Utziate

Behe Nafarroako udalerri ohia

Utziate Larzabale-Arroze-Zibitze udalerriko auzo bat da, Nafarroa Behereko Oztibarre eskualdean. Dokumentazioaren arabera[1] 1790-1794 tartean desagertu zen udalerri gisa, Larzabalekoan sartuta; hala ere, herri izaera izan duenik ezin da argiro esan eta aparteko egitura administratiboa eduki izanak bere paper historikoari zor zaio.

Utziate
 Euskal Herria
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa Beherea
UdalerriaLarzabale-Arroze-Zibitze
Administrazioa
Posta kodea
Herritarrautziatear
Geografia
Koordenatuak43°13′09″N 1°07′17″W / 43.2190687°N 1.1214371°W / 43.2190687; -1.1214371
Demografia

Donibane Garazi herrialdeburura 15 km daude.

Izenaz aldatu

Euskaltzaindiaren proposamen arauemailearen faltan, "Utziate" toponimoa erabili dugu euskaraz egokiena delakoan (Orpustanek bere alde egiten du eta beste iturri batzuekin batera Berrian, Google Earth-en...hala agertzen da) baina ez da euskararako proposamen bakarra. Dokumentazio historikoan Sancta Maria de Utzuat (1160an) eta ospital de Içcuat (1350ean) ditugu eta oinarrian "ihi(tze)" berba legoke; horrek balizko "Itzuate", "Itziate"...zaharra emango zukeen.

Lhandek ordea (hala jasotzen du Auñamendik ere[2]) "Utzieta" proposatzen du, baita "utzietar" gentilizioa ere baina bere hipotesi etimologikoek ez dute zertan guztiz fidagarriak izan.

Frantsesez ere duda-muda mantentzen da eta bai Utziat bai Utxiat (azken hau IGNko kartografian) aurki daitezke.

Geografia aldatu

Kokapena aldatu

Oztibarreko mutur batean (bertan egoteak sortu zuen etxegune hau) kokatuta, hego-mendebalderantz jota berehala Garazi eskualdean gaude, Gamarteko lurretan eta zehatzago esanda Galtzetaburuko gurutze historikoan. Iparraldean Landibarrerekin topo egiten du.

Bestelako auzo-herriak oztibartarrak dira: hego-ekialdean, mendiek banatuta Ibarrola dago, ekialdean Zibitze eta ipar-ekialdean Larzabale udalburua.

Orografia aldatu

Etxetaldea eremurik baxuenean dago, Biduzeko ibaiadarra den Artikaiteko errekak bere ibilbidea mantsotzen duen lekuan kokatuta: 170 m. Baina tontor nabari batzuek inguratzen dute, auzotik atera eta berehala igoera gogor samarrak hasten direlarik ezker-eskuin:

Demografia aldatu

Beti populazio ahulekoa izan da, zenbait eraikin eta etxek baino ez osatua: Santa Madalena priore-etxe-ospitaleko donat-en etxeen ondorengoak.

1343an 23 lagun bizi ziren bertan, tartean 10 andrazko.

Errepideak aldatu

Nafarroa Behereko ardatza den D 933 departamendu mailako errepidea bertatik pasatzen da Amikuzetik Garazirako bidean. Are gehiago, errepide modernoak (lehengo Donejakue bidearen Via Podiensis segitzen duena, auzuneari garrantzia eman ziona hain zuzen) egun eraikin-multzo historikoa banatzen du: mendebaldean priore-etxea (berari atxikita zegoen eliza garai batean), hilerri zaharra (gaur egun funtzio hori betetzen ez duena) eta eiheraren aztarnak[4]; ekialdean donat izenekoen azken lau etxeak, 1784an erietxea desagertu zenetik bere egitekoa burutzen ez dutenak. Donejakue bideak berak justu Utziaten zenbait kilometrotarako errepidea uzten du eta mendebalderantz jotzen du, beranduago Galtzetaburun agertuko delarik.

Tokiko errepide batek, ekialdera jota Zibitzerekin lotzen du eta beste bat iparralderantz Larzabaleko Bastida Txoko auzora doa.

Historia aldatu

  • Oztibarre uzten den lekuan eta Galtzetaburuko gurutzean Garazin sartu baino lehen, lehen egoitza erlijioso eta gero "priore-etxe-ospitala" deituko zen multzoa eraiki zen. Haranbeltzek Oztibarre utzi eta Amikuzen sartzeko betetzen zuen funtzio bera zuen.
  • Akizeko kartularioan bere eliza Donamariari eskainia zegoela agertzen da; beranduago Madalenari eskainia izatera pasatu zen XVII. mendean utzi eta hondatuta geratu arte.[5]
  • 1199tik erromesak jaso zituen eta Galtzetabururekin batera Nafarroa Behereko batzarrak biltzen ziren lekutzat hartua zen. Kontuan izan herrialde honetako erdialdean dagoela: iparraldean Agaramont-Amikuze-Arberoa-Oztibarre eskualdeak eta hegoaldean Garazi-Baigorri daude.
  • Gune honetan hiru "anai donat" aukeratzen ziren: ospitalaria, konpontzailea eta diruzaina. Beren ardura komunitatearen artean (zerbitzariak eta pobreak barne) urterako janaria banatzea zen. Donat ("emana" okzitanieraz) hauek karitate-instituzioetako langileak izaten ohi ziren: laikoak ziren eta Jesukristori "emanak", boto txiki batzuk (pobrezia, obedientzia, kastitatea alargun geratzekotan) betetzeko promesa egiten zuten.
  • Utziatek inguruko herri batzuekiko eragin zuzena izan du eta adibidez Zibitzeko eliza priore-etxe honen menpean zegoen.[6]

Udalerri-historia aldatu

1790 eta 1794 artean (kontuan izan Frantziako Iraultzaren garaiak izan zirela) desagertu zen udalerri gisa eta Larzabalekoaren barruan sartu zen.

Udalerriko armarrian[7] gune honi erreferentzia egiten dion elementurik ez da ageri, beste hiru herrietako "jauregi" edo etxe nobleetako armarrietan oinarritzen delako.

Ekonomia aldatu

Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak, erlijio-lanekin batera.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

  • Joan Tartasen biografia Literaturaren Zubitegian; Utziate aipatua.


  Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa