Uhandre marmolaire
Uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) salamandridae familiako uhandrea da, hego-mendebaldeko Europan bizi dena[1].
Uhandre marmolaire | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Amphibia |
Ordena | Caudata |
Familia | Salamandridae |
Generoa | Triturus |
Espeziea | Triturus marmoratus (Latreille, 1800)
|
Banaketa mapa | |
Eguneko zikloa | cathemeral (en) |
Euskal Herriko uhandreen arteko handiena dugu, 16 cm-rainoko luzera lortzen duelarik. Oso animalia deigarria dugu, bere azal berde bizi eta orban beltzak direla eta. Gainera, araldian zehar arrek gandor handi bat garatu ohi dute, emeek bizkarraldean lerro laranja polit bat mantentzen dutelarik. Euskal Herrian asko hedatutako espeziea da eta itsas-mailatik 1000 metroko altitudera ikus daiteke.
Deskribapena
aldatuHelduak
aldatuHeldua denean 110-160 mm bitarteko luzera har dezake. Gorputz sendo eta apur bat zapala du eta isatsak bere luzeraren ia erdia hartzen du. Isatsa alboetatik oso konprimituta dago eta estutzen joaten da puntara heldu arte, ez du filamenturik puntan[2].
Burua ia luze bezain zabala da eta muturra zabala eta biribildua dauka. Araldian ezpain-lobuluak nahiko garatuak izan ohi ditu, batez ere emeak. Begiak nahiko handiak ditu eta irisak beltzez pigmentatutako urre edo kobre kolorekoak dauzka[2]. Buruaren atzealdeko parotidak ez dira oso nabarmenak, bai ordea zintzur-plegua edo tolesdura. Arrak araldian bizkar eta isats-gandor nabarmenak garatzen ditu, gandor-ertzak apur bat izurtuak dituelarik. Araldiaren ondoren gandorra oso azkar birxurgatu eta desagertu egiten da[2]. Emeak ez du bizkar-gandorrik eta horren ordez zimur txiki bat du eta buztanean gandor txiki baten modukoa du, isatsari bertikalki zapal itxura ematen diona, baina ez da arren tamainakoa.
Zangoak indartsuak eta ongi garatuak ditu, hatzak luzeak dira eta ez du hatzen arteko mintzik. Bizkarraldeko azala zimurtsua, pikortsua eta porotsua dauka, fase lehortarrean oso agerikoa dena, sabelaldea ordea leuna da. Sabelaldeko azala leuna izateaz gain oso mehea da, maiz nahiko gardentsua ere. Kloaka globo itxurakoa da, arren kasuan sasi-esferikoa eta araldian oso handituta dagoena. Emeak kloaka txikiagoa du[2].
Banaketa
aldatuUhandre marmolaireak jatorriz mendebaldeko Europan du jatorria baina egun Iberiar penintsulako mendebaldean eta Frantziar Estatu guztian zehar dago banatuta. Espezie hau ez dugu Pirinioetan aurkituko bertan dauden baldintza lehor eta ezegonkorrak direla eta. Frantziako iparraldean, gainera, uhandre marmolairearen populazioak ahulagoak dira Triturus cristatusen agerpena dela eta. Bereziki gustuko ditu eskualde mediteranearreko gune menditsuak.
Euskal Herrian asko hedatutako espeziea da, bertan itsas mailatik hasi eta 1000 m inguruko altitudeetaraino ikus daitekeelarik. Muga horien baitan ez du eskakizun zorrotzegirik ezartzen habitatari dagokionez, eta Kantauri aldeko muinoetako larretatik hasi, eta Bardeetako eremu idorretaraino aurki genezake. Nolanahi ere, uhandre marmolaireak urmael iraunkor eta osasuntsuak behar ditu ugaltzeko eta larbak garatzeko, eta horrelako hezeguneak etengabe desagertzen ari direnez, gero eta urriagoa da gure Herriko eskualde gehienetan.
Habitata
aldatuLarbak, ur geldoz osatutako putzu eta urmaeletan bizi dira. Bereziki, sakon samarrak eta, oro har, landaredidunak diren ur-masa, urmael, putzu, aska, zanga eta abarretan.
Helduak, aldiz, habitat mota guztietan aurki daitezke baina ugaltze-sasoian ur-masen inguruan biltzen dira. Hala, leku irekiak, mendi-larreak, zereal-laboredun soroak, barazki eta fruta zelaiak, lugorriak edota basoetako soilguneak dituzte nahiago. Ugaltze-sasoitik kanpo, landaredia belarkara duen substratu gainean mugitzen dira batik bat.
Elikadura
aldatuUhandre marmolaireen larbek intsektuen larbak jaten dituzte batik bat, bereziki ur-arkakusoak.
Orokorrean, uhandre marmolaire helduak gauez elikatzen dira. Sasoi-lehortarrean zehar kilkerrak, arrak, lur-zizareak, bareak, armiarmak, euliak... jaten dituzte. Aldiz, ugal-sasoian zehar krustazeo txikiak, intsektu urtarrak... jaten dituzte.
