Vittorio Emanuele II galeria

Vittorio Emanuele II galeria Milango gune komertzial famatua da, bi gune famatu (Duomo eta Scala enparantzak) oinezko bide estaliz lotzen dituena. Bertako saltoki dotoreak direla eta, bere inauguraziotik hiriko burgesiaren bilgune izan zen, "Milango egongela" bezala ezaguna izateraino. XIX. mendeko arkitektura ereduetako bat da,[1] munduko merkatalgune modernoen aurrekaria.[2]

Vittorio Emanuele II galeria
Galleria Vittorio Emanuele II
Galleria Vittorio Emanuele II, Milano, veduta dal sagrato del Duomo.jpg
Galleria Vittorio Emanuele II (3528537633).jpg
Kokapena
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Lombardia
Italiako hiri metropolitarra[[d:Special:EntityPage/Q18288155|{{{2}}}
Italiako udalerriMilan
Koordenatuak 45° 27′ 56″ N, 9° 11′ 24″ E / 45.46564°N,9.19°E / 45.46564; 9.19Koordenatuak: 45° 27′ 56″ N, 9° 11′ 24″ E / 45.46564°N,9.19°E / 45.46564; 9.19
Historia eta erabilera
Irekiera1867ko irailaren 13a
Inaugurazioa1867ko irailaren 15a
Jabea Milan
Izenaren jatorria Viktor Emanuel II.a Italiakoa
Erabilera commercial gallery (en) Itzuli
Erabiltzailea TownHouse Galleria (en) Itzuli
Prada
Armani
Versace
Gucci
Louis Vuitton
Arkitektura
Arkitektoa Giuseppe Mengoni (en) Itzuli
Estiloa Renaissance Revival architecture (en) Itzuli
Solairuak 3
Ondarea

KokapenaAldatu

Galeriak bi ardatz ditu, gurutze forman. Ardatz nagusiak Duomo katedralaren enparantza eta La Scala antzokiarena lotzen ditu, eta 196 metro ditu; ardatz txikiak, berriz, Foscolo eta Pellico kaleak, 105 metrotako luzeran.[1]

HistoriaAldatu

 
Galeria 1880an.

Hirian bazeuden lehendik pasabide estaliak: XII. mendean, Bonvesin de la Rivak 60 inguru deskribatzen zituen De magnalibus urbis Mediolani idazlanean. Halere hurrengo mendeetan asko gutxitu ziren; azkenetako bat Coperto dei Figini eraikina izan zen, paradoxikoki Vittorio Emanuele II galeria eraikitzeko lanetan eraitsi zena.[3] Bestalde, Milanen bertan, 1832an Galleria De Cristoforis eraiki zen, Italian burdinez eta beiraz eginiko lehen merkatal galeria.[4]

Duomo eta Scala enparantzak bat egiteko ideia 1839koa da: Carlo Cattaneo intelektualak bota zuen, katedralaren aurrean zegoen espazioak (txikia, irregularra, kale estu eta bihurriz osatua) Duomoa gutxiesten zuelakoan. Eraikina Vittorio Emanuele II erregeari eskaini nahi izan zitzaion, batetik Austriarengandik independentziarekiko poza adierazteko, eta bestetik obran egin behar izango ziren desjabetze-baimenak errazago eskuratzeko. Halere, lehen proiektuek ez zuten pasabide estalirik ikusten, baizik eta arkupedun kale bat. Proiektu asko aurkeztu ziren, eta aukeratu ziren 176ak Brerako Pinakotekan ikusgai izan ziren; Giuseppe Mengoni-renak irabazi zuen.[5]

Galeria 1865-1877 artean eraiki zen, Londresko Burlington Arcade (1819) eta Parisko Galerie Vivienne (1826) galerien ereduari jarraituz.Garai berean beirateko beste galeria komertzial handiak ere egin ziren, hala nola Saint-Hubert Erret Galeriak Bruselan (1847koa), San Petersburgoko "Passage"a (Пассаж, 1848koa), Napoliko Umberto I galeria (1890koa) edo Budapesteko galeria. Milangoak bere garaiko galeriek baino tamaina handiagoa du, eta merkataritza-gune modernoen aurrekari zuzena da, haiei ematen zaien "galeria" izenetik hasita. Burdin egitura hauek Parisko Eiffel dorrea ere inspiratu zuten.

