San Petri basilika

Vatikanoko harpeak» orritik birbideratua)

San Petri basilika edo San Petri Vatikanokoa (latinez: Basilica Sancti Petri, italieraz: Basilica di San Pietro in Vaticano) Vatikano Hiriko eraikin garrantzitsuena da, aita santuak elizkizun garrantzitsuenak ospatzeko darabilen eliza. Katolikoentzat, eraikin erlijioso garrantzitsuena da munduan, bai tamainagatik (munduko eliza handiena 2,3 hektarearekin, 193 metro luze eta 44,5 metro garai), bai bere esanahiagatik ere, tradizioaren arabera bertan lurperatua baitago Petri apostolua. Bere kupulak ematen dion garaieraren ondorioz, bere irudiak Erromako zerumarra menderatzen du.

San Petri basilika
Basilica Sancti Petri
Basilica di San Pietro
Erromako zazpi elizen erromesaldia
Basilica di San Pietro in Vaticano September 2015-1a.jpg
Basilica di San Pietro (notte).jpg eta Petersdom bei Nacht Via della Conciliazione in Rome.jpg
SanPietroInterno-SteO153.jpg
StPetersplan OttoLeuger1904.jpg
Kokapena
Estatu burujabe Vatikano Hiria
Koordenatuak 41° 54′ 08″ N, 12° 27′ 12″ E / 41.90219°N,12.45331°E / 41.90219; 12.45331Koordenatuak: 41° 54′ 08″ N, 12° 27′ 12″ E / 41.90219°N,12.45331°E / 41.90219; 12.45331
Historia eta erabilera
Eraikuntzaren hasiera 1506ko apirilaren 18a
Eskaintzea 1626ko azaroaren 18a
Izenaren jatorria Petri
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa
Elizbarrutia Erromako elizbarrutia
Izena Petri
Arkitektura
Arkitektoa Michelangelo
Giuliano da Sangallo
Donato Bramante
Rafael
Fra Giovanni Giocondo
Antonio da Sangallo (Gaztea)
Baldassare Tommaso Peruzzi
Bernardo Rossellino
Giacomo della Porta
Jacopo Barozzi
Pirro Ligorio
Carlo Maderno
Gian Lorenzo Bernini
Materiala(k) zementua eta haitzurdina
Estiloa pizkundetar arkitektura
Arkitektura barrokoa
Dimentsioak 136,6 (altuera) × 150 (zabalera) × 220 (luzera) m
Gizateriaren ondarea
Irizpidea (i), (ii), (iv) eta (vi)
Eskualdea[I] Europa eta Ipar Amerika
Izen-ematea 1984 (VIII. bilkura)
286
Bisitariak urtean 11.000.000
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Gizateriaren Ondare izendatua, basilika bere garaiko arkitektura-sorkuntzarik handientzat jotzen da eta munduko monumentu bisitatuenetakoa da. Egungo eraikina, Konstantinoren antzinako basilikaren gainean oinarritua, 1506ko apirilaren 18an hasi zen eraikitzen, Julio II.a aita santuaren aginduz, eta 1626ko azaroaren 18an amaitu. Bertan, historiako arkitekto ospetsuenetako batzuk aritu ziren lanean, hala nola Bramante, Michelangelo, Maderno edo Bernini.

Nahiz eta askok hala uste izan, San Petri ez da Erromako katedrala, San Joan Laterangoa baita[1]. Hala ere, San Petri basilika Erromako lau basilika nagusietako bat da. Besteak, San Joan Laterangoa artxibasilika, Santa Maria Nagusia basilika eta San Paulo Harresiz Kanpokoa basilika dira[2].

EstatusaAldatu

 
Basilikaren ikuspegi orokorra kupularekin.

San Petri basilika ez da Aita Santuaren egoitza ofiziala, ezta Erromako lehen basilika ere, ohore hau San Joan Laterangoak baitu. Vatikano Hiriko parrokia ere ez da, gaur egun Cappella Paolina baita funtzio hori duena. Hala ere, Aita Santuaren eliza nagusia da, bertan egiten baitira ospakizun nagusi gehienak, bere tamaina handia baita eta Aita Santuaren egoitzatik gertu baitago, Vatikano Hiriaren barnean.

San Petriren Aulkia, ustez, San Petrik erabili zuen antzinako aulki bat da, baina, benetan, Karlos Burusoilaren opari bat izan zen, eta zenbait aita santuk erabili zuten. Absidean goratua kokatua dago, brontzezko erlikia-ontzi batean, Elizaren doktoreen irudiek eusten diote, eta Espiritu Santua irudikatzen duen beirate batek argiztatzen du.

Pio IX.aren aitasantutzan, basilikak Vatikanoko I. kontzilioa ostatatu zuen eta Joan XXIII.aren eta Paulo VI.arenean Vatikanoko II. kontzilioa.

