Urtsua (balada)
Urtsua edo Urtsuak zazpi leio ... ahozko tradizioko euskal balada da, egile ezezagunekoa, Azkuek eta Aita Donostiak Baztanen bildu zutena. Adituen ustez XVIII. mendekoa[1][2] izan daitekeen kanta honek oso istorio iluna kontatzen du, bizkarrezurrean behera izua isurtzen duena: Lantain etxeko alaba Urtsuako jaunarekin ezkondu zen. Eztei-gauean emaztea haurdun zegoela ohartu zen senarra. Haserre beltzez, Santa Ana baselizara gonbidatu zuen otoitz egitera, eta bertan hil zuen.[3] Mikel Laboak 1966an grabatu zuen bertsioa Euskal Herri osoan zabaldu zen.
Urtsua (balada) | |
---|---|
Jatorria | |
Izenburua | Urtsua |
Jatorrizko hizkuntza | euskara |
Jatorrizko herrialdea | Euskal Herria |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | euskal balada |
Baladaren aldaerak
aldatuAntonio Zavalak balada honen hamahiru eredu bildu zituen.[4] Hedatuenetako bat Resurreccion Maria Azkuek ekarri zuen argitara, Cancionero Popular Vasco bilduman (1918-1921), 908. zenbakian, 1057. orrialdean, musika partizioarekin batera;[5] sei estrofa dira, Baztango Gartzain herriko Tomasa Urrutiari jaso zizkionak. Hona bertsio hori, Antonio Zavalaren zuzenketa txikiekin eta egungo grafiara egokitua[6][7]
1. |
|
Euskalerriaren Yakintza lanaren II. liburukiko 346 orrialdean (Madril, 1942) ere argitaratu zituen bertso horiek Azkuek. Aurretik, gertaeraren berri eman zuen, kontakizuna Kruz Goienetxeri aditu ziola esanez:[6]
"Nafarroan, Baztango ibarrean, Arizkungo lurrean, Urtsu edo Urtsua deritzaion jauregi zahar bat zen. Orain ere bere harresiak zutik daude. Izen handikoa zen aldi batez Nafarroan. Hango jaun bat Nafarroako erregeren inguruko izan zen. Bertze bat Frantziako emazteki batekin ezkondu zen. Anaia apeza zuen emazteki honek eta, Nafarroara handiki batekin ezkontzera zetorrela eta, agur egitera agertu zitzaion. Apezak, arreba haur egiteko zela igarrita, gurasoen jauregian eduki nahi zuen. Arrebak anaia apezari, isileraztearren, ezpata bat agindu zion. Ezkontzerakoan emaztegaiak ehunka ekarri zituen zikiroak, urrezko uztaiez horniturik. Urtsura iritsi zenean, etxekoandre zaharra, ohitura zenez, atarira jaitsi zen eta erraingaia besarkatu zuen. Ezkondu ziren, eta berehala ezagutu zuen senarrak emaztea nola zegoen, eta etxeko mutil bati erran zion zaldia ermitaren ondoan gerta zezala, ferrak aintzinekoa gibelera zituela. Lotarako zeudela, senarrak emazteari erran zion:
- Eztun ikusi behar etxeko ermita, zerbait errezatzeko ere?
- Nahi baduk, goazen ermitara.
Jaitsi ziren, eta xixtako batez senarrak emaztea hil zuen eta, berehala zaldigaineraturik, lauringoan Frantziara ihes egin zuen".
