Zirkulu polar artikoa.

Zirkulu polar artikoa Lurreko Ipar Poloaren inguruko lur-eremua da. Geografiaren arabera esanda, Lurrean bereizten ditugun bost paraleloetako bat da, zehazki latituderik altuenean dagoena; ipar hemisferioan dago, 66.5° Ipar latitudean.

Zirkulu Polar Artikoak hainbat herrialde zeharkatzen ditu: Norvegia, Suedia, Finlandia, Errusia, Kanada, Groenlandia eta Ameriketako Estatu Batuetako Alaska estatua.

Latitude zirkulu horren gainetik badago oraindik ere ipar hemisferioan bizi den jendea, eta leku askotan oraindik ere landare ezberdin asko daude, baita zuhaitzak ere. Beste eremu batzuk, Groenlandia esaterako, elurrez eta izotzez estalita daude urte osoan.

Zer dira gauerdiko eguzkia eta gau polarra? aldatu

Zirkulu Polar Artikoan, fenomeno interesgarri batzuk gertatzen dira, egunaren eta gauaren iraupenari dagokionez:

  • Gaueko eguzkia: udan, Ipar Poloa eguzkiaren alderantz makurtuta dago, eta, horren ondorioz, Zirkulu Polar Artikoaren inguruko guneetan, eguzkia ez da hainbat egunetan ezkutatzen. Zenbat eta gehiago hurbildu ipar polora, orduan eta egun gehiagotan ikusten da eguzkia han; argitasuna, ordez, ez da oso handia. Ekainaren 20aren inguruan, eguzkia zerumugaren gainean hainbeste denbora egoten da non egun horretan ez baita inolaz ere ezkutatzen; beraz, egunak 24 ordu irauten du eta ez dago gaurik bat ere, ez du iluntzen. Gauerdiko eguzkia deitzen da, gauerdian ere eguzkiak zeruan jarraitzen duelako.
  • Gau polarra: neguan, berriz, kontrakoa gertatzen da; hau da, Ipar Poloa eguzkiaren kontrako alderantz makurtzen da, eta, horren ondorioz, eguzkia ez da hainbat egunetan agertzen. Horrek ez du esan nahi gau iluna denik; polotik hurbileneko lekuetan bai izaten da gau iluna, baina Zirkulu Polar Artikotik hurbileko lekuetan, ilunabarraren antzeko zerbait egoten da denbora guztian.