HistoriaAldatu

San Petri basilika mende askotako lanaren emaitza da. San Petri hil eta hilobiratu zuten lekuan egindako lehen oroigarritik hasi eta gaur arte aldaketa ikaragarriak izan ditu. Egungo basilika Julio II.aren garaian hasi ziren egiten, 1506ko apirilaren 18an. 1526an amaitu zen, Paulo V.aren agintaldian, eta aita santu horren izena dago basilikaren sarreran idatzita. Garaiko artista asko aritu ziren lanean hor, besteak beste Bramante, Rafael, Michelangelo, Giacomo della Porta, Gianlorenzo Bernini eta Carlo Maderno.

San Petriren hilobiaAldatu

"Apostoluen Eginak" Bibliako liburuan ageri denez, Jesusen gurutziltzaketa eta berpiztearen ondoren, I. mendearen bigarren laurdenean, hamabi dizipuluetako batek, Simon Petrik, Galileako arrantzaleak, jarraitzaileen artean halako buruzagitza betetzen zuen eta Eliza kristauaren sorreran garrantzi handia izan.

Simon Petri, hogeita hamar urte inguruko ministerio baten ondoren, Erromara joan zen. 64an, Neron enperadorearen erregealdian, kristauak izendatu zituzten Erromako Sute Handiaren arduradunak eta, horren ondorioz, Petri martirizatua izan zen, beste kristau asko bezala. Buruz behera gurutziltzatua izan zen, berak hala eskatuta, Kristo hil zen bezala hiltzea merezi ez zuela uste zuelako. Gurutziltzaketa, Neronen Zirkuaren mutur batean zegoen egiptoar obeliskotik gertu izan zen. Obelisko hau, Kaligulak Heliopolisetik ekarria izan zen K.a. 37an[3]. Gaur egun San Petriren plazan dago eta apostoluaren heriotzaren "lekuko" bezala gurtzen da. Erroman dauden antzinako Egiptoko obelisko ugarietako bat da[4].

 
San Petriren hilobia Vatikanoko harpeetatik ikusia.

Tradizioaren arabera, Petriren hondakinak Zirkuaren kanpoaldean lurperatu zituzten, Vatikanoko muinoan, zirkutik abiatzen zen Via Cornelia bidetik aurrera eginez, hil zen tokitik 150 metro baino gutxiagora. Petriren hilobia, harkaitz gorri batez markatua zegoen, bere izenaren ikurra zena, kristauei identifikatzeko balio ziena eta, aldi berean, kristau ez zirenentzat zentzurik ez zuena, balizko errepresaliak saihesteko. Urte batzuk geroago, leku horretan santutegi xume bat eraiki zuten eta, ia 300 urte geroago, antzinako San Petri basilika[3].

1939an, Pio XII.aren garaian, 10 urteko iraun zituen ikerketa arkeologiko bat egin zen basilikako kriptan, IX. mendetik eskuraezin mantentzen zena. Izan ere, Vatikano Hiriaren eremua hilerri bat izan zen Neronen Zirkua eraiki baino lehenago. Gainera, han lurperatzen ziren zirkuko exekuzioen biktimak, baita apostoluaren ondoan lurperatuak izatea erabaki zuten kristau ugari ere. Indusketek Gregorio I.aren (590-604), Kalisto II.aren (1123), Klemente VIII.aren (1594) garaietan existitu ziren santutegien hondakinak erakutsi zituzten lurzoru-maila ezberdinetan. Eraikin guztiak edikulu baten gainean eraikiak zeuden, non hezur zatiak zituen purpuraz tindatutako oihal batean bilduta urrezko apaingarriekin. Hezurrak Petrirenak zirenik ziurtasunez zehazterik izan ez zen arren, jantziek garrantzi handiko ehorzketa iradokitzen zuten. 1950eko abenduaren 23an iragarri zuen Pio XII.ak San Petri apostoluaren hilobiaren aurkikuntza[5].

Antzinako basilikaAldatu

 
Zirkuaren, San Petri basilika zaharraren eta berriaren kokapen interpretazioa.

Antzinako basilika Petriren hilobia zegoen lekuan eraiki zen, Neronen Zirkutik ez urrun. Konstantino enperadoreak agindu zituen lehen basilika eraikitzeko lanak, Silvestre I.a aita santuaren kontura, 326 eta 330 artean hasi eta 30 urte geroago amaitu zirenak. Eliza honetako aldare nagusiaren aurrean enperadore asko koroatuak izan ziren, Karlomagno kasu, Leon III.a aita santuak koroa inperiala ezarri ziona 800eko Eguberri egunean[6][7].

BerreraikuntzaAldatu

XV. mendearen amaieran, Avignongo aitasantutzaren ondoren, basilika paleokristaua nahiko hondatuta zegoen eta erortzeko zorian. Berreraikitzea edo, gutxienez, eraldatze sakona pentsatu zuen lehen aita santua Nikolas V.a izan zen 1452an. Leon Battista Alberti eta Bernardo Rossellino arkitektoei eskatu zien eraikin zaharreko lanak eta azken hau arduratu zen aldaketa garrantzitsuenak egitea. Bere proiektuan, Rossellinok gangaz estalitako bost naberen luzetarako gorputza mantendu zuen, eta transeptua berritu zuen abside zabalago bat eraikiz zeinari korua gehitu zion. Gurutzaduraren eta absidearen arteko elkargune berri hau ganga batekin estaliko zen. Rossellinok asmatutako konfigurazio horrek eragina izan zuen Bramanteren ondorengo proiektuan. Lanak, hiru urte geroago eten ziren, aita santua hil zenean, hormak lurretik metro bat garai baino ez zirenean.

Bramanteren proiektuaAldatu

Julio II.ak Nikolas V.ak hasitako lanekin jarraitzea erabaki zuen hasiera batean, baina 1505ean basilika berri bat ex-novo eraikitzea erabaki zuen, Pizkunde estetika berriarekin bat zetorrena. Gaur egungo eraikina 1506ko apirilaren 18an hasi ziren eraikitzen. Julio II.ak berak data hau aukeratu zuen lanak hasteko bere astrologoen aholkuz, zeinek aurretik bere aginduz kalkuluak egin zituztenak.

Proiektua Milanetik pixka bat lehenago iritsitako Donato d'Angelo Bramante arkitektoari agindu zioten, aita santuaren konfiantza lortu baitzuen aurreko arkitektoa zen Giuliano da Sangalloren ordez. Cortile del Belvedere egiteaz ere arduratu zen. Proiektuan, gurutze grekoko oinplanoa zuen eraikin bat zegoen, karratu batean inskribatua eta bost kupulaz estalia, erdikoa handiena eta lau zutabe handitan zedarritua, San Marko basilikan inspiratua baina Pizkundeko ohiko oinplano zentralizatuaren adibide argi bat zena[8]. Erdiko kupula, Agriparen Panteoian inspiratua, gurutzaduraren gainean zegoen, eta gainontzekoak angeluetan. Ideia hau islatuta geratu zen domina batean, 1506ko apirilaren 18an tenpluaren lehen harria jarri zela ospatzeko Caradossok egina. Eliza eraikitzeko, Francesco di Giorgio, Filarete eta, batez ere, Leonardo da Vinciren ikerketa teorikoen aplikazioa ere garrantzitsua izan zen, oinplano zentralizatua duten elizentzat, zeinak Florentziako katedraleko oinplano oktogonalean inspiratuta dauden argi eta garbi.

Basilika paleokristaua eraistearekin batera hasi ziren lanak, eta hori oso kritikatua izan zen Elizaren barruan eta kanpoan, hala nola Erasmo Rotterdamgoak edo Michelangelok, zeinak basilika zaharreko zutabeen suntsitu izana kritikatu baitzuen[9]. Gainera, eskandalu horiei gehitu behar zaie basilika eraikitzeko induljentzien salmenta, garrantzitsua izan zutena Martin Luteroren Erreforma Protestantearen sorreran, 1510eko amaieran Erromara egindako bidaian ikusi baitzituen lanak eta horretan oinarrituta idatzi baitzituen "Laurogeita hamabost Tesiak". Honekin guztiarekin, Bramantek ezin izan zuen obra gehiegi aurreratzen ikusi, 1514an hil baitzen, erdiko kupula handia eutsi behar zuten lau zutabe handiak baino ez baitzen eraiki.

Rafaelen proiektuaAldatu

1514tik Raffaello Sanzio hartu zuen lanen zuzendaritza, fra Giovanni Giocondo eta Antonio da Sangallo Gaztearekin batera, zeinak lanekin jarraitu zuen Rafael 1520an hil ondoren, Baldassarre Peruzzirekin batera. Guztiek Bramanteren ideia aldatu zuten, latindar gurutzeko oinplano basilikal tradizionalean oinarritzen ziren diseinuak aukeratuz, hiru nabeko luzetarako gorputz batekin[8]. Sangallok, 1546an, zurezko eredu garesti bat aurkeztu zuen, gaur egun basilikan gordeta dagoena, non aurretik sortutako ideia guztiak laburbiltzen zituen. Peruzzik bururatutako oinplano zentralizatua defendatu zuen, Bramantek asmatutakoa baino kupula handiago batez estalia eta danbor bikoitz erraldoi batekin azkendua, multzoa alboko bi kanpandorre garairekin.

Michelangeloren proiektuaAldatu

1546an Sangallo hil ondoren, Paulo III.ak lanen zuzendaritza Michelangelo Buonarroti arkitekto eta artistaren esku utzi zuen, zeinak Bramanteren ideiaren berriz heldu zion greziar gurutzeko oinplanoa egiteko. Bramanteren jatorrizko diseinuak zuzendu beharreko egitura-arazoak zituen. Michelangeloren zuzendaritzapean absideko hormak altxatu ziren, sekulako handitasunezkoak. Hala ere, jeinuaren ekarpenik garrantzitsuena aldare nagusiaren gainean dagoen kupula handia da. Nahiz eta oso astuna izan, airean zintzilik dagoela dirudi[10]. Michelangelo hil eta hogeita lau urtera, Domenico Fontana eta Giacomo della Portaren behin betiko diseinuaren arabera amaitu zen kupula, maisuaren egitasmoa aldatu gabe ia[11]. Kupularen barnealdeko mosaikoak Giuseppe Cesarirenak dira, eta santuen hierarkia irudikatzen dituzte zeruko lorian, erdialdeko lanternan Jainko Aita irudikatua dagoelarik.

Lanen amaieraAldatu

Basilikaren egungo konfigurazioa, latindar gurutze formakoa, Carlo Maderno arkitektoak egin zuen, zeinak Paulo V.aren garaian hiru hormarte gehitu zituen eta fatxada nagusia proiektatu, balkoi luzez osatua eta zutabe erraldoiek zeharkatua. 1626an amaitutzat jo zen, eta hotsandiko elizkizunean sagaratu zuen Urbano VIII.ak, oraindik amaitzeko xehetasun asko geratzen ziren arren.

Alexandro VII.ak hala eskatuta, Gian Lorenzo Berninik San Petri plaza erraldoia eta inguratzen duen kolomadia proiektatu zituen. Bere gainean eta plazaren perimetro osoan, garai eta toki guztietako santuen estatua ugari ikusten dira. Basilikaren fatxadaren gainean 13 Estatua daude, apostoluena (San Petri izan ezik), San Joan Bataiatzailearena eta, erdian, Kristorena. Berninik, Madernoren fatxada osatu behar zuten kanpandorreetarako diseinua egiteaz ere arduratu zen. Berniniren zuzendaritzapean 1638 eta 1641 bitartean osatutako dorre bakarra, altxatu eta gutxira, eraitsi behar izan zen, egituraren ezegonkortasun gabearen zantzu nabariengatik.

Fatxadaren bi aldeetan dauden erlojuak XVIII. mendearen amaieran ezarri ziren, Giuseppe Valadier arkitekto eta bitxigileak eginak.

Bernini tenpluaren barne apainduraren zati handi batez ere arduratu zen. Lanik nabarmenena baldakino ikusgarria da, brontze trinkozkoa, basilikaren aldare nagusiaren gainean dagoena. Baldakinoaren eraikuntzan erabilitako brontzea, Erromako Agriparen Panteoiko kupulako kasetoietatik aterea izan zen. Ekintza horrek esaldi bati bide eman zion Erroman: "Quod non fecerunt barbari, fecerunt Barberini", latinezko esamoldea, "Barbaroek egin ez zutena, Barberinitarrek egin zuten" hau da, barbaroek arpilatu ez zutena, Barberini familiakoek arpilatu zutela, Urbano VIII.a aita santua barne. Bolutadun lau zutabe salomonikoz osatuta dago, eta landare-dekorazioa, aingeruak eta oihal simulatuak ditu; alde guztietatik agertzen dira erleak, Barberinitarren ikur heraldikoa, aita santuaren familiarena.

Berninik, gainera, abside barneko dekorazioan parte hartu zuen, loria distiratsu baten itxura emanez okulu baten inguruan Espiritu Santuaren usoarekin, azpian San Petriren Aulkia zuen erlikia-ontzi bat jarriz, Elizako Gurasoen brontzezko eskultura erraldoiek eusten zutena. Kupularen zutabeen dekorazioa ere bururatu zuen, basilikako erlikiarik izendatuenak gordetzen dituzten nitxoak moldatuz; bere zuzendaritzapean lau eskultura monumental jarri ziren, Santa Helena, San Andres, Santa Veronika eta San Longinus irudikatuz, azken eskultura egiteaz bera arduratu zelarik.

Artista ugarik parte hartu zuten artelanak egiteko, baina ezagunena Pietà da, Michelangeloren gaztaroko lana, baina egin zuen lanik garrantzitsuenetako bat, eskuineko lehen kaperan gurtua.

EzaugarriakAldatu

San Petri basilika munduko eraikinik handienetakoa da. 218 metro luze[12] eta 136 metro garai da kupularaino; eta guztira 23.000 m2 luze-zabal da. Eraikina alboko eraikin birekin lotua dago: Jauregi Apostolikoarekin korridore batekin Scala Regia ondoan eta sakristiarekin bi korridorerekin. Pasabide goratu hauek Michelangelok asmatu zituen, basilikaren perimetroa eteten ez duelarik. Kanpoaldea trabertinoz eraikia dago eta ordena erraldoia erabiltzeagatik bereizten da. Konfigurazio hau ere Michelangeloren ideia da eta Carlo Madernok erantsitako luzetarako gorputzean mantendu zen.

 
Basilikaren oinplanoa (zenbakiak artelan nabarmenenak dira).

Basilikaren barnealdeak 45 aldare eta 11 kapera ditu, oso balio handiko artelanak gordetzen dituztenak, horien artean antzinako basilikako batzuk, San Petriren brontzezko estatua kasu (89 zenbakia), Arnolfo di Cambio eskultoreari egozten zaiona.