Ugalketa eta ontogenia
aldatuUhandre marmolairearen ugalketa uretan ematen da eta emeak gorteiatze berezien bitartez erakartzen dituzte. Ar batek beste uhandre batekin topo egiten duenean, ukimenaz ezagutzen du, eta emea dela jabetu ondoren, gorteiatzeari ekiten dio: kidearen aurrean jarrita, isatsa horren aldera okertu eta astintzen hasten da bortizki, emearenganazko ur-korrontea sortuz. Lan horretan ari delarik, isats-muturrean kokaturik dituen guruin hedonikoen bitartez feromonak —mezulari biokimikoak— bidaltzen dizkio emeari, bere asmoen berri emanez. Emea ernalketarako prest baldin badago, baiezko erantzun gisara arrarengana hurbildu eta muturra haren barrabilen parean jartzen du.
Une horretan arra ur-hondoan oinez hasten da astiro, emea atzetik duelarik, eta bat-batean geldituz, espermatoforo bat uzten du ur-hondoan. Berehala oinez hasten da berriro ere, emea atzetik duela, eta honen kloaka espermatoforoaren gainean dagoenean geratu egiten dira biak, emeak makurtu, ezpain kloakalez espermio-zorroa jaso, eta bere baitan gordetzen duelarik.
Ernalketa burutu ondoren, emeak gainerako arrei buruz ez du ezer jakin nahi izaten. Une horretatik aurrera bere betebeharrak bestelakoak dira, hurrengo asteetan 300 arrautzatik gora errun beharko ditu eta (banaka-banaka eta ardura handiz). Arrautza hauek zuri-horixkak izan ohi dira, eta 3 mm inguruko diametroa izaten dute, kanpo-aldetik hainbat geruza gelatinakara gardenez babestuta daudelarik. Baina estalki hauek ez dira arrautzaren babes bakarrak. Aitzik, emeak errutean arrautza bakoitza landare urtarren hostoren batean itsasten du ardura handiz, hostoak arrautza erabat biltzen eta babesten duela. Horrela, arrautza makina bat etsairen ahaleginetatik libre izango da enbrioia garatu eta eklosioa gertatu artean.
Arrautza horietatik jaioko diren larbek 7 mm-ko tamaina baino ez dute izaten, baina jaio eta denbora gutxira gai izango dira aktiboki ehizatzeko. Izan ere, eta igel eta apoen apaburuak ez bezala, uhandreen larbak ehizarako moldatutako forma aktibo eta lurraldekoiak izaten baitira. Uda iristen denerako, larba hauek metamorfosia burutu eta uhandretxo bilakatuko dira, urmaelak utzita.
Bizimodua
aldatuUhandre marmolairea lehortarra den arren, ugalketa uretan burutzen du eta beraz, bi fase bereiz daitezke bere bizitzan, sasoi-lehortarra eta ugal-sasoi urtarra. Sasoi lehortarrean zehar, egunez harripe, goroldio-azpi eta gainerako babeslekuetan ezkutatzen dira gaua iritsi zain, eta iluntasunarekin batera freskura eta hezetasuna nagusitzen direnean baino ez dira abiatzen ornogabeak ehizatuz beren premiak asetzera. Udazkena iristen denean ordea, urritik aurrera, eta gainerako anfibio gehientsuenek bezala, uhandre marmolaireek ere babes egokia bilatzen dute neguko letargia bertan egiteko, eta bertan mantenduko dira, hibernazioan, otsailaren azkenera arte.
Espezieen arteko elkarrekintzak
aldatuFrantziako iparraldean Triturus cristatusekin batera bizi da eta bien arteko hibridazioak ikusi izan dira, baina hauen ugalkortasuna murritza da. Hibridazio hauek ematen ez direnean, gainera, espezieen arteko lehiakortasuna handia da eta Frantziako iparraldeko zenbait eskualdeetan Triturus cristatusek Triturus marmoratus erabat baztertu egin du.
Kontserbazioa
aldatuOhikoa izaten da banaketa-arearen hegoaldeko leku aproposetan; bakanagoa da, ordea, isurialde atlantiarrean. Populazioak ez dira ugariak izaten, aintzira eta urmael lagungarrietan salbu. Itxura guztien arabera uhandre marmolaire populazioen joeran egonkorra da, populazio askok ugaltzeko erabiltzen duten ur-masen jarraikortasunaren arazoa badute ere. Errute-eremuak eta hesiak galdu izanaren ondorioz populazioak gainbehera nabarmen izan du Frantzian. Gainera, Frantziako iparraldean Triturus cristatusek uhandre marmolaire populazioak desplazatu ditu eta bien arteko hibridazio kasu dezente ikusi dira, ondorengoek ugalkortasun arazoak dituztela.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ Jan Willem Arntzen, Robert Jehle, Jaime Bosch, Claude Miaud, Miguel Tejedo, Miguel Lizana, Iñigo Martínez-Solano, Alfredo Salvador, Mario García-París, Ernesto Recuero Gil, Paulo Sá-Sousa, Rafael Marquez (2008). Triturus marmoratus. IUCN Zerrenda Gorria
- ↑ a b c d «Tritón jaspeado - Triturus marmoratus - Descripción» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2024-09-20).