Tartaloren irudia, Olentzeroren etxean, Mungian.

Tartalo euskal mitologiako artzain ziklope eta erraldoia da.

Elezaharren arabera, haitzuloetan bizi da, eta jendea harrapatu eta jan egiten du.

Pertsonaia hau izen ezberdinekin ezagutzen da: Tartalo, Tartaro, Torto eta Alarabi adibidez.

Bizilekuari dagokionez, aldatuz joaten da kontakizun batetik bestera: kobazuloetan, trikuharrietan,...

Tartaloren kondaira aldatu

Hona hemen Tartaloren kondairaren audioa

Elezaharrak dioenez, joan ziren bi anaia mendira ehiza egitera, eta izugarrizko ekaitza etorri zitzaien gainera. Babesteko asmoz, inguru haietan zegoen etxola handi batean gorde ziren. Berehala, atzetik artalde bat sartu zen, eta, haiekin, artzaina, begi bakarreko gizon handi bat. Sartu ahala, harri handi batekin itxi zuen sarrera, eta berehalaxe konturatu zen bi anaiak barruan zeudela. Orduan, Tartalok esan zien anaietan zaharrena jango zuela afaltzeko, eta gaztea hurrengo egunerako utziko zuela. Horrela, bada, hartu zuen anaia zaharrena, erre egin zuen sutan, eta jan egin zuen. Betekadaren ondoren, lurrean etzanda, zerraldo gelditu zen lotan. Hura ikusirik, Antimuñok, anaia gazteak, burruntzia sutan goritu eta begi bakarrean sartu zion. Tartalo marruka altxatu zen, eta, burruntzia begian iltzatua zuela, gaztearen bila hasi zen, baina itsu zegoen, eta ardi tartean ezin izan zuen aurkitu anaia gaztea. Goizean, ateko harritzarra kendu, eta irteeran kokatu zen hanka zabalik. Ardiei banan-banan haien izenez deitu, eta hanka tartetik ardiak kanporatzen hasi zen, anaia gaztea harrapatzeko asmotan. Gazteak, ardi-larru bat bizkarrean zuela, lau hankatan, beste ardiekin batera, kanpora ihes egin zuen, Tartaloren hanka tartetik. Tartalok igarri egin zuen, eta, gaztearen hanka hotsari jarraituz, haren atzetik abiatu zen lasterka. Gazteak, ibai batera jauzi egin, eta alde egin zion igerian. Tartalok ez zekien igeri egiten, eta ito egin zen.

Zegama inguruko koindairaren aldaera baten arabera, bigarren gizakiak, ihes egin aurretik eraztuna ostu zion Tartalori. Ondoren, ardi-larrua jantziz ihes egin eta berehala, korrika abiatu zen, haren burua salbu jarru naihan. Orduan, eraztuna oihuka hasi zen:

- hemen nago! hemen nago!

Tartalo deiadar hauen atzetik itsu-itsuan lasterka abiatu zen. Gizakia eraztuna ateratzen saiatu zen arren, ezin izan zuen eta Tartalo geroz eta gertuago zuenez, urduritasunak hartuta, hatza moztu eta putzu batera jaurti zuen. Tartalo putzura jausi eta bertan ito zen.

Irakaspena aldatu

Behar duenari laguntza eskaintzea garrantzitsua da eta baita eskatzea ere, betiere gauza gehiegi eskatu gabe. Bestalde, aurreiritziei garrantzia gehiegi eman behar ez zaiela ere helarazten digu.

Tartaloren oso antzekoa den beste pertsonaia mitologiko bat aldatu

Euskal Herritik kanpoko mitologian bada Tartaloren parekoa den beste pertsonaia bat: Ziklopea edo Polifemo.