KanpoaldeaAldatu

Basilikaren kanpoko hormak, fatxada nagusia izan ezik, pilastraz bereizitako azalera lauez osatuak daude. Lehen gorputzean horma-hobi handiak daude, eta horietan santu handien eskulturak daude, Joan Paulo II.ak ezarriak gure garaiko sortzaileak eta santuak oroitzeko. Horien gainean daude tenpluaren barrualdea argiztatzen duten leiho handiak. Taulamenduaren gainean beste leiho txikiago batzuk ere badaude. Hauek dira kanpoaldean dauden santu hauetako batzuk: Santa Maria Josefa Jesusen Bihotzarena[13] euskal santua (Gasteiz, 1842 - Bilbo, 1912), Santa Teresa Andeetakoa[14], Santa Teresa Jesusena Jornet[15], San Josemaría Escrivá[16], Santa Brigida Suediakoa, Katalina Sienakoa, San Gregorio I. Iluminatzailea[17], San Martzelino Champagnat[18] eta San Maron (basilikan libre gelditzen zen azken nitxoan ezarria)[19]

Basilikaren fatxada nagusiak 115 metro zabal eta 46 metro garai da[20]. Carlo Maderno arkitektoak eraiki zuen 1607 eta 1614 artean. Zutabe erraldoien bidez artikulatzen da, beraien barnean hartuz sarrera nagusia eta "bedeinkapenen balkoia", nondik fededunei aita santu berriaren aukeraketa iragartzen zaien edo Urbi et orbi bedeinkapena ematen den. Balkoiaren atzean areto handi bat dago, "Bedeinkapenen gela" izenekoa, aita santuak audientzietarako eta beste ekitaldi batzuetarako erabiltzen duena. Jarraian, Ambrogio Buonvicinoren goi-erliebe bat dago, 1614an egina, "San Petriri giltzak ematen" izenekoa. Erdiko frontoiaren azpian dagoen taulamenduan, inskripzio hau dago irarria:

« IN HONOREM PRINCIPIS APOST PAVLVS V BVRGHESIVS ROMANVS PONT MAX AN MDCXII PONT VII
Paulo V.a Borghese apostoluaren printzearen ohorez, Aita Santua 1612 urtea aitasuntualdiaren 7.a.
»

Fatxada nagusiaren aurretik, San Petri[21] eta San Pauloren[22] bi estatua daude, 1847an Giuseppe De Fabrisek eta Adamo Tadolinik zizelkatuak hurrenez hurren, 1461ean Paolo Tacconek eta Mino del Reamek eginiko aurreko batzuk ordezkatzeko. Fatxadaren goialdean atikoa dago, non pilastrekin apainduta dauden zortzi leiho irekitzen diren. Atikoa koroatuz 5,7 metroko 13 estatua dituen balaustrada bat dago: erdian Kristo Berreroslea, eskuinean Joan Bataiatzailea eta bi aldeetan hamabi apostoluetatik hamaika, San Petri izan ezik. Eskulturak hauek dira, ezkerretik eskuinera: Judas Tadeo, Mateo, Filipe, Tomas, Jakue Nagusia, Joan Bataiatzailea, Kristo Berreroslea, Andres, Joan Ebanjelaria, Jakue Txikia, Bartolome, Simon eta Matias. Alde bakoitzean Giuseppe Valadierrek 1785ean egindako bi erlojuak daude. Ezkerreko erlojuaren azpian basilikako kanpaiak daude. 2000ko jubileuan zaharberritu zuten fatxada.

Eliz atariaAldatu

Eliz ataria[23] tenpluko fatxadan eta ateetan irekitzen diren bost arkuen artean dago. Sarreraren bi alboetan zaldizko estatua bana ditu: ezkerrean Karlomagno (2 zk.), Agostino Cornacchiniren lana 1725ekoa, eta eskuinean Konstantino (8 zk.), Berniniren lana 1670ekoa, jauregi apostolikoaren sarreran kokatua. Ganga, Martino Ferraboscoren diseinuarekin apaindua dago, baina Ambrogio Buonvicinok egina, eta hogeita hamabi aita santuren eskulturak hartzen ditu, San Petriren bizitzako pasarteak irudikatzen dituzten erliebeak dituzten luneten alboetan daudenak.

Basilikaren sarrera nagusiaren gaineko horman, La Navicella izeneko mosaikoaren zati bat dago, Giottok egina basilika zaharrarentzako (XIII. mendean), 1674an jarri zena oraingo lekuan (1 zk.).

Eliz ataritik basilikara sartzeko bost ate daude, ezkerretik eskuinera: "Heriotzaren Atea", "Ongiaren eta Gaizkiaren Atea", "Filareteren Atea", "Sakramentuen Atea" eta "Ate Santua".

Erdiko nabeaAldatu

 
Erdiko nabea.

Barruko espazioa hiru nabetan banatuta dago, zutabe handien bidez banatuta. Erdiko nabea 187 m luze eta 45 m garai da, eta kanoi-ganga handi batek estaltzen du[24] . 1962 eta 1965 artean, nabe honek Vatikanoko II. kontzilioaren saioak hartu zituen.

