👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
3.444.263
🔎
Azalera
176.215 km²
🏙️
Hiriburua
Montevideo
📷
Argazkiak
ikusi
Uruguairen kokapena Hego Amerikako mapan.

Uruguai Hego Amerikako ekialdeko kostaldean dagoen herrialde txiki bat da. XX. mendearen zati handi batean, Uruguai oso goraipatua izan zen egonkortasun politiko eta ekonomikoaren adibide gisa. 1970eko eta 1980ko hamarkadetako gobernu militarraren erruz, ordea, herrialdearen aurrerapena gelditu egin zen. Hala ere, geroago, Uruguai Hego Amerikako herrialderik askeenetakotzat hartu zen. Hiriburua Montevideo da.

Uruguaitar gehienek espainiar edo italiar arbasoak dituzte. Mestizoek edo sustrai misto europar eta amerikarrak dituzten pertsonek talde txiki bat osatzen dute. Jende gutxiagoko talde batek afrikar sustraiak ditu. Uruguaitar gehienek gaztelaniaz hitz egiten dute. Katolizismoa da erlijio nagusia eta jende gehiena hirietan bizi da. Biztanleriaren ia erdia Montevideon bizi da.

Uruguaiko bandera.

Geografia

aldatu

Hego Amerikako bigarren herrialderik txikiena da, Surinamen atzetik. Brasilekin egiten du muga iparraldean eta Argentinarekin mendebaldean. Herrialdeko ia muga guztiak urak osatzen ditu. Hego-ekialdean Ozeano Atlantikoa dago eta hegoaldean Rio de la Plata izeneko itsasadar zabal bat. Uruguai ibaiak Argentinarekin muga egiten du. Iparraldean, Cuareim ibaia ere Brasilgo mugaren zati bat da.

Muinoek eta lautadek osatzen dute lurraldearen zatirik handiena. Uruguaiko ibai sistemarik handiena Negro ibaia da. Ibai horretan dago Rio Negroko urtegia, herrialdeko aintzirarik handiena.

Uruguaik negu leunak eta uda beroak ditu, eta udazkenean egiten du euri gehien.

Ekonomia

aldatu

Biztanle gehienek zerbitzuetan lan egiten dute, hala nola bankan, komunikazioetan eta turismoan. Hala ere, nekazaritza oso garrantzitsua da ekonomiarentzat. Behi eta ardi azienda talde handiak belardietan bizi dira. Animaliek haragia, artilea, larrua eta esnekiak ematen dituzte eta Uruguaik beste herrialde batzuei saltzen dizkie produktu horiek. Nekazariek arroza, garia, soja eta mahatsak ere landatzen dituzte. Arrantzari esker ere lortzen dituzte elikagaiak. Uruguaiko fabriketan erregaiak, produktu kimikoak, edariak, makinak eta beste ondasun batzuk ekoizten dira.

Historia

aldatu

Orain dela ehunka urte, txarrua izeneko amerindiar talde bat bizi zen Uruguain. Esploratzaile espainiarrak 1516an iritsi ziren. Indiarrak etorri berrien etsai zirenez eta espainiarrek ez zutenez urre edo zilarrik aurkitu inguruan, lurra ez kolonizatzea erabaki zuten.

Banda Oriental

aldatu

Espainiarrek “Banda Oriental del Uruguay” deitu zioten lurralde hari. Izenak "Uruguai ibaiaren ekialdeko ertza" esan nahi du. Gautxo taldeek edo behizain espainiarrek eskualdeko abere basatiak ehizatzen zituzten.

1680an, portugaldarrek hiri bat ezarri zuten “Banda Oriental”-en. Espainiarrek 1726an Montevideo hiria sortu zuten eta portugaldarrei eraso zieten. 1770eko hamarkadaren amaieran, espainiarrek portugaldarrak kanporatu zituzten.

1810ean, Espainiaren kolonia amerikarrak independentziaren alde borrokatzen hasi ziren. Banda Orientaleko biztanleek espainiarrak garaitu zituzten. Hala ere, Brasil laster jabetu zen leku horretaz. Zenbait urteko gerraren ondoren, azkenean 1828an, independentzia lortu zuten. Herrialde berria Uruguai izena hartu zuen.

Independentzia

aldatu

Independentzia eta gero gerra zibila hasi zen herrialdean eta 70 bat urtez iraun zuen. XX. mendearen hasieran, Uruguai demokrazia egonkor bat bihurtu zen baina 1960ko hamarkadan, Tupamaroak izeneko talde terrorista bat gobernua boteretik kentzen saiatzen hasi zen.

Militarrek 1973an hartu zuten gobernuaren kontrola. Nahiz eta tupamaroak garaitu zituzten, oso gogor gobernatu zuten. Gobernu militarrak berarekin ados ez zeuden pertsona asko espetxeratu, torturatu edo hil zituen. Azkenean, 1985ean, Gobernu demokratiko batek buruzagi militarrak ordezkatu zituen.

2000ko hamarkadan, egonkortasun politiko eta ekonomikoak jarraitu zuen. 2013an, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatu zuen bigarren herrialde latinoamerikarra izan zen Uruguai. Urte horretan bertan, marihuana droga legeztatu zuten. Jende askori ez zitzaion gustatu legea, baina gobernuak droga-trafikatzaileek dirua irabaztea saihestu nahi zuen. Behin legeztatuta, gobernuak marihuana ekoiztu eta saltzeaz arduratu zen.

Irudiak

aldatu