XX. mendearen lehen erdian, baladaren hamar bertsio bildu zituen Aita Donostiak Baztanen, eta baita doinuaren hiru aldaera ere. Horiek denak kontuan harturik, Jorge Riezukoak “bertsio eklektikoa” deitutakoa argitaratu zuen Nafarroako euskal-kantu zaharrak liburuan (Iruñea, 1973):[6]
1. |
|
|
Urtsuatarrak
aldatuUrtsua da urtsuatarren leinuetxea. Nafarroako historian beraien atzamarraren hatza utzi zuten: Amaiurko gazteluaren setioko azken borroketan Leringo kondearen laguntzaile azaldu ziren. Espainiako erregeak bereziki sariztatu zituen esku-ukaldi horrengatik. Ez zuten hargatik fama ona eduki: bortitzak ziren, lurrez eta ohorez gose, Bozaten esklabo erabiltzen zituzten agotak zeuzkaten. Orduko nobleen antzera ikasiak ere ziren, puxanten idazkari eta notarioa zirelako. Hegoaldera bezain iparraldera hedatzen zen urtsuatarren itzala, eta Ortzaizeko Arizmenditarrekin uztartuak ziren.[3]
Pedro Urtsua (1520-1561) da sendiko kiderik ezagunena. Ameriketan barrena ibili zen, Granadako Erresuma Berrian hiriak sortzen, indioak kalitzen eta urre bila, Ines Atienza andregaiaren eta Oñatiko Lope Agirreren konpainian. Lope Agirreren aginduz eraila izan zen. Werner Herzog alemaniar zinemagileak Aguirre, der Zorn Gottes film erraldoian irudikatu zituen biak, herioari burlaz, Marañón ibaia jaisten.[3]
Baladak agertzen digun urtsuatarra ezpal berdinekoa zela imajinatzen dugu: ankerra, gogorra, buru beroa. Batzuek diote Estebe zuela izena eta hilketa 1700 aldean izan zela. Baina inork ez daki zuzen.[3] Zenbait ikerlariren arabera, bertso batean aipatzen den luis izeneko txanpona arrasto bat izan daiteke; lehenbizko luisak 1640an egin ziren Frantzian, Luis XIII.a errege zela, eta azkenak 1792an, Luis XVI.aren erregealdian. Hala ere, hizkuntza arruntean luis hitzak iraun zuen Frantziako Iraultzaren ondoko urrezko txanponak izendatzeko.[8]
Lantainako alaba
aldatuJoanaz are gutxiago dakigu. Lantainako alaba Bidarrai, Hazparne ala Ezpeletakoa zitekeen. Gauza segurua da baserri okitua zela, zazpi leiho zituen arren, Urtsuak baino anitzez gehiago. Zazpi eta zortzi zenbaki mitikoekin jostatzen da bertsolaria. Nasaitasun izugarriaren sinboloa da, zazpi direlako arrosa perfektuaren ezpalak, bekatu mortalak, zentzuaren adinak, Altzaiko herensugearen buruak...[3]
– Zazpi errota berri,
zortzi jauregi xuri;
hoien guziengatik
nik ez Urtsura nahi.
Urtsuak eder leiho
Lantainak ederrago
...
Ezkontzak harilkatuz emendatzen ziren etxaldeak, ospeak, ondasunak. Frantziaren eta Espainiaren arteko mugak finkatzen zihoazen denboretan jendeek harremanetan segitzen zuten Baztango eta Bidarrai edo Baigorriko hiritarrekin. Oraindik ere Aritzakun, Urrizate ala Izpegi pasaiek erromatarren metal preziosoen bidea ametsez brodatzen digute. Anbizioak galduko zuen Joana. Anaiari kasu egin bazion bizitza bederen salbatuko zuen. Batistarekin jolasean aritu zitekeen, harekin tratua egin zezakeen, baina urtsuatarra ez zen erraza engainatzen. Gezur eta gordetze alorrean gaitzeko eskarmentua bazuten. Baztango gaztelu eta jauretxe kasik guztien jabe baitziren XIV-XVIII. gizaldietan.[3]
– Agur nere arreba
nere arreba Joana:
Berri bat aditu dut
nere arreba Joana.
– Zer aitu duzu bada,
nere anaia jauna?
– Enbraza omen zara
nere arreba Joana.
Erailketa Santa Ana baselizan
aldatuBalada anaia jaunaren eta arreba Joanaren arteko solasaldiarekin abiatzen da. Anaiak badaki arreba haurdun –trabatua, izorra, enbraza...– duela eta isiltasunaren prezioa finkatzen dabil koplarik kopla. Txapela lumarekin eta zaldiaren ondotik, dirua luzatzen dio Joanak eta horrekin sosegatzen bezala da. Bakearen amoreagatik, ekarriko duen haurra besoetakoa izanen duela erraten dio:[3]
– Hori da, hori, sari,
nere arreba Joana:
Haurra besoetara,
nere arreba Joana.
Anaia apezak ez zuen lortu Joanaren Urtsuara ezkontzeko xedea geldiaraztea. Bien arteko adostasunak ordea galerna iragartzen du. Joanaren ahotsean ikara nabaritzen da. Denek muturik geratu beharko dute, ezkontzarekin bat ez zetozkeen gurasoek eta senargaiak ez dutelako deus jakin behar:[3]
– Enazazula sala
ene aitametara
et’are gutiago
Utsuko semetara.