Nabarmentzekoa da marmolezko zoruaren diseinu berezia, antzinako basilikaren elementuak dituena, egiptoar porfiro gorriko diskoa kasu, non Karlomagno belaunikatu zen bere koroatze egunean. Nabeak hamar mila metro karratuko mosaiko azalera du, artista askoren lanaren emaitza, batez ere XVII. eta XVIII. mendeetakoak, hala nola Pietro da Cortona, Giovanni De Vecchi, Cavalier d'Arpino eta Francesco Trevisani.

Arkuetan bertuteen estatuak daude[24]. Ezkerreko zutabeetan, atetik hasita, elizako autoritatea, jainkozko justizia, birjintasuna, obedientzia, umiltasuna, pazientzia, justizia eta sendotasuna daude. Eskuinekoetan, aldaretik hasita, karitatea, fedea, errugabetasuna, bakea, bihozberatasuna, konstantzia, errukia eta indarra.

Zutabeetan horma-hobi batzuk irekitzen dira, non 39 fundatzaile santuren eskulturak dauden. Eskuinekoetan honako estatuak daude: Santa Teresa Ávilakoa (93 zk., 1754), Santa Magdalena Sofia Barat (93 zk., 1934), San Bizente Paul (92 zk., 1754), San Joan Eudes (92, 1932), San Felipe Neri (91 zk., 1737), San Joan Baraiatzailea La Salle (91 zk., 1904), San Petriren brontzezko Estatua zaharra (89 zk., 1300) eta San Joan Bosco (90 zk., 1936). Eta ezkerrekoetan honakoak: San Petri Alcántarakoa (72 zk., 1713),​ Santa Luzia Filippini (72 zk., 1949), San Kamilo Lellis (73 zk., 1753), San Luis Maria Grignion de Montfort (73 zk., 1948), San Ignazio Loiolakoa (74 zk., 1733), San Antonio Maria Zaccaria (74 zk., 1909), San Frantzisko Paolakoa (75 zk., 1732) eta San Petri Fourier (75 zk., 1899).

Nabearen perimetroan, gangaren azpiko taulamenduan, bi metro garaiko letrekin, idazkun hau agertzen da:

« QVODCVMQVE LIGAVERIS SUPER TERRAM, ERIT LIGATVM ET IN COELIS, ET QVODCVMQVE SOLVERIS SVPER TERRAM, ERIT SOLVTVM ET IN COELIS • EGO ROGAVI PRO TE, O PETRE VT NON DEFICIAT FIDES TVA, ET TV ALIQVANDO CONVERSVS, CONFIRMA FRATRES TVOS
Zuk mundu honetan lotua, zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askaturik geldituko da. • Otoitz egin dut zure alde, sinesmena gal ez dezazun, eta zu niregana bihurtzean, sendo itzazu senideak
»

Mateo 16:19Lukas 22:32


Eskuineko nabeaAldatu

Epistolaren nabea da eskuinekoa. Lehenengo kaperan Michelangeloren Pietà dago (9 zk.). Nabean aurrera eginez, bi hil monumentu daude: Leon XII.arena (10 zk.), Giuseppe de Fabrisek egina, eta Kristina Suediako erreginarena (11 zk.), Carlo Fontanarena.

Jarraian, San Sebastian kapera dago (13 zk.), santuaren martirioaren mosaiko handi bat buru duena, Pier Paolo Cristofarik egina Domenichinoren margolan batean oinarritua; sabaia, Pietro da Cortonaren mosaikoekin apaindua dago. Aldarearen azpian, 2011n dohatsutu zenetik, San Joan Paulo II.aren gorpuzkiak daude, honako idazkuna duen marmolezko lauzaren atzean: «SANCTVS IOANNES PAVLVS PP. II». Kapera honetan ere aurkitzen dira Pio XI.aren (12 zk.) eta Pio XII.aren (14 zk.) hil monumentuak, XX. mendean eginak.

Jarraian, Inozentzio XII.aren monumentua dago (15 zk.), Filippo Della Vallek egina 1746an, eta Matilde Canossarena (16 zk.), Gian Lorenzo Berninik eguna 1633an. Hurrengoa Sakramentu Santuaren Kapera da (17 zk.), Francesco Borrominik diseinatutako ate batek babestua. Kapera honetan Sakramentu Santua gordetzen da. Aldarean gailen den brontzez eta lapis lazuliz eginiko ziborioaren ondoan, bi aingeru gurtzaile daude, eta olio lanpara handi batzuk etengabe sutan. Kapera Carlo Madernok diseinatu zuen, egungo basilika antzinakoaren gorputzarekin lotzeko. Basilikaren gorputza baino sabai beheragoa izateagatik bereizten da, eta, beraz, estalkiaren garaiera ezberdina ezkutatzen duen teilatupe batekin ixten da. Bi monumentu ditu: Gregorio XIII.arena (18 zk.), Camillo Rusconik egina 1723an, eta Gregorio XIV.arena (19 zk.). Hortik aurrera hasten da kupula inguruan dagoen deanbulatorioa.

