Haurtxo bat bere zilborra ukitzen

Zilborra sabelaren erdialdean dugun zuloa da, haur jaioberriari zilbor-hestea ebakitzean sortutakoa.

Zilbor-hestea amarengandik sabel barruko umekiarengana oxigenoa eta mantenugaiak (bitaminak eta mineralak) garraiatzen dituen hodi bigun tolesgarria da, zain eta arteriaz osatua. Izan ere, sabel barruan dagoen bitartean, umekiak ezin du jan ezta arnastu ere bere kabuz, ea horregatik behar du zilbor-hestea. Gainera, umekiaren gorputzak behar ez dituen gaiak amaren gorputzaren bitartez kanporatzeko ere balio du.

Umea jaiotzen denean, ordea, umeak ez du zilbor-hestearen beharrik; izan ere, berehala hasiko da bere kabuz arnasten, ama esnea hartzen elikatzeko eta bere gorputzak behar ez dituen hondakinak (pixa eta kaka) kanpora botatzen. Horregatik, jaio ondoren, zilbor-hestea ebaki egiten da; zati txiki bat geratzen da umearen sabelean, baina aste gutxiren buruan erortzen da eta orduan sortzen da zilbor-zuloa. Dena dela, ume batzuek zilbor apur bat irtena izaten dute denbora batez, ez zuloa.