Stockholm hiriaren kokapena Suediako mapan.

Stockholm ipar Europako hiri bat eta Suediako hiriburua da. 2014ko datuen erabera, 952.000 biztanletik gora ditu, eta, metropoli-eremua kontatuz, 1,5 milioitik gora. Kopuru hori oso handia da, kontuan izanik Suedia osoan 10 milioi lagun inguru bizi direla.

Suediako Legebiltzarrak eta Gobernuak hiri honetan dute egoitza; hau da, hiri honetan kokatuta daude.

Geografia

aldatu

Itsaso Baltikoaren ertzean dago, Suediaren ekialdeko kostaldean. Hiriko alde zaharra Stadsholmen izeneko uhartean dago; berez, hiria hamalau uhartetan eraikita dago, kanal edo ubide asko ditu eta 57 zubi ditu uharte horiek batzeko. Hiriaren beste zati bat kontinenteko lurrean dago.

Historia

aldatu

Hiria XIII. mendean sortu zen, Erdi Aroan, inguruetako lurrak defenditzeko gotorleku modura; baina laster iritsi zen herrialde hartako hiririk handiena izatera. Hiria laster hasi zen loratzen merkataritzari esker, eta itsaso Baltikoan sortu zen Hansako Liga izeneko merkataritza-antolakundeko hirietako bat zen.

XV. mendean, 1419an zehazki, Suediako hiriburu izendatu zuten eta Suediako hiririk handiena zen, 6.000 biztanlerekin. XVI. mendean, Gustavo Ia. Suediako erregeak hiri honetan jarri zuen bere egoitza eta 1600erako hiriak 10.000 biztanletik gora zituen. Dena dela, hiriak ez zuen oso garrantzi handia izan XVII. mendera arte, Suedia Europa mailako potentzia bat bihurtu zen arte. Bide batez, garai hartan, hiriko biztanle gehienak alemaniarrak ziren jatorriz.

Ekonomia

aldatu

Hiri honetan teknologia handiko enpresa garrantzitsuak daude: adibidez, Ericsson (telefono mugikorrak) eta Electrolux (sukalde-tresnak). Turismoak ere garrantzi handia hartu du azken urteetan, eta hiriak 7 milioi bisitari baino gehiago izaten ditu urtean.