Ezkerreko nabeaAldatu

Ebanjelioaren nabea da ezkerrekoa. Lehenengo kapera "Bataioaren kapera" da (71 zk.), Carlo Fontanak diseinatua eta gerora Francesco Trevisanik egindako Baciccioren mosaikoekin apaindua. Aldarearen atzean dagoen mosaikoak Carlo Marattaren pintura bat imitatzen du, Santa Maria degli Angeli e dei Martiri basilika dagoena.

Kapera honen ondoren, bi hil monumentu daude, Clementina Sobieskiren hilobia (70 zk.), Pietro Braccik egina 1742an, eta Estuardo etxearena (69 zk.), Antonio Canovak egina 1829an, Jakue III.a erregearen eta bere seme Karlos Eduardo Estuardoren eta Henrike Benedikto Estuardo kardinalaren hilobiekin. Jarraian, "Aurkezpenaren kapera" dago (67 zk.), zeinaren aldarean San Pio X.aren gorputza dagoen, bere hormetan Joan XXIII.aren (66 zk.) eta Benedikto XV.aren (68 zk.) monumentuak daude, XX. mendean eginak. Jarraian, Pio X.aren monumentua dago (65 zk.), 1923koa, eta Inozentzio VIII.aren hilobia (64 zk.), Antonio Pollaiuolok XV. mendean egina.

Azkenik, Koruko Kapera dago (63 zk.), Sortzez Garbiaren aldarea buru duena (62 zk.). Kapera, Sakramentu Santuaren kaperarekiko bikia da, epistolaren aldean dagoena, eta, beraz, konfigurazio berdina du. Deanbulatoriora pasa aurreko azken zutabean Leon XI.aren monumentua dago (61 zk.), Alessandro Algardik egina 1644an, eta Inozentzio XI.arena (60 zk.).

KupulaAldatu

San Petri basilikaren kupula 136,57 m garai da guztira, lurretik kanpoko gurutzearen goialderaino. Munduko kupularik garaiena da. Bere barne diametroa 41,47 m da, garaiko beste bi kupula erraldoietatik baino pixka bat txikiagoa: Agriparen Panteoikoa, 43,3 metrokoa; eta Florentziako katedralekoa, 44 metrokoa. San Petriren arkitektoak bi kupula horietan oinarritu ziren kristautasunaren kupularik handiena izan zena eraikitzeko modua bilatzeko. 1547tik 1590era eraiki zuen Michelangelo Buonarrotik, hil ondoren bere ikasle Giacomo Della Portak lekua hartu zuena[25].

Kupularen oinarrian ondoko esaldi hau dago idatzirik, 2 m garai diren letrekin:

« TU EST PETRUS, ET SUPER HANC PETRAM AEDIFICABO ECCLESIAM MEAM ET TIBI DABO CLAVES REGNI CAELORUM

Zu Petri zara, eta harri horren gainean eraikiko dut nire Eliza, eta zuri emango dizkizut Zeruetako erreinuko giltzak. Mateo 16:18-19.
»


Lanternapean honako idazkuna dago:

« S. PETRI GLORIAE SIXTVS PP. V. A. M. D. XC. PONTIF. V.
San Petriren aintzarentzat, Sisto V.a aita santua 1590 urtean, aitasantualdiaren 5.ean.
»


SakristiaAldatu

 
Sakristia.

Sakristia nagusia, basilikatik kanpoko eraikin bat da, hegoaldean dagoena, arkudun bi korridoreren bidez lotzen dena basilikara, Pio VIII.aren hilobia eta Koruko Kapera zeharkatuz.

1715ean sakristia eraikitzeko lehiaketa bat egin zen, irabazlea Filippo Juvarra izan zen (honen proiektuaren zurezko maketa basilikako biltegietan kontserbatzen da), baina haren kostu handia zirela-eta azkenean ez zen eraiki. 1776an, Pio VI.ak Carlo Marchionni eskatu zion egungo eraikina egiteko, 1784an eraiki zena. Amaitzean ordea, lanak kritika gogorrak jaso zituen, batez ere Francesco Milizia jakintsuarenak, eta Marchionnik hiria uztzi behar izan zuen.

Sakristiak oinplano oktogonala du eta kupula batez estalita dago. Alboetan hainbat eraikin ditu, horien artean Kalonjeen eta Onuradunen sakristia, Kapitulu gela eta Altxorra.

Vatikanoko harpeakAldatu

Vatikanoko harpeak, basilika zaharraren eta berriaren arteko kota diferentziaren ondorioz eratu ziren. Hiru nabeko lurpeko eliza itxura dute. Aita santu asko lurperatzeko leku gisa erabili izan dira. Sarrera eskailera bikoitz batetik egiten da, botozko 99 argiontzi erretzen dituen balaustrada dotore batez inguratua; eskailera hori Aita Santuaren aldarearen aurrealdetik abiatzen da. Eskailera, Carlo Madernoren San Petriren Confessio delakoaren aurrean amaitzen da (65 zk.); Kristo Pantokratorraren mosaikoaren aurrean, palioak gordetzen dituen kutxa dago. Kutxa honen atzean, Konstantino enperadoreak eraikitako San Petriren hilobiko marmolezko hondakinak daude. Behealdean, "Cataracta" edo "billicus confessionis" izeneko brontzezko bola dago, lehen basilika eraiki zenetik Petriren hilobira sartzeko balio zuena.

