Vicente Enrique Tarancón
Vicente Enrique y Tarancón (Borriana, Castelló, 1907ko maiatzaren 14a - Vila Real, Valentzia, 1994ko azaroaren 28a) espainiar kardinala izan zen.
Biografia
aldatuIkasketak Tortosan eta Valentziako Eliza Unibertsitatean egin zituen. 1929an egin zen apaiz, eta 1931n Madrila joan zen. Acción Católicako propagandaren betekizuna zuen apaiz-taldeko kide egin zen.
1945ean Solsonako apezpiku izendatu zuten. 1964an Oviedoko apezpiku-egoitzara joan zen. 1969an Toledoko artzapezpiku izendatu zuten, eta, urte horretan bertan, Paulo VI.a Aita Santuak kardinal izendatu zuen. 1971n administratzaile apostoliko kargua eman zioten, eta, ondoren, Madril-Alcaláko apezpiku-kargua. Espainiako Apezpiku Biltzarreko lehendakari izan zen 1981. urtera arte. Kargu horretan zela, estatuaren aginpidearekiko elizaren independentziaren alde agertu zen.
Garrantzizko lana egin zuen frankismotik demokraziarako trantsizio-aldian. Horrez gainera, lan handia egin zuen irakaskuntzan, eta horren erakusle dira egin zituen idatziak: La renovación total en la vida cristiana (1954), Los seglares en la Iglesia (1958), Sucesores de los apóstoles (1960), La parroquia, hoy (1961), La Iglesia en el mundo de hoy (1965), El sacerdocio a la luz del concilio Vaticano II (1966), La crisis de fe en el mundo actual (1968) eta Liturgia y lengua del pueblo (1970). Espainiako Errege Akademiako (Real Academia Española) kide izan zen, 1969. urteaz geroztik.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.