Zaldiz hurbildu zen Joana Urtsuako Esteberen egoitza munttoraino. Idi zainartek tiraturiko hamar orga bazeuzkan atzetik, altzariz, oihalez, portzelanazko platerez eta arropaz kargatuak. Bozateko txistulari trebeek alaitu zituzten ezteiak, mutil eta neska dantza ugari eskainiz. Joana ez zen sekula hain zoriontsu sentitu. Duda izpirik ez zuen Santa Ana baselizara esker onezko otoitz baten marmaratzeko gonbitari baietz erantzutean. Unearen zehatzaz baliatu zen Estebe bere emaztearen erailtzeko, xingola zuri meharrez ala ezpata kolpez, bertsioen arabera.[3]
Lantanako alaba
Utsuan hila dago.
Utsuan defuntua
Santa Anan kausitua:
Adios erran gabe
etxetik partitua.
Urtsuatarrak Frantziara ihes egin omen zuen adio erran gabe. Baina poetak morala ttanttaz bukatzen du kanta ahantzi ezina, tragediaren zaina zipriztinduz. Mari Kattalin hori, Joanaren sehia, ahizpa edo ama daiteke eta hausnarrean dakusagu:[3]
Gure Mari Kattalin
emakume fidela,
pesalonbre handitan
gelditua bide da.
– Etzinakien bada
trabatua zinela?
Orduan etzaiteken
ezkontzarikan zerra.
Urtsua euskal kantagintzan
aldatuBeste kantu anitz bezala, Urtsua balada Azkue eta Aita Donostia musikologoen bilketa lan tematsuari esker salbatu zen ahanzturatik. XX. mendearen bigarren erdian, ordea, euskal abeslariek zabalkunde handia eman zioten. Euskal Kantagintza Berriaren ildoa ireki zuen 1966ko Mikel Laboaren lau abestiekiko Goiztiri etxeko EPan grabatu zen aro modernoko Urtsuako kanta-ren lehen bertsioa: gitarra eta ahots soila, uhergarria. 1989an, Benito Lertxundik Pazko gaierdi ondua obran eresiaren Erdi Aro kutsuko soinu tentsiodun moldaketa orraztu zion. Egokia, ezen Jorge Riezukoak Espainia hegoaldeko lurretan arrakastatsuak ziren Bodas de Sangre saileko kanta suerteen aire sefardiekiko lotura sumatu baitzion.[3][9]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Lakarra, Joseba; Biguri, Koldo; Urgell, Blanca. Euskal baladak: antologia eta azterketa. Hordago, 1983 (Noiz kontsultatua: 2020-2-18).
- ↑ Paya, Xabier. Ahozko Euskal Literaturaren Antologia. Etxepare Euskal Institutua, 2013, etxepare.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-18).
- ↑ a b c d e f g h i j k Borda, Itxaro. Lantainako ahuenak. Argia astekaria, CC BY-SA 3.0, 2016ko apirilak 17, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-14).
- ↑ Kalzakorta, Jabier. Balada gai biren ereduak Plazan zer berri da? eta Alhargüntsa. Idatz & Mintz, 54, argitalpenak.labayru.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-17).
- ↑ Azkue, Resurrección María. Cancionero popular vasco. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-17).
- ↑ a b c Zavala, Antonio. Euskal Erromantzeak. 163-179 orrialdeak, Auspoa Liburutegia, Sendoa Argitaldaria, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-17).
- ↑ Alberdi, Andres. Estandarizatu gabeko solasak nola eman ikasliburuetan. euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-17).
- ↑ Louis d'or: napoléon ou louis... quelles sont leurs valeurs?. linternaute.fr (Noiz kontsultatua: 2020-1-18).
- ↑ Oroz, Francisco J.. Una canción hermana de “Agur, nere arreba”, en menor. culturanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-1-18).
Kanpo estekak
aldatu- Izeta, Mariano Urtsuko ermitan, Plazara, 10. zenbakia, 1988-udaberria, andima.armiarma.eus
- Borda, Itxaro Lantainako ahuenak, Argia, 2016ko apirilaren 17a, argia.eus
- Utsuan defuntua, Resurreccion Maria Azkuek eta Aita Donostiak jasotako doinua, bdb.bertsozale.eus
- Urtsuako kanta, Mikel Laboaren bertsioa, youtube.com
- Urtsuako kanta, Benito Lertxundiren bertsioa, youtube.com