Uraren Euskal Agentzia

URA agentzia» orritik birbideratua)

Uraren Euskal Agentzia, ezagunagoa URA izenaz, Euskal Autonomia Erkidegoan uraren politika aurrera eramateaz arduratzen den agentzia da, Uraren 1/2006 Legearen bitartez sortua eta 2008an abian jarria. Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari atxikirik dagoen eskubide pribatuko erakunde publikoa da, eta bere jarduera lau bulegotan banatzen du, Gasteizen dagoen egoitza nagusian eta lurralde historiko bakoitzeko hiru bulegoetan.

Txorrotako ura zerbitzatzeko kristalezko pitxerra, Uraren Euskal Agentziak sustatutako Etxeko Ura kanpainakoa.

Eginkizunak aldatu

Agentziak aurrera eramango ditu 1/2006 Legearen 7. artikuluan[1] jasotako eginkizun guztiak, alegia:

  • Lege honetan plangintza hidrologikorako aurreikusitako tresnak prestatu eta Jaurlaritzari bidaltzea, eskumena duten erakundeetan agiri horiek onartu, aldatu edo izapidetzeko.
  • Estatuko plangintza hidrologikoan parte hartzea, erkidego arteko arro hidrologikoen kasuan, gaia arautzen duen araudiarekin bat etorriz.
  • Jabari publiko hidraulikoa babesteko egin beharrekoak egitea, bereziki administrazioaren emakida eta baimenak ematea eta jabari publiko hidraulikoaren araudiarekin bat ez datorren arau-hausterik gertatzen den edo ez zaindu eta ikuskatzea.
  • Bere jardunaren arloei dagozkien xedapen orokorren proiektuak egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko agintari eskudunei helaraztea.
  • Estatuko Administrazioak eskualdatutako, eskuordetutako edo beraren ardurapean jarritako eskumenak.
  • Interes orokorreko obra hidraulikoak.
  • Uren Erregistro Nagusiaren antolamendu eta funtzionamendua.
  • Gune Babestuen Erregistroaren antolamendu eta funtzionamendua.
  • Indarrean dagoen araudiaren arabera ezarri beharreko kanon eta zergei buruzko azterketa eta txostena egitea..
  • Uraren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako zergak kudeatu, kitatu, ikuskatu eta biltzea.
  • Hasierako onarpenaren ondoren, plan orokor, arau subsidiario, zatiko plan eta plan bereziei buruzko txosten lotesleak egitea. Txosten horiek udal-plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremana izango dute gai bakarra, arloari zein ingurumenari dagozkion arrazoiengatik aplikatzekoak diren beste legeek xedatzen dutena gorabehera. Bi hilabeteko epean eman eta jakinarazten ez bada, dagokion plan edo araua ontzat ematen dela joko da.
  • Hasierako onarpenaren aurretik, plan orokor, arau subsidiario, zatiko plan eta plan bereziei buruzko txosten lotesleak egitea. Txosten horiek Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko obren eta udal-plangintzaren arteko harremana izango dute gai bakarra, arloari zein ingurumenari dagozkion arrazoiengatik aplikatzekoak diren beste legeek xedatzen dutena gorabehera. Bi hilabeteko epean eman eta jakinarazten ez bada, dagokion plan edo araua ontzat ematen dela joko da.
  • Uholdeak egon daitezkeen guneetan erabilera-mugak jartzeko proposatzea Jaurlaritzari, baldin eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko beharrezkoa izan daitekeela pentsatzen bada.
  • Lehorretik itsasora isurketak egiteko baimena ematea.
  • Lehor eta itsas zorra dagoen guneei dagokienez, baimenak ematea eta gune horiek zaintzea, ikuskatzea eta horietan izandako arau-hausteak zehatzea.
  • Bere eskumeneko arloekin zerikusia duten dirulaguntzak ematea.
  • Lege eta erregelamenduek agentziari jarritako gainerakoak, bereziki urez hornitzearekin, saneamenduarekin eta ureztatzearekin zerikusia duten arloetan, eta baita kudeaketa-organoak eta erabiltzaileen elkarteak kontrolatzearekin zerikusia dutenetan ere; esandakoez gainera, emango dizkioten gainerakoak ere bai.

Uraren politika Euskal Autonomia Erkidegoan aldatu

Uraren politika hainbat arlok osatzen du baina funtsean esan daiteke uraren administrazio eraginkorrean datzala, hurrengo hauek kontuan hartuz: alde batetik, ura zainduz eta uraren egoera ekologikoa hobetuz (ibaiak, lurrazpiko urak) eta bestetik, ura herritarrei modu hoberenean eskainiz eta ondorengo saneamendua kontrolatuz. Horiez guztiez gain, muturreko gertakari metereologikoen arriskuak  murrizteaz ere arduratzen da, batez ere, uholde-arriskuez.

Euskadiko uraren politikak ur arlorako Europatik datorren Uraren Esparru Zuzentaraua jarraitzen du,  eta besteak beste, Demarkazio Hidrografikoa zehazten du baliabide hidrikoak kudeatzeko unitate. Zentzu horretan garrantzitsua da azpimarratzea direlako Demarkazioek barnean arro desberdinak izan ditzaketela, eta horien kudeaketa,  zenbaitetan, ez datorrela bat herrialdearen eskumen-banaketa administratiboarekin.

Euskadik, hain zuzen, hiru mugape ditu barnean: Kantauri Mendebaldeko Demarkazioa, Kantauri Ekialdeko eta Ebrokoa. Eta hiru administrazio hidrauliko: Uraren Euskal Agentzia (URA), Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (CHE) eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa. (CHC).

Demarkazio bakoitzean administrazio hidrauliko horiek lurraldea antolatu, beharrezko kontrola egin, obrak egin eta uraren inguruko kanonak eta tasak kudeatzerakoan, foru aldundiekin eta udalekin batera dihardute. Foru aldundiek, toki erakundeekiko laguntza-lanaz gain, badituzte aipatutako erakunde horiekin  eskumen partekatuak, eta udalek, berriz, eskumenak dituzte uraren ziklo integralean, hau da, uraren horniketan, saneamenduan eta hondakin uren arazketan. EAEko udal ugari partzuergo edo mankomunitateetan bildu dira, uraren ziklo integralean dituzten eskumenen kudeaketa eraginkorragoa lortze aldera.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu