Tximino Handia Proiektua

Tximino Handia Proiektuak (ingelesez The Great Ape Project), 1993an sortua, berdintasun moralaren hedapena aldarrikatzen du tximino handi guztietan eragina izan dezan (txinpantzeak, gorilak, bonoboak eta orangutanak).

Txinpantzea
Txinpantzea

Helburuak aldatu

Tximino Handia Proiektua bultzatzen duen nazioarteko elkartea primatologoek, psikologoek, filosofoek eta beste aditu batzuek osatzen dute eta hauek Nazio Batuen Tximino Handien Eskubideen Adierazpena sustatzen dute. Honen bitartez tximino handiei zenbait eskubide moral eta legal ematen zaie, horien artean bizitzeko eskubidea, norberaren askatasunaren babesa eta torturaren debekua. Elkarteak Estatu Batuetan tximino handien norberaren ekintza arautzen du errolda programa baten bidez. Eskubideak finkatu ondoren, Tximino Handien Proiektuak itxian hazitako tximino handien askapena eskatuko du (gaur egun Estatu Batuetan 3100 daude, 1280 ikerkuntza biomedikoan).

Proiektu honek aldarrikatzen duenez, tximino handien eta gizakien artean antzekotasun handia dago. Izaki bizidun sentikorrak dira eta emozionalki garatuak. Familietan edo klanetan bizi dira, zeinetan gizarte, komunikazio eta hezkuntza eremu bat bermatzen duten. Gainera, azkarrak dira eta arazo konplexuak ebazteko gai dira, tresnen erabileraren bidez. Ohiturak klaneko partaideek helarazten dituzte eta lekuaren arabera bereiz ditzakegun kulturak sor ditzakete: adibidez, mendiko gorilek eta lur baxuetako gorilek oso ohitura ezberdinak dituzte.

Proiektuaren helburua ez da txinpantzeak, gorilak, orangutanak eta bonoboak gizakitzat hartzea, ez baitira gizakiak, baizik eta hominidotzat hartzea, hominidoak baitira. Tximino handi hauek Neanderthalgo gizakiak, Homo habilis eta Homo erectus bezain hominidoak direnez, hauek bezala tratatzea eskatzen dute, oinarrizko eskubideak onartuz aurreko espezie desagertu ez balira egingo litzakeen moduan.

Oinarriak aldatu

Proiektu honek oinarritzat ondoko aurkikuntzak ditu:

Tximino handiek gizakiarekin duten ahaidetasuna izugarri handia da. Txinpantzeekin geneen %99.4a elkarbanatzen ditugu, gorilekin %97,7a eta %96,4a orangutanekin. Ezberdintasun genetikoa genero eta familia berdineko espezieen arteko baino txikiagoa da.

Gardner, Roger eta Deborah Foutsek txinpantzeekin; H. Lyn Whitek orangutanekin eta Francine Patterson eta Wendy Gordonek gorilekin egindako ikerkuntzetan gormutuen keinu bidezko hizkuntza erakutsi zitzaien. Ikerketan geneetan ez ezik, jokaeran eta gaitasunetan antza dugula erakutsi zen. Aurkikuntza harrigarriak egin dira; belaunaldi berriei helarazten dieten kultura dutela, euren artean hitz egiten dutela, pentsamendu pribatuak dituztela, imajinazioa, aldiuneko oroitzapenak, autokontzientzia, enpatia, engainatzeko gaitasuna, umorea, denboraren zentzua, heriotzaren kontzientzia eta bizitza osoko lagunak mantendu ditzakete.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu