Uigur Khaganerriak edo Uigur Inperioak bere burua Toquz-Oghuzeko herrialde bezala definitzen zuen[1][2][3] (antzin turkieraz: 𐱃𐰆𐰴𐰕:𐰆𐰍𐰕:𐰉𐰆𐰑𐰣, Toquz Oγuz budun, txinera tradizionalez: 回鹘; txinera sinplifikatuz: 回鶻; pinyinez: Huíhú). VIII. eta IX. mendeen artean, Asiako estepa zabaletan egondako turkiar jatorriko inperio bat izan zen. Uigur etniako noblezia buru zuen bederatzi leinuren arteko konfederazioa izan zen, txinatarrek Jiu Xing (bederatzi klan) deitzen zutena, Toquz Oghuz edo Toquz Tughluq izenaren kalkoa[4].

Uigur Khaganerria
𐱃𐰆𐰴𐰕:𐰆𐰍𐰕:𐰉𐰆𐰑𐰣
Toquz Oγuz budun
744 – 847
Hautazko monarkia
Inperioaren hedapena
Geografia
HiriburuaOrdu-Baliq
Azalera3.100.000 km²
Kultura
Hizkuntza(k)antzinako uigurrera
ErlijioaManikeismoa, tengrismoa eta budismoa
Historia
Aurrekoa
Bigarren Turkiar Khaganerria
Ondorengoak
Kara-Khanid khanerria
Ganzhou Uigur Erresuma
Qocho Erresuma
Jenisei Kirgiz Khaganerria

Tang dinastiari (Txina) barne borrokak baretzen lagundu izanagatik esker mozkin ederrak hartuz, inperio indartsu eta beldurgarria bihurtu zen. Ordu-Baliq hiriburua eraiki zuten, eta Zetaren Bideko hiri garrantzitsua izan zen. Khaganerriak mende bat iraun zuen, eta, desegin zenean, uigurrek hego-mendebaldera ihes egin behar izan zuten.

Historia aldatu

Aurrekariak aldatu

VII. mendearen hasieran, Asiako estepan hainbat inperio hedatu ziren: hegoaldean, txinatarrak eta tibetarrak zeuden, eta, iparraldean, turkiar jatorriko leinuek osaturiko bi inperio: mendebaldekoa eta ekialdekoa. Azken horretan bizi ziren uigurrak. Uigurrak ere turkiar jatorrikoak ziren, baina Tang dinastia txinatarrarekin aliantzak egin izan zituzten, esate baterako, 627. urtean Tibetar Inperioaren eta turkiarren aurka borrokatzeko[5][6].

630. urtean, Tang dinastiak ekialdeko turkiar inperioa konkistatu zuen, eta, 657. urtean, mendebaldekoa. 679an, Ashina Nishufu buru zuen leinua Tang dinastiaren aurka altxatu zen, eta Bigarren Turkiar Khaganerria sortu zuen 682. urtean. Ashina leinua izan zen Khaganerria zuzendu zuena.

Uigur Khaganerriaren sorrera aldatu

VIII. mendearen erdialdera, ashinatarren indarra asko gutxitu zen, eta, 742. urtean, uigurrak, karlukak eta basmilak haien aurka altxatu ziren[7]. 744an, basmilek Otuken hiriburua konkistatu zuten, eta Özmiş Khagana hil zuten inperioaz jabetuz. Urte berean, uigurrek eta karlukek bat egin zuten, eta basmil khagana erail zuten. Uigurren eta karluken artean ere, tentsioa sortzen hasi zen, eta karlukek mendebalderatz alde egitea erabaki zuten, Zhetisura, eta, turgeshak garaituz, beren khanerria sortu zuten han 766. urtean[7].

Uigurren burua Qullığ Boyla (txineraz 骨力裴羅) zen, eta Kutlug Bilge Kagan (Loriatsua, jakintsua, khagan boteretsua) izena hartu zuen Khagan bihurtzean. Ordu-Baliq hiriburua eraiki zuen, izenak Gortearen hiria esan nahi du. Gaur egungo Mongoliaren erdialdean daude haren hondarrak, bost mende beranduago Mongolen Inperioaren hiriburu izan zen Karakorumetik oso gertu, 27 km-tara. Txinatarren idazkien arabera, uigurren khaganerria oso zabala zen: ekialdean, Shiwei leinuaren lurraldea hartzen zuen; mendebaldetik, Altai mendietara iristen zen, eta, hegoaldean, Gobi basamortua barneratzen zuen. Antzinako Xiongnu eremu osoa kontrolpean zuen[8].

Urrezko aroa aldatu

Bayanchur aldatu

 
Uigurren Khagan baten hormirudia.

747an Kutlug Bilge Kagana hil eta haren semeak hartu zuen Bayanchur Khanek hartu zuen lekukoa. Tang dinastiako agintariekin hainbat merkatalgune finkatu zituen eta haek ekarritako aberastasunak erabili zituen bi hiri nagusi eraikitzeko, Ordu-Baliq hiriburua eta Bai Baliq hiria, bigarren ahu urruti, Selenge ibaiaren ertzean.

Bayanchurrek hainbat kanpaina egin zituen estepako leinuak haren banderapean borrokatzera erakartzeko eta inperioa asko hedatu zen. Sekizan, oghuzak, kirgizak, karlukak, turgeshak, Toquz tartariarrak, chikak eta gelditzen ziren basmilak uigurren menpe ezarri ziren. Khaganerriaren Toquz Oγuz budun izenak "bederatzi leinuen inperioa" esan nahi du[9]. Honako hauek ziren leinuak txinatar izenez adierazita:[10]

  • Huihe, 迴紇 (uigurrak)
  • Pugu, 僕固
  • Hun, 渾
  • Bayegu, 拔曳固
  • Tongluo', 同羅
  • Sijie, 思結
  • Qibi, 契苾
  • A-Busi, 阿布思
  • Gulunwugu(si), 骨倫屋骨(思)

755. urtean Tang dinastiako An Lushan generalak matxinada bat abiatu zuen Txinan eta Tang enperadoreak uigurrei laguntza eskatu zien hura garaitzeko. 4.000 zaldun uigurrek iparraldetik erasotu eta Chang'an eta Luoyang hiriak eskuratu zituzten. Borrokaren ondoren hiru egunez izan ziren bertan eta zeta kopuru izugarriak bildu zituzten. Horretaz gain laguntza eman izanaren ordainetan 20.000 zeta roilo eman zizkieten eta ohorezko tituluak. Horretaz gain zaldun bakoitzak 40 zeta roilo jaso zituen eta Txinan zeuden bitartean "gonbidatu" estatusa izan zuen[11]. Inperio bien arteko harremanak estutzeko Bayanchur Ninguro printzesa txinatarrarekin ezkondu zen eta uigur printzesa bat Tang printze batekin ere bai[11]. 758an iparraldera jo zuen eta Jenisei ibaiaren lurraldea bereganatu zuen haien kirgizen Khana hilez[11]. 759an Bayanchur hil egin zen eta Tengri Bögü semea bihurtu zen khagan, Qutlugh Tarkhan sengün izen ofiziala hartu zuen.

Tengri Bögü aldatu

 
Eskribau manikeistak.

762an 4.000 soldadu hartu eta hegoaldera joz Txina inbaditzea pentsatu zuen. Tang agintariek negoziatzeari ekin zioten eta azkenean haiek Luoyangen zituzten errelebeen aurka laguntzea erabaki zuen. Luoyango biztanleak tenplu budistatan babestu ziren baina uigurrek tenplu guztiak erre eta 10.000 luoyangdar hil zituzten. Txinatik joan zitezen Tangek 10.000 zeta pieza eman zizkieten[11]. Kanpaina betean ordea apaiz manikeista bat aurkitu zuen khaganak. Tengri Bögük erlijio berria hartu zuen eta inperioaren erlijio ofizial bihurtu zuen[12].

Gainbehera aldatu

779an Tengri Bögük berriz ere Tang dinastiaren inperioa inbaditzea erabaki zuen, gortean zituen sogdiarren aholkuak jarraituz. Tengri Bögüken osaba zen Tun Baga Tarkhan ideia honen aurka agertu zen eta khagana hil zuen. Khagana bakarrik ez, haren familia eta gorteko sogdiar ugari ere bai, guztira 2.000 pertsona inguru. Tun Baga Tarkhan bihurtu zen khagan berri Alp Qutlugh Bilge tituluarekin. manikeismoa kendu zuen eta khaganerriaren batasuna indartzeko lege berriak ezarri zituen.

789an hil zen Tun Baga Tarkhan eta Külüg Bilge semea bihurtu zen khagan berri. 790an Tibetar Inperioak uigurren eta txinatarren armadak garaitu zituen eta Külüg Bilge bera hil zuten. Haren semea zen Qutluq Bilgek hartu zuen lekukoa. Hurrengo urteetan tibetarren eta karluken erasoei aurre egin zieten uigurrek. 795ean Qutluq Bilge hil zenean Yaghlakar dinastiaren amaiera etorri zen.

General bat bihurtu zen hurrengo khagan. Qutluq II izena hartu zuen eta Ädiz dinastia sortu zuen. Hurrengo hamarkadetan uigurren eta tibetarren arteko borrokak nagusitu ziren. 816an tibetarrek Ordu-Baliq hiriburura iristea lortu zuten eta 821ean uigurrak tibetarren Ushrusana printzerrian sartu ziren. Inperio bien arteko gerrak 832an amaitu ziren Uigurren hamargarren khaganaren heriotzarekin batera.

Khaganerriaren amaiera aldatu

Zhangxin khaganak 832an hartu zuen kargua. Txinatarrekin bake politika bat bultzatu izanak gortean etsai ugari sorrarazi zizkion eta An Yunhe ofizial sogdiarra matxinatu egin zen. Khaganak matxinada zapaltzea lortu bazuen ere altxamendu gehiago izan ziren eta 839an Juelowu generalaren aurkako borroka galtzean bere buruaz beste egin zuen[13]. Juelowu generalak 20.000 zaldunen laguntza izan zuen tronua eskuratzeko eta Khagan bihurtu zenean Qasar izena hartu zuen. Urte hura ordea oso latza izan zen, izurri batek eta negu latzak abere eta zaldiak hil baitzituen eta uigurren ekonomiaren oinarria izanik gosete larria jasan zuten[14].

"Usurpatzailea" ezizena jarri zioten Qasar Khaganari. Kulug Bagha ministroak ihes egin zuen iparraldera. 840. urtean iparraldeko Jenisei Kirgizei laguntza eskatu zien Qasar tronutik kentzeko. Kirgizek 80.000 zalduneko armadarekin inperioa erasotu zuten iparraldetik, eta uigurren Khaganari lepoa moztu zioten. Kirgizek aukera aprobetxatuz Uigur Inperioko beste hainbat hiri guztiz erre eta suntsitu zituzten.

Öge Khagan berria buru zutela uigurrek ihes egin besterik ez zuten izan eta babesa hartu nahi zuten Tang dinastiaren lurretan. Txinatarrek ordea mugak itxi zizkieten uigurrei. Ögek orduan Shaanxi probintzia inbaditu zuen. 843. urtean Tang ejerzitoak uigurrak erasotu eta 10.000 uigurretik gora hil zituen. Kirgizek eta Tang dinastiak aliantza osatua zuten uigurrekin behin betiko amaitzeko eta guztizko gerra abiatu zuten. 846. urtean hil zuten Öge Khagana eta Enian Khaganak hartu zuen haren lekua. Uigurren azken Khagana izan zen, 847an gerra galdu baitzuen[15].

Ondorengoak aldatu

Jeniseiko kirgizak ez zuten interes handirik izan suntsitu berri zuten inperioaz jabetzeko. Baikal aintziraren eta Irtyx ibaiaren arteko lurrak eskuratu zituzten eta gainerako lurrak uigur galtzaileei utzi zizkieten.

Tang dinastiak ere uigurretaz libratu ondoren ez zuen interes berezirik izan kirgizekin harremanik izateko ere.

Uigurrek hegoaldera jo zuten eta Ganzhou Uigur Erresuma sortu zuten gaur egungo Gansu probintzia txinatarren inguruan[16] eta Qocho Erresuma gaur egungo Turfan (Xinjiang) hiri txinatarrean. Qocho erresumako uigurrak budista bihurtu ziren. Ganzhouko uigurrek etorkizun okerragoa izan zuten, izan ere tangut leinuak konkistatu baitzituen 1030. hamarkadan[17].

Genghis Khan enperadore mongolak 1209an Qocho erresuma eskuratu zuen. Uigurren idazkera Mongolen Inperioko idazkera ofizial bihurtu zuen[18] eta horretarako uigurrak mongolen gorteko funtzionario postu garrantzitsuak eskuratu zituzten. 1370. hamarkadararte iraun zuen Qocho erresumak.

Zetaren Bidea aldatu

Hiriburua aldatu

Fitxategi:Ordubaliq.jpg
Ordu-Baliq hiriburua.

Inperioa sortu berritan hiriburua eraiki zuten antzinako Göktürk hiriaren gainean, Karabalghasun edo Ordu-Baliq izena emanez. Zetaren Bidean zegoen eta merkatal hiria eta hiri militarra izan zen. Harresi kontzentrikoek inguratzen zuten eta dorre ugari zituen harresi horrek. Hiriaren erdigunean jauregiak eta tenpluak zeuden, bai eta monasterio bat ere. Auzo zehatz baztuetan artisautza eta merkataritza baimenduta zegoen.

