Transgenero hitza ematen zaie jaiotzeko sexuarekin bat ez datorren genero-identitatea edo genero-adierazpena duten pertsonei.
Genero terminoak pertsona bat gizon edo emakumea den adierazten du. Haurra jaiotzen denean, mutil edo neskatzat hartzen dugu haren organo sexualetan oinarrituta. Genero-identitateak, aldiz, pertsona bakoitzak bere burua zertzat hartzen duen adierazten du, hau da, mutil ala neskatzat.
Sarritan, pertsonek jaio ziren genero-identitate bera dute. Pertsona transgeneroak, berriz, ez dira jaiotzako generoarekin identifikatzen. Neska jaio zen pertsona batek mutila dela sentitu dezake, eta antzera gertatzen da mutil jaio den pertsona batek neska dela sentitzen duenean. Era berean, gerta daiteke pertsona transgenero bat ez sentitzea ez mutil ez neska.
Pertsona transgenero batzuek itxura edo ezaugarri fisikoak aldatu nahi izaten dituzte, sentitzen duten generoarekin bat etortzeko. Batzuek arropa edo ilea bakarrik aldatzen dute beren generoa adierazi edota erakusteko. Beste batzuek, berriz, gorputzean aldaketak egin nahi izaten dituzte beren genero-identitatearekin bat etortzeko; horretarako, ebakuntza kirurgikoak egin edota medikamentuak erabiltzen dituzte.
Pertsona transgeneroek arazoak izaten dituzte bizi diren gizartearekin. Sarritan, familiek, lagunek eta beste pertsonek ez dute ulertzen haien genero-identitatea. Arazoak izaten dituzte eskolan, lanean eta beste hainbat tokitan ere, pertsona askok erakusten dizkieten kontrako aurreiritzi eta jokabideengatik. Pertsona transgenero askok oso gaizki pasatzen dute horregatik.