Ireki zenean, garaiko teknologia modernoena erabili zen: gas argiztapena, esate baterako. Oktogonoko lanparak sistema automatiko baten bidez iziotu eta igotzen ziren, eta prozedura ikustea publikoarentzat ia erritual bat bihurtu zen. Erritual hori argiztapen elektrikoarekin batera amaitu zen: 1880ean Gnocchi kafetegian instalatu zen (gaurko Savini), eta 1883an galeria osoan.[3].


XX. mende hasieran "Artisten Galeria" bezala ezagutzen zen, Scala inguruan mugitzen ziren musikarien aisialdi lekua zenez; euskaldunak barne (adibidez Antonio Paoli edo Isidoro Fagoaga); garai horretan Baedeker bidai-gidetan "Vittorio Emanuele II galeria" izenarekin aipatzen hasi zen.[6] Inauguraziotik gutxira galeriak Il salotto di Milano (Milango saloia) ezizena irabazi zuen, hiriko burgesiak hango dendetan eta saltokietan biltzeko zaletasuna hartu zuelako.[3]

 
Galeria, 1943ko abuztuko bonbardaketen ostean

Historian zehar, galeria Milaneko bizitza politiko eta sozialaren nondik norakoen lekuko izan da: 1867an, gazte talde batek Giuseppe Garibaldiren atxiloketaren aurka protestatu zuen, eta bertan poliziarekin istiluak izan zituen.[7] Horrelakoetan kristal asko hautsi ohi ziren; halere Bigarren Mundu Gerrara arteko triskantzarik handiena 1874ko udako txingor ekaitz batek ekarri zuen. 1890ko maiatzaren 1ean ere langileen eta poliziaren arteko liskar handia izan zen; eta 1898ko maiatzeko "Milaneko mutinean" ere bai, non poliziak eta armadak, lan baldintzen eta ogiaren prezioaren kontura protestan ari ziren langileei kanoikadaka erantzun zieten.[3] Lehen Mundu Gerran, galerian mugimendu politiko handia izan zen, interbentzionisten eta neutralisten arteko talkarekin; eta gerra ostean manifestazioen lekua ere bai, faszismoaren sorreran. Bigarren Mundu Gerran, Italiaren parte hartzearekin, aliatuen bonbardaketek kalte handiak eragin zituzten; konponketek luze jo zuten: galeriaren egitura orokorrarena 1955ean amaitu zen, eta lurreko mosaikoena 1967ean.[7]

EzaugarriakAldatu

 
Vittorio Emanuele II galeriaren oktogonoaren kupula.

Eraikina beirazko ganga duten bi arkupez osatua dago, kupula batez estalitako gune oktogonal batean gurutzatzen direnak. Arkuen egitura burdinurtuzkoa da, XIX. mendeko modanko diseinuari jarraiki.

Galerietarako sarrerak:

  • Duomoko enparantzara ematen duenak garaipen arku baten forma eta tamaina du. Haren frontoian, zorutik 32 metrotako altueran, eskaintza idatzia du: "Milandarrek Vittorio Emanuele II.ri".
  • Scalako enparantzara ematen duenak Duomokoaren forma du, baina txikiagoa; galeriaren ardatza ez dago enparantzarekin lerrotua, hori exedra batekin konpontzen delarik.[8]
  • Beste bi besoetan lau eskultura daude zientzia, industria, artea eta nekazaritza irudikatuz.[9]

Barruko fatxadek lau maila dituzte, Lonbardiako errenazimendu estiloko apaingarriekin.[1] Beheko solairuetan 96 merkatal lokal daude. Lehen solairuen mailan loggia bat dago, Italiako 100 herrien ezkutuekin.

Galeriak gurutzatzen diren lekuan, solairuak lau mosaiko handi ditu, Ingalaterra eta Italiako ezkutuekin. Oktogono formako zabalguneak 36 metrotako diametroa du, eta eraikinen lau fatxaden goi aldean zirkulu erdiko erremate bat dute, lau kontinenteren irudi alegorikoekin: Amerika, Asia, Europa eta Afrika.[2] Garai batean Italiako historiako pertsonaien 25 estatua ere bazeuden, baina kontserbazio arazoarengatik XIX. gizaldi amaieran erretiratu ziren.[9]