Pio XII.ak, 1939an hautatu berri, ikerketa arkeologikoak babestu zituen, hamar urtetan hainbat ikerkuntza argitara atera zituena: lehenik konstantinoar basilikaren zorua, eta, geroago, Vatikanoko muinoaren magala hartzen zuen erromatar nekropoli baten arrastoak, lehen basilikaren eraikitzaileek lurrazpian utzi zutena. Aurkikuntza hauek berrestu zuten San Petriren hilobi tokia, lehen basilika eraiki zen tokia ohiko lurperatze tokia baitzen.

Indusketaren ondoren, 1953an, nitxo bat aurkitu zen non Petri izenarekin grezierazko idazkun osatu gabe bat antzeman zitekeen. Barnean, purpura eta urre-harizko oihal batean bildutako hezur batzuk zeuden. Aurkikuntza honen ondore, Pio XII.ak aldarrikatu zuen gorpuzkiak San Petrirenak zirela eta berriz lurperatu zituen, oraingoan Aita Santuaren aldarearen azpi-azpian bertikalean, baldakinoarekin eta kupularekin bat datorrena.

ErreferentziakAldatu

  1. Santa Sede. Arcibasilica papale di San Giovanni in laterano. . Noiz kontsultatua: 2011-05-30
    Aipua: «San Giovanni in Laterano basilika, Erromako katedrala»
    .
  2. 2006an Benedikto XVI.ak Mendebaldeko patriarka izateari utzi zionean, basilika nagusiak patriarkalak izateari ere utzi zioten eta Aita Santuarenak bihurtu.
  3. a b (Ingelesez) Lees-Milne, James. (1967). San Pedro: la historia de la Basílica de San Pedro en Roma.. Hamish Hamilton OCLC 1393052.
  4. (Ingelesez) Andrea Pollett. Egyptian obelisks. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019) . Noiz kontsultatua: 2019-12-4.
  5. (Gaztelaniaz) P. Jorge Loring, S.I.. La tumba de San Pedro. Catholic.net.
  6. (Ingelesez) Boorsch, Suzanne. (1982-1983). «The Building of the Vatican: The Papacy and Architecture» The Metropolitan Museum of Art Bulletin (3): 4-8.
  7. (Ingelesez) Guarducci, Margherita. (1960). The Tomb of St Peter. Hawthorn Books . Noiz kontsultatua: 2011-5-30.
  8. a b (Italieraz) Spagnesi, Gianfranco. (2003). Roma: la Basilica di San Pietro, il borgo e la città. Palombi, 62 or. OCLC 54989356 . Noiz kontsultatua: 2011-05-30.
  9. (Italieraz) De Maio, Romeo. (1992). Riforme e miti nella Chiesa del Cinquecento. Guida, 407 or. ISBN 8878351318 . Noiz kontsultatua: 2011-05-30.
  10. De Angelis (1978), 346-349 or.
  11. Ackerman (1997), 193-221 or.
  12. (Italieraz) www.rome.info. Basilica di San Pietro. . Noiz kontsultatua: 2011-04-30.
  13. Papa bendice estatua de santa Rafaela Porras colocada en el Vaticano. 2010 . Noiz kontsultatua: 2011.
  14. Bendice papa estatua de primera santa chilena. 2004 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013) . Noiz kontsultatua: 2011.
  15. Bendición de la estatua de Santa Teresa de Jesús Jornet. 2004 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011) . Noiz kontsultatua: 2011.
  16. El Papa bendice la estatua de San Josemaría Escrivá. 2005 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2008) . Noiz kontsultatua: 2011
    Aipua: «Colocada en la parte exterior de la basílica vaticana.»
    .
  17. La unidad, signo del amor de Dios. 2008 . Noiz kontsultatua: 2011.
  18. Bendición e inauguración de la estatua de San Marcelino Champagnat. 2010 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2009) . Noiz kontsultatua: 2011.
  19. El Santo Padre bendice la estatua de San Marón, colocada en un nicho de la Basílica de San Pedro. 2011 . Noiz kontsultatua: 2011.
  20. (Ingelesez) www.stpetersbasilica.info. Facade of St Peter's. . Noiz kontsultatua: 2019-12-8.
  21. (Ingelesez) www.stpetersbasilica.info. Statue of St. Peter. . Noiz kontsultatua: 2019-12-8.
  22. (Ingelesez) www.stpetersbasilica.info. Statue of St. Paul. . Noiz kontsultatua: 2019-12-8.
  23. (Ingelesez) The Portico. . Noiz kontsultatua: 2019-12-08.
  24. a b (Ingelesez) www.stpetersbasilica.info. The Nave. . Noiz kontsultatua: 2011-06-01.
  25. (Ingelesez) www.stpetersbasilica.info. The Cuppola - Interior. . Noiz kontsultatua: 2011-6-1.

Ikus, gaineraAldatu

Beste basilika nagusiakAldatu

Kanpo estekakAldatu