Victoria Mallabiabarrena

soprano lirikoa

Victoria Mallabiabarrena Sarasketa (Mallabia, Bizkaia, 1867ko abenduaren 23a[1] - Mallabia, Bizkaia, 1960ko  otsailaren 10a), Madril eta Kubako eszenatokietan abestutako soprano lirikoa izan zen. Gallegosie ezizenagaitik izan zen ezaguna herritarren artean.

Victoria Mallabiabarrena
Bizitza
Jaiotza Mallabia1867ko abenduaren 23a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Mallabia1960ko otsailaren 10a (92 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerak soprano lirikoa
Izengoitia(k) Gallegosie

BiografiaAldatu

Mallabiko Areitio auzoko Garai baserrian jaio zen, eta Pedro Mallabiabarrena Amezti eta Francisca Sarasketa Mallagaraik izandako 9 seme-alabetatik bosgarrena izango zen bera.[2] Gaztea zela, Berrizko Mesedeetako moja-komentuan erlijiorako bidea hartu zuen, baina lotura hori bere gustukoa izan ez eta, hogeitabi urterekin, Madril aldera abiatzeko ausardia izan zuen.[3] Mojatzatik irten, kapitalera alde… erabaki batere ez ohikoak sasoi hartako emakume batentzako.[4]

IbilbideaAldatu

Berrizko komentuan esnatutako kantu-zaletasuna lagun, Madrilen musikarako bidea hartu zuen, bere soprano liriko abotsa formatzeko kantu-eskolak jasoz. Ogibide gisa, ostera, solfeoa erakusten zuen berak.

Madrilen bertan ezagutu zuen gerora bere senarra izango zen galiziarra: Antonio García Món, jaiotzaz Lugoko Vivero herrikoa, antzerki enpresarioa zena Kuban. Hau, Abadiñoko lagun batekin batera, Madrilera gazte talentuen bila etorri, Victoria ezagutu eta elkar maitemindu ziren. Madrilen ezkondu ostean, Habanara abiatu ziren, luzaroan biziz bertan. Victoriak kapital bien artean garatu zuen bere lanbidea. Gustatzen zitzaion jendaurrean azaltzea eta eszenatokirako itxura zaintzea: orduko modaren estilora lurrera arteko gonak, bururako kapelak, oinetakoak… dotore eta xehetasun ugariz beti.[4]

Azken urteakAldatu

Zahartzaroak eta lasaitasun premiak itsasoz beste aldeko Mallabira erakarri zituen andre-gizonak, emaztearen jaiotetxera. Hara ailegatu ziren estima handitan zuten kulunkaulkia eta baita pianoa ere; egurrezko lau kutxa handi eta maleta pilo amaigabekoan gero, sopranoak bere musika-funtzioetan erabilitako jantzi, kapela eta enparauok. Victoriak berarekin ekarri zituen ere atzoskolak gorri-gorri margotzeko eta tabakoa erretzeko ohiturak, pentsa ezinekoak orduko bere herriko emakumeen artean. Gallegosie gaitzizenetik ezagutuko zuten herrian, gizonaren jaioterriari erreparatuta, baina soilik emazteari egokitutako ezizenetik.[3][4]

Seme-alaba eza, besoetan hartutako iloba zerrenda luzearekin orekatu zuen bikoteak: bataiatzera eramandako jaioberriei, bion izena jartzea zuten gustuko eta euren inguruan ugarituz joan ziren Victoria eta Antonio deiturikoak.

Etxe ondoko zuhaitzen gerizpean, eseri kulunkaulkian eta kantuan ekinaldi luzeak egiten zituen Victoriak, atzera eta aurrera eraginez, klin-klon eta klin-klon. “Si Adelita se fuera con otro”[5] kantatzen zuen sarritan, itsasoz beste aldeko lur estimatuak oroimenera ekarri guran-edo. Adinean aurrera joanda ere, ahotsa fresko mantentzen zuen eta zahartuta ezagutu zutenek, bere abestu beharra eta bozaren edertasuna gogoratzen dute. Pianoa zain izaten zuen gela bazterrean, traputxo dotorez estalia eta huraxe jotzearekin tartekatzen zituen kantaldiok.[4]  

Zaldiz tiratutako tribuliarekin, sasoiko zalgurdiarekin jaisten ziren Eibar edo Ermura; gerora, epokako auto berde bat jiratu zuten eta txofer bat gidari lanetarako. Dotorezia horiekin batera, etxe kontran ortua eta oilotxo batzuk zituzten, landan ardiak, kortan txahal eta guztiko behia...

 
Mallabiko kanposantuan, Victoria Mallabiabarrena hilobiratuta dagoen panteoia.

Bere bizitzan zehar egoera zibil guztiak izandako abeslari hau (ezkongabea, moja, ezkondua eta alarguna izan zen-eta), Mallabian hil zen 1960ko otsailaren 10ean. Herriko kanposantuan dago hobiratuta, García Món senar-emazteen panteoian, gizona eta pare bat ilobekin batera.[4]

ErreferentziakAldatu

  1. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org Noiz kontsultatua: 2021-03-26.
  2. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org Noiz kontsultatua: 2021-03-29.
  3. a b Aranberri, Fernando. (2001). Ermua-Eitzaga leku-izenak: gure izanaren barrena. Euskaltzaindia, 271-272 or. ISBN 84-95438-04-6..
  4. a b c d e Elkartea, Euskal Birusa. (2018-03-20). «Drogetenitturri, 265. alea (2018ko martxoa) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS Noiz kontsultatua: 2021-03-26.
  5. Carmen Sevilla - Si adelita se fuera con otro. Noiz kontsultatua: 2021-03-26.