Dendak, jatetxeak eta hotelakAldatu

XX. mende hasieran, galeriak lau solairu zituen; eta haietan luxuzko dendak (haute couture, bitxiak, liburuak, arte galeriak...), ostalari guneak (jatetxeak, kafetegiak, tabernak...) eta hotel bat zeuden (Town House Galleria, hiriko garestiena). Galerian hiriko saltoki zaharrenak daude, hala nola Campari kafetegia (1867),[10] Cadé harategia (1926), Centenari arte denda (1867), Prada jantzi denda (1913), Bocca liburudenda (1867), Mejana mahai tresneria (1911), Noli tabako denda (1927), Rizzoli liburudenda (1949), Viganó optika (1919), Savini jatetxe sofistikatua (1867)[11] edo Biffi kafetegia, 1867an Paolo Biffi erret gozogileak sortua.[12] Bernasconi zilar-denda edo Zucca taberna modernista. Badira beste era bateko kate famatuak ere (Massimo Dutti, Gucci, Armani), baita fast food erako jatetxeak ere (Autogrill).

Galeria kulturan eta arteanAldatu

Literaturan ezin konta ahalako aipuak egiten zaizkio: Giovanni Verga, Luigi Capuana, Mario Puccini, Giuseppe Marotta, Alberico Sala italiarren idazlanetan, esate baterako; baita Mark Twain, Thomas Hardy atzerritarrenetan ere. Futuristen bilgunea izan zen neurrian, mugimendu horretako zenbait margolanetan ere ikus dezakegu, Carlo Carrá eta Umberto Boccionirenak kasu.[13] Angelo Inganni, Angelo Morbelli eta Antonio Bonamore margolariek ere irudikatu zuten.[3]

Tradizioaren arabera, oktogonoko mosaikoan agertzen den zezenaren gainean oinak ezartzeak zoriona ekartzen duela uste da. Zehatzago esanik: sineskerak zehazten du orpoa zezenaren genitaletan ezarrita, haren inguruan hiru buelta eman behar direla. Jatorriz, erritu hau Torinoko herritarrei adarra jotzeko sortu zen. Egunero ehundaka pertsonen errepikapenak, ordea (batez ere turistak) mosaikoa asko higatzen du eta sarri konpondu behar izaten dute.[7]

ErreferentziakAldatu

  1. a b c Roisecco, Giulio. Jodice, Romano.. (1972-1985). L'Architettura del Ferro. Bulzoni PMC 995180185 . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  2. a b Gresleri, Giuliano.. (1997). La Galleria Vittorio Emanuele e l'architetto Mengoni. La mandragora ISBN 88-86123-53-1 PMC 859941909 . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  3. a b c d e Di Vincenzo, Riccardo.. (2009). Le Gallerie di Milano. U. Hoepli ISBN 978-88-203-4339-2 PMC 695853114 . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  4. (Italieraz) «DE CRISTOFORIS, Giovanni Battista in "Enciclopedia Italiana"» www.treccani.it . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  5. Gioeni, Laura, 1966-. (1995). L'affaire Mengoni : la Piazza Duomo e la Galleria Vittorio Emanuele di Milano : i concorsi, la realizzazione, i restauri. (1. ed. argitaraldia) Guerini ISBN 88-7802-557-7 PMC 34691567 . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  6. Fagoaga, Isidoro de.. (1975). Retablo vasco : Huarte, Ravel, Paoli, Gayarre, Eslava. Editorial La Gran Enciclopedia Vasca ISBN 84-248-0194-6 PMC 2332617 . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  7. a b c Txantiloi:ITALIANO Ogliari, Francesco. (2020-06-01). «Milano e la sua galleria : storia, storie e curiosità del "salotto di Milano" / di Francesco, Giacomo e Rachele Ogliari» opac.sbn.it . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  8. De Stefanis, Lorenzo.. (1999). L'eclettismo. (1. ed. argitaraldia) Nodo libri ISBN 88-7185-081-5 PMC 42911492 . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  9. a b La Galleria di Milano : lo spazio e l'immagine. Skira 2003 ISBN 88-8491-457-4 PMC 55065018 . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  10. (Italieraz) «CAMPARINO IN GALLERIA» Camparino . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  11. (Italieraz) Savini Caffe | Savini Ristorante. . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  12. (Gaztelaniaz) «Galleria Vittorio Emanuele II, Milán» A la carta para dos 2017-10-22 . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.
  13. Txantiloi:ITALIANO Tedeschi, Francesco <1962->. (2020-06-01). «Il Futurismo nelle arti figurative : (dalle origini divisioniste al 1916) / Francesco Tedeschi» opac.sbn.it . Noiz kontsultatua: 2020-06-06.

Kanpo estekakAldatu