoko bost urteetan eskola maisua izan zen Eskozian eta Ingalaterran.

Audenen heldutasuna: poesia lana aldatu

Hil aurretik bere poesia lanaren behin betiko edizioa prestatu zuen Audenek, poemez eta bertsozko eta hitz lauzko obra dramatiko txikiez osatua. Bost urte geroago argitaratu zen, Collected Poems (1976, «Poema hautatuak») izenburupean. Liburu hau da Audenen literatura testamentua, eta lau partetan banatu zuen, bere poesia emaitzaren aldiei dagozkienak[1].

Lehen aldia 1927-1932 urte bitartekoa da. Lehen aldi honetako poesian badira poema asko bakardadearen obsesioa adierazten dutenak. Lehen liburua, Poems («Poemak»[2]) edizio pribatuan argitaratu zen aurrenekoz 1928an, eta 1930ean kaleratu zenean -hogeita hiru urte zituen egileak- berehalako arrakasta izan zuen. Poemekin batera beste obra bat ere argitaratu zuen, Paid on Both Sides txarada («Bi aldeetan ordaindua»), guztiz adierazgarria Audenen obran, material guztiz desberdinak baliatuz osatua baita, halako amalgama bitxi batean: Islandiako sagak, ingelesezko poesia zaharra, eskolako istorioak, Karl Marx, Sigmund Freud eta beste psikologo batzuk, eskola umeen umorea.

Poemak liburuarekin, segituan konturatu ziren irakurleak ahots berria zela hura, indar ezohikoaz mintzatzen zena. Poemak ez dira beti maila berekoak eta sarritan ilunak dira, elkarren kontrako asmoak bateratzen baitituzte: alde batetik, fantasiarako, mitoen mundurako eta inkontzienterako bulkada subjektiboa eta, bestetik, gizartearen gaitzaren eta gizartea osatzen dute gizabanakoen akats psikologiko eta moralen diagnosia egiteko bulkada objektiboa. Poesia haren ondorio sozial eta politikoak azpimarratu ziren gehienbat liburua kaleratu zenean, baina garrantzitsuagoa dute alderdi psikologikoa. Poema hauetan heriotza da beti garaile. Hilen mamuak betetzen dituzte liburuko orriak; gure orainaldian sartzen dira, eta ez bizitzera bultzatzen gaituzte. Azken finean, terapia baten moduan dago ikusia hemen poesia, nolabait ere psikoanalisiaren antzeko betekizuna baitu. Ikusmolde hori funtsezkoa du Audenen obra guztiak.

 
Auden eta Christopher Isherwood 1939an

Bigarren aldia, 1933-1938 urteei dagokiena, Auden ezkerraren heroi bihurtu zenekoa da. Gizarte kapitalistaren gaitzen analisia egiten jarraitu zuen baina, era berean, arduratu zen totalitarismoaren hazkundeaz. On This Island liburuan (1937, «Uharte honetan»; Britainia Handian, Look, Stranger.! 1936), ulergarriagoa egin zen Audenen bertsogintza, irakurleria zabalarentzat errazagoa.

Londresen antzezlan esperimentalak eta ez komertzialak eszenaratzen zituen Group Theatre taldearentzat, idatzi zituen, aurrena The Dance of Death (propagandazko komedia musikala), eta ondoren beste hiru drama, txikitatik adiskide zuen Christopher Isherwoodekin lankidetzan: The Dog Beneath the Skin (1935, «Azalaren azpiko zakurra»), The Ascent of F6 (1936, «F6-ren igoera») eta On the Frontier (1938). Dokumentaletarako komentarioak ere idatzi zituen, horien artean genero horretan klasiko bat dena, NightMail (1936, «Gaueko posta»); saiakera eta liburu kritika ugari, eta erreportajeak: Islandiara egindako bidaia bati buruzkoa, Letters from Iceland (1937, «Gutunak Islandiatik»), eta Txinara Isherwoodekin egin zuen beste bidaia bati buruzkoa, Journey to a War (1939, Gerrara bidaldia) lanaren oinarri izango zena.

1937an bidaldi labur bat egin zuen, Errepublikaren laguntzaile, gerra zibilean zegoen Espainiara. Spain poema izan zen haren emaitza, urteak igarotzean ukatu egingo zuena; izan ere, bisitaldi hartan, Audenek geroago adierazi zuenez, hasi omen zen ezkerrarekin desilusionatzen eta jarri omen zen kristautasunera itzultzeko bidean. 1936an, Thomas Mann alemaniar nobelagilearen alaba Erika Mannekin ezkondu zen, emazteari britainiar pasaportea ematearren. Auden eta Isherwood Txinara joan zirenean, Estatu Batuak bi bider gurutzatu zituzten, eta itzuli zirenean hantxe geratzeko asmoa hartu zuten. 1939ko urtarrilean joan ziren Ameriketara bizitzera.