Khaganaren jauregia ere harresiek eta urez beteriko zanga batek inguratzen zuten. Bi sarrera zituen eta zelatatzeko dorre ugari zeuden harresiaren gainean. Aurrez nomadak izan baziren ere uigurrek hiriburu finkoa ezartzean txinatarrekin merkatal harremanak sendotzeko aukera izan zuten eta Zetaren Bidean parte garrantzitsu bihurtu ziren.

Sogdiarrekin harremana aldatu

Zetaren Bidea kontrolatu ahal izateko merkatari sogdiarrekin harremanak eratu zituzten, hauek Erdialdeko Asiako oasiak kontrolatzen zituztenez Zetaren Bideko merkatari garrantzitsuenak baitziren. Sogdiarren manikeismo erlijioa hartu zuten uigurrek, txinatarren budismoa gutxietsiz. Herri xeheak onartu ez bazuen ere nobleek erlijio konbertsioak bultzatu zituzten sogdiarrekin harreman ekonomiko eta politikoak eratzeko[19]. Uigurren gortean ere pisu handia izan zuten sogdiarrek.

Uigurren Khaganen zerrenda aldatu

Honako hau da Yihong Pan-ek "Sui-Tang Foreign Policy: Four case studies" ikerketan argitaraturiko Uigur Khaganen zerrenda:[20]

# Khagana Erregealdia
1 Kutlug Bilge 744-747
2 Bayanchur 747-759
3 Tengri Bögü 759-780
4 Tun Baga Tarkhan 780-789
5 Külüg Bilge 789-790
6 Qutluq Bilge 790-795
7 Qutluq II Bilge 795-808
8 Baoyi 808-821
9 Chongde 821-824
10 Zhaoli 824-833
11 Zhangxin 833-839
12 Qasar 839-840
13 Öge 841-846
14 Enian 846-847

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. E.J. Brill (1962). Four studies on the history of Central Asia. p. 88
  2. Scott C. Levi (2009). Islamic Central Asia: An Anthology of Historical Sources. p. 29
  3. V. V. Barthold (1956). Four Studies on Central Asia. p. 88.
  4. Bughra 1983, 50–51 orr. .
  5. Latourette, Kenneth Scott. (1964). The Chinese, their history and culture, Volumes 1–2. Macmillan.
  6. Haywood 1998, 3.2 orr. .
  7. a b The Cambridge history of early Inner Asia. Cambridge University Press 1990 ISBN 0-521-24304-1. PMC 18070387. (Noiz kontsultatua: 2022-11-05).
  8. Senga, T. (1990). "The Toquz Oghuz Problem and the Origins of the Khazars". Journal of Asian History. 24 (1): 57–69. JSTOR 419253799
  9. Bughra, Imin. (1983). The history of East Turkestan. Istanbul: Istanbul publications.
  10. Golden, Peter B.. (1992). An Introduction to the History of the Turkic Peoples. .
  11. a b c d Barfield, Thomas. (1989). The Perilous Frontier: Nomadic Empires and China. Basil Blackwell.
  12. Bosworth, Clifford Edmund. (2000). The Age of Achievement: A.D. 750 to the End of the Fifteenth Century - Vol. 4, Part II : The Achievements (History of Civilizations of Central Asia). UNESCO Publishing.
  13. Drompp, Michael Robert. (2005). Tang China and the collapse of the Uighur Empire : a documentary history. Brill ISBN 90-04-14129-4. PMC 56318277. (Noiz kontsultatua: 2022-11-05).
  14. (Txineraz) «新唐書/卷217下 - 维基文库,自由的图书馆» zh.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2022-11-05).
  15. Baumer, Christoph. (2012). The History of Central Asia: The Age of the Steppe Warriors. .
  16. Golden, Peter B.. (2011). Central Asia in World History. Oxford University Press.
  17. Millward, James A. (2007). Eurasian Crossroads: A History of Xinjiang. Columbia University Press.
  18. Weatherford, Jack. (2004). Genghis Khan and the Making of the Modern World. New York, NY: Three Rivers Press. ISBN 978-0-609-80964-8..
  19. The Cambridge history of early Inner Asia. Cambridge University Press 1990 ISBN 0-521-24304-1. PMC 18070387. (Noiz kontsultatua: 2022-11-05).
  20. Pan, Yihong. (1990). Sui-Tang foreign policy: four case studies. University of British Columbia (Noiz kontsultatua: 2022-11-05).

Kanpo estekak aldatu