👶
Jaiotza
K.a. 106ko urtarrilaren 3a
Arpino
💀
Heriotza
K.a. 43ko abenduaren 7a
Formia
🔨
Lanbidea
filosofo
📷
Argazkiak
ikusi
Marko Tulio Zizeron

Marko Tulio Zizeron (K.a. 106 – K.a. 43) politikari, kontsul, abokatu, teoriko politiko eta filosofo erromatarra izan zen. Erromatar Errepublika suntsitu zuten azkeneko gerra zibiletan, haren printzipioak defendatzen saiatu zen, alferrik.

Orotara, 87 hitzaldi idatzi zituen, baina bakarrik 58 iritsi zaizkigu, eta ez zituen guztiak jendaurrean eman; eta jendaurrean eman zituenen artean, asko geroago argitaratzeko berridatzi zirela uste da. Haren idazkien artean erretorikari buruzko liburuak, otoitzak, tratatu filosofiko eta politikoak eta gutunak daude. Antzinako Erromako hizlaririk eta prosalaririk hoberenetakoa izan zen. Haren latina latin klasikoaren eredutzat hartzen da. Filosofia grekoa irakatsi zien erromatarrei.

Zizeron Erromatar Errepublikaren alde egon zen. Julio Zesar hil ondoren, Marko Antonioren etsai bihurtu zen. Boterea lortzeko borrokan, hainbat hitzaldiren bidez Antoniori eraso zion. Geroago, Antoniok boterea lortu zuenean, Zizeron erailtzea agindu zuen.

Zizeronen bizitza aldatu

Zizeron Arpinumen jaio zen, Erromatik gertu, eta familia aberats baten semea zen. Umea zenean Erromara joan zen, eta bertan heziketa erretoriko, juridiko eta filosofiko sendoa jaso zuen. Ejertzitoan egon zen, Ponpeioren aitaren agindupean, eta 25 urte bete zituenean abokatu moduan lan egiten hasi zen. Geroago, K.a. 75. urtean, kuestore moduan lan egiten hasi zen Sizilian, finantzak administratzeko kargu batean, alegia.

 
Katilina, konspiratzailea.

Erromara itzultzean, bere karrera politikoarekin jarraitu zuen. Hasieran edil magistraturan lan egin zuen (besteak beste, osasun publikoaz eta segurtasunaz arduratzen zen kargu batean), eta geroago pretore magistraturan (justiziaz arduratzen zen karguan, besteak beste). Pretorea zenean, Ponpeioren alde azaldu zen. K.a. 63. urtean Errepublikako magistratura edo aginte-kargurik gorenera iritsi zen: kontsulatura.

Kontsula zenean, Erromako historian gertakizun oso garrantzitsu bat izan zen: Katilinaren konspirazioa. Konspirazio horretan, Katilina eta beste hainbat noble boterea indarrez lortzen saiatu ziren. Senatuan, Zizeronek Katilinaren aurkako hitzaldi bat eman zuen, eta gau horretan Katilinak Erromatik alde egin behar izan zuen. Konspiratzaileen aurkako frogak lortu ziren, eta senatuaren eztabaida batean, Catonek haiek exekutatzea defendatu zuen, baina Julio Zesar exekuzioaren aurka azaldu zen. Noble konspiratzaileak Zizeronen ardurapean exekutatu ziren, ordea, epaiketa legalik gabe.

Baina haren etsai politikoek ez zuten amore eman. Hala, K.a. 58. urtean lege berri bat bultzatu zuten: Erromako hiritar bat berme legalik gabe exekutatzea agindu zuen edozein pertsona erbesteratua (Erromatik urruneko toki batera bidalia) izango zen, eta ondasunak kenduko zizkioten. Lege hori Zizeronen aurka zihoan, eta beraz erbesteratua izan zen.

Baina ez zen denbora luzez erbesteratuta egon. Ponpeioren laguntzarekin Erromara itzuli eta politikatik urrundu zen. Hala, bere bizitzaren azken urteak testu filosofikoak idazten eman zituen.

Zesar eta Ponpeioren arteko gerra zibilean (eta beraz Errepublikaren eta Zesarren diktaduraren arteko borrokan), Zizeron Ponpeioren alde egon zen. Ponpeiok galdu egin zuen, baina Zesarrek, irabazi ondoren, barkatu egin zion. Zesar hil ondoren, Zizeronek Errepublikak jarraituko egingo zuela uste zuen. Zizeronen ustez, Errepublika handitasunaren eta askatasunaren sinonimoa zen. Marko Antoniok, Zesarren ondorengoak, Zizeron hiltzea agindu zuen, Zizeronek bere Filipika izeneko testuetan Antonioren aurka egin zuelako. Antonioren aginduz hil egin zuten, eta haren burua eta eskuak Foruan ikusgai jarri ziren.

Zizeronen oratoria aldatu

Zizeron oratorian aditua zen, eta hiru funtsezko testu idatzi zituen hari buruz: De Oratore, Brutus eta Orator.

Oratoriari buruzko testuetan, Zizeronek hizlari ona izatea lan zaila zela adierazi zuen. Haren ustez, hain zaila zen, non errazagoa izango baitzen olerkari eta filosofo onak aurkitzea, hizlari on bat aurkitzea baino. Hori hala zen, hizlari ona izateko baldintza asko bete behar zirelako: berezko gaitasunak izatea, diziplina guztiei buruz asko jakitea (zuzenbide zibila, historia, filosofia…), eta oratoriako teknikak jakitea, hau da, erretorikako teknikak.

Oratoriaren teknikak aldatu

Zizeronen arabera, oratoriako teknikak bost funtsezko puntutan oinarritzen ziren:

 
Zizeronen De oratore liburua. Bertan oratore ideala deskribatzen eta beste hainbat gai landu zituen.

1.     Inventio: argudio egoki eta frogagarriak bilatzea.

2.     Dispositio: argudioak modu egokian eta sinesgarrian antolatzea.

3.     Elocutio: hizkuntzaren baliabideak, ahoskera ona, hizkuntzaren zuzentasuna, figura erretorikoak etab. erabiltzen jakitea.

4.     Memoria: gauza bakoitzaren kokapena gogoratzea.

5.     Actio: keinuak, gorputzaren espresioa eta ahotsaren doinua.

Hitzaldien zatiak aldatu

Bestalde, Zizeronen arabera, hitzaldi on batek honako zati hauek izan behar zituen:

1.     Exordium: sarrera, epaileen edota entzuleen arreta lortzeko zatia.

2.     Narratio: hitz egingo dugun gaiaren azalpen labur eta argia.

3.     Confirmatio: defendatzen ari garen ideiaren aldeko argudioak.

4.     Refutatio: aurkakoaren argudioak ezeztatzeko zatia.

5.     Peroratio: azkeneko zatia. Hemen azaldu denaren laburpena egiten da eta hizlariak entzuleak bere alde jartzen saiatu behar du. Horretarako emozioak erabiltzen dira, adibidez gupida edo haserrea eragin. [[Kategoria:Txikipedia:Antzinako Erroma[[