Hirugarren aldiko urteetan (1939-1946), Estatu Batuetako hiritar egin zen Auden, eta asko aldatu zen, bai erlijio auzian, bai auzi intelektualetan. Another Time liburuan daude (1940, «Beste batean») Audenen kanta eta poema biribilenetako batzuk. The Double Man (1941, «Gizon bikoitza») lanak bere erlijio ikusmoldea agertzen du, kristautasunetik hurbilekoa. 1940tik aurrerako Audenen lan guztian funtsezkoak diren sineste eta jarrerak hiru poema luzetan daude definituak: erlijiosoa, For the Time Being Eguberrietako oratorioan (1944, «Oraingoz»); estetikoa, liburuki bereko Sea and the Mirror («Itsasoa eta ispilua») Shakespeareren The Tempest antzezlanaren komentario ia dramatikoan; eta sozio-psikologikoa, The Age of Anxiety (1947, «Larritasunaren garaia»), 1948ko Pulitzer saria irabazi zuen egloga barrokoan. Orduz gero, ez zuen poema luze gehiagorik idatzi.

Azken urteak aldatu

 
Auden 1959an

Audenen poemagintzaren laugarren aldia 1948. urtean hasten da, poeta negualdia New Yorken eta udako hilabeteak Europan igarotzen hasi zenean. 1948-1957 urteetan Italiako Ischia uhartera joan zen; azken urte horretan landetxe bat erosi zuen Kirchstettenen, Austrian, eta orduz geroztik hantxe emango zituen udak. Garai hartako obretan -The Shield of Achilles (1955, «Akilesen ezkutua»), Homage to Clio (1960, «Kliori omenaldia»), About the House (1965, «Etxearen inguruan»), eta City without Walls (1969, «Hormarik gabeko hiria»)-, kanpoko eredu baten arabera antolaturiko poemak ageri dira: ordu kanonikoak, paisaje motak, etxe bateko gelak.

Chester Kallman Estatu Batuetako poetarekin -adiskide mina zuen, eta hogei urte baino gehiagoz bizi izan ziren elkarrekin-, opera libretoaren antzea berriztatu zuen. Libreto ezagunenak dira The Rakes Progress (1951) Igor Stravinskirentzat egina, Elegy for Young Lovers (1961, «Maitalegazteen elegia») eta The Bassarids (1966) Hans Werner Henzerentzat, eta Love s Labours Lost, Nicolas Nabokoventzat. 1962an kritika liburu bat argitaratu zuen, The Dyers Hand («Tindatzailearen eskua») eta gai orokorrei buruzko liburu bat 1970ean, A Certain World («Halako mundu bat»).

Azken urteotan denbora asko eman zuen besteren liburuak argitaratzen eta itzultzen. Aipagarria da The Collected Poems of John Perse (1972, «John Perseren poema hautatuak»). 1972an neguko egoitza New Yorketik Oxfordera aldatu zuen, hango Christ Church College-ko ohorezko irakasle baitzen. Urte haietan garrantzi handiko sariak jaso zituen: Bollingen saria (1953), National Book Award saria (1956), eta Oxfordeko poesiako katedra (1956-1961).

Vienan hil zen 1973. urtean.

Bibliografia aldatu

Poemak aldatu

  • Poems eta The Orators (1928-1934).
  • Letters from Iceland (1937).
  • Journey to a War (1939).
  • Another Time (1940).
  • The Double Man (1941).
  • For the Time Being (1944).
  • Nones (1951).
  • The Shield of Achilles (1955).
  • Homage to Clio (1960).
  • About the House (1965).
  • City Without Walls and Other Poems (1969).
  • Academic Graffiti (1971).
  • Epistle to a Godson and Other Poems (1972).
  • Thank You, Fog: Last Poems (1974).

Antzezlanak aldatu

  • The Dance of Death (1933).
  • The Dog Beneath the Skin (1935).
  • On the Frontier (1938).

Euskaraz aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Poema hautatuak kronologiaren arabera antolatutako liburua da, poema asko baztertuak dituena. Horietako batzuk oso famatuak ziren, Spain deritzana adibidez, eta arrazoi moralengatik ukatu zuen poetak. Izan ere, berrikuste horren arrazoia estetikoa baino areago, etikoa izan zen; poema batek ezin baititu, Audenen arabera, egilearenak ez diren usteak adierazi, nahiz eta erretorikaren aldetik egokia izan [1]
  2. a b W. H. AUDEN: Poemak Itzultzailea: Juanjo Olasagarre. Susa-literatura.com

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: W. H. Auden