Ekuadorreko marimba.

Xilofonoa musika tresna mota bat da, perkusio instrumentu bat, hain zuzen ere. Luzera ezberdineko barrak ditu bata bestearen ondoan. Baketa edo makila batekin barra horiek jotzen direnean, soinua sortzen da. Barra bakoitza nota jakin bat sortzeko afinatuta dago.

Munduan xilofono mota asko daude. Sinpleenak bi euskarriren gainean jarritako ohol batzuez egindako xilofonoak dira, txalapartaren antzekoak. Instrumentuaren bertsio konplexuenek kalabaza edo beste objektu natural batzuk jartzen dituzte barren azpian, soinu handia ateratzeko. Mendebaldeko orkestra modernoetako xilofonoek barra asko izaten dituzte. Barra horiek euskarri altu batean egoten dira bi ilaratan jarrita, organo baten teklen antzera. Askotan, interpretatzaileek bi makila erabiltzen dituzte esku bakoitzean instrumentu hori jotzeko.

Badirudi xilofonoak Asiako hego-ekialdean sortu zirela. Gaur egun ohikoak dira leku horretan eta Afrikan. Baliteke esklabo afrikarrek instrumentua Latinoamerikara eraman izana. Han “marimba” izenez ezagutzen da. Europan XVI. mendetik erabili izan da, gutxi gorabehera. Hasieran, musika folklorikorako erabiltzen zen; baina XX. mendean, zenbait konpositore klasikok xilofonoarentzako piezak idatzi zituzten.