Txikipedia:Tipula
Tipula bi urteko landare bat da, lurpeko zurtoin motza duena. Tipulak sustrai berdeak ditu eta sustraiaren puntan tipula dago zuri kolorekoa. Liliazeoak familiakoa da, baratxuria eta porrua bezala. Bizi zikloari dagokionez, lehendabiziko urtean erraboila jangarria sortzen du. Bigarren urtean aldiz, erditik sortzen den zurtoin loreduna.
Jatorria
aldatuTipularen jatorria ez dago ondo dokumentatua. Itxura guztien arabera, etxekotu eta lantzen hasi zen lehenengo barazkia da tipula. Milaka urte dira Asia ekialdean tipula lantzen hasi zela. Egiptoko piramideetan aurkitutako idatzi batek frogatzen duenez, ezinbesteko osagaia zen piramideak eraikitzen zituzten esklaboen dietetan. Tipula oso preziatua zen, zaporeagatik eta baita irauteko zuen gaitasunagatik ere. Amerikara aurkikuntza garaian iritsi zen. Kolonen gizonek eraman zituzten lehenengo tipulak Ipar Amerikara.
Kontserbazioa
aldatuTipulak etxean edo ganbaran nahiko luze iraun dezake. Horretarako leku lehor ilunean gordetzea komeni da eta, ahal bada, Hasier Etxeberria gastronomoaren gomendioz, patatetatik urrun, "erraz asko hondatzen baitira haien ondoan". Era berean, hobe da lurrezko ontzietan edukitzea tipulak, eta ez zurezkoetan, zurak ere errazago ustelarazten baititu barazki hauek. Era berean, hozkailuan ez gordetzea gomendatzen da, usainez eta ustelduraz kutsa baititzakete inguruko jakiak. Usteltzen hasiak diren tipulak apartatzea ere komeni da, bestela sorta guztua hondatu daitekeelako.
Tipula motak
aldatuZalantzarik ez dago tipula dela munduan gehien hedatu den jakietako bat, kontinente guztietan erabiltzen da sukalderako, ia munduko herrialde guztietako gastronomien parte eta oinarri da. Nahiz eta guztiak izen batean bildu, mota desberdinetakoak daude, eta hauek kolore, tamaina eta zaporeagatik bereizten dira bata bestetik.