Ulsterren Defentsarako Elkartea

Ulster Defence Association» orritik birbideratua)

Ulsterren Defentsarako Elkartea (jatorrizko izena, ingelesez: Ulster Defence Association, UDA) Ipar Irlandako talde armatu loialista handiena da. Bere helburua irlandar errepublikanismoaren aurka ekitea da, Ipar Irlanda Irlandako Errepublikarekin bat egitea errefusatuz. Horrela, bere posizio politikoa Ulsterren independentzia aldarrikatzetik Erresuma Batuarekiko batasuna defendatzera igaro da, testuinguruaren arabera. UDAk Ulsterko Askatasunaren Borrokalariak (Ulster Freedom Fighters, UFF) izena ere erabiltzen du, estalki gisa askotan.

Ulsterren Defentsarako Elkartea
Datuak
Izen laburraUDA
MotaParamilitarra
HerrialdeaErresuma Batua
IdeologiaUlstergo loialismoa
Historia
Sorrera1971ko iraila
OndorengoakLoyalist Commission (en) Itzuli

Historia aldatu

UDA 1972an sortu zuten. 1991eko abuztura arte, erakunde legala izan zen, eta ekintza bortitzak burutzeko UFFren izena erabili zuen. Tarte horretan, hainbat hilketa burutu zituen. 1973an, adibidez, SDLP alderdi nazionalistako Paddy Wilson hil zuten.

1970eko hamarkadan, UDAk Ulsterren independentzia aldarrikatu zuen, baina aurrerago jarrera hori alboratuko zuen. Era berean, bere posizio politikoa Behin-behineko IRAren jarreraren arabera planteatu zuen. Hau da, IRAk arma utzi arte ez zituen UDAk armak utziko. UDAk lotura handia izan du Erresuma Batuko zerbitzu sekretuekin. 1992an, adibidez, Brian Nelson UDAko presoak Erresuma Batuko armadaren agentea zela plazaratu zuen.

2000ko hamarkadan sartzearekin batera, UDAren eta Ipar Irlandako droga trafikoa nahiz bestelako ekintza ilegalen arteko lotura gero eta ageriagoa bihurtu zen. 2003an, UDA eta Ulsterko Boluntarioen Indarra (UVF) taldearen arteko enfrentamendu gogorra eman zen, hainbat lagun hilez. UDAren barneko fakzio desberdinen artean ere, hilketak gertatu dira.

UDAk hainbat su-eten eman ditu azken urteetan. 2003ko otsailaren 23an, su-eten orokor bat iragarri zuen, hiru hilero berrikusi beharrekoa. 2005eko azaroaren 13an, "bere etorkizunaz hausnartuko" zuela esan zuen, Behin-behineko IRAk eta Loialista Boluntarioen Indarrak (LVF) emandako pausoen testuinguruan. 2006an, paramilitarren jarduera aztertzen duen IMCk UDA jarduera kriminalak burutzen zituela adierazi zuen, ondokoak zehaztuz: droga trafikoa, estortsioa, diru garbiketa, lapurreta, etab.

UDAk, halaber, zatiketa batzuk izan ditu azken urteetan. 1998an, UDA eta LVFetik ateratako hainbat kidek Esku Gorriaren Defendatzaileak (RHD) taldea sortu zuten.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu