Luke Skywalker eta Darth Vader.

Star Wars (euskaraz Izarretako Gerra) 1970eko hamarkadan George Lucasek sortutako zientzia-fikzio espazialeko film bilduma da. Bildumako lehen filma 1977an estreinatu zen, eta ordutik beste zortzi film egin dira, baita hainbat telesail ere.

Star Warsek berehalako arrakasta izan zuen, eta ondorioz, bilduma edo saga horren inguruko hainbat produktu egin dituzte, hala nola liburuak, bideo-jokoak, telebista-programak, jostailuak eta arropa.

Sagako lehenengo filmak sei oscar sari irabazi zituen, eta efektu berezietan egindako aurrerapena zela eta, industria zinematografikoa irauli egin zuen. Lucasen efektu berezien konpainiak, Industrial Light and Magic-ek, toki exotikoetan bizi ziren hainbat izaki estralurtar irudimentsu eta "droide" mekaniko ugari diseinatu zituen. Borroka espazialak eskalako miniaturekin egin ziren. Sagak efektu berezien arloan aurrerapen nabarmenak egiten jarraitu zuen XXI. mendean. Lucasek Star Warsen lehen filmaz gain, beste bi jarraipen egin zituen: Star Wars V. Atala: Inperioaren Kontraerasoa (1980) eta Star Wars VI. Atala: Jedi Zaldunaren Itzulera (1983).

Lehen filma agertu eta 20 urte baino gehiagora, Lucasek bigarren trilogia bat (hiru filmeko multzo bat) estreinatu zuen. Bigarren trilogia horretan, originalekoak baino lehenagoko gertaerak erakutsi zituen. Berriz hartu zuen zuzendari papera, izan ere, lehen filma zuzendu zuen, baina ez ondorengo biak. Aktore gazte berriak erabili zituen, baita bideo digitalaren teknologian egin berri ziren aurrerapenak ere. Star Wars I. Atala: Mamu Mehatxua (1999), Star Wars II. Atala: Klonen Erasoa (2002) eta Star Wars III. Atala: Sitharren Mendekua (2005) oso arrakastatsuak izan ziren, nahiz eta jatorrizko trilogiak baino kritika on gutxiago jaso zuten.

Zazpigarren filma, Star Wars VII. Atala: Indarraren Iratzartzea, 2015ean estreinatu zen. Walt Disney konpainiak ekoitzitako bildumako lehen filma izan zen, horrek 2012an Lucasfilms Ltd. erosi baitzuen. Filmean pertsonaia berriak aurkeztu ziren eta pertsonaia kuttunen historiak landu ziren, hala nola Han Solo eta Leia printzesaren istorioak. Star Wars VIII. Atala: Azken Jediak (2017) sagarekin jarraitu zuen eta Luke Skywalker berriz sartu zen argumentuan. Star Wars: Skywalkerren altxamendua edo Star Wars IX. Atala: Skywalkerren altxamendua ere deitua, 2019an estreinatu zen. Star Wars bildumako bederatzigarren filma eta azkena izan zen.

Argumentua aldatu

Star Wars galaxia oso urrun batean girotuta dago, duela urte asko, eta protagonista nagusia Luke Skywalker da, mutil gazte bat, inperio autoritario baten eta indar errebeldeen arteko planeten arteko gerra batean murgilduta dagoena. Skywalkerrek eta Han Solo kontrabandistak Leia printzesa salbatu nahi dute, Darth Vader maltzurraren espazio-estazio handi batean gatibu baitago. Filmaren eta bildumaren muina Skywalkerrek Jedi Zaldunak bilatu eta beraiekin bat egin nahi duela da. Zaldun horiek “barne indarra” baliatzen eta manipulatzen dute, hau da, ongiaren eta gaizkiaren arteko oreka mantentzen duen esentzia espiritual bat, eta gerlari on nahiz gaiztoak daude talde horretan.

Ondorengo filmetan pertsonaien inguruko datu gehiago azaltzen dira. Lukeren aitak, Anakin Skywalkerrek, gaztetan Obi-Wan Kenobi ezagutu eta barne indarraren bideak eta Jedi bilakatzeko moduak ikasten ditu. Nahiz eta berez Jediak ezin diren ezkondu, Anakin Padmé Amidalarekin maitemintzen da eta ezkondu egiten dira. Geroago, Anakin alde ilunerantz joan eta Obi-Wan Kenobi zein beste jedien aurka jartzen da. Bere burua Darth Vader gisa izendatzen du. Emaztearen aurka jarri aurretik, ordea, Anakinek bi ume izan zituen, Leia eta Luke Skywalker, baina ez daki horiei buruz ezer. Amidala senataria bikiak erditu ondoren hil zen. Jaio ondoren, bikiak banandu egiten dituzte Vaderrek eta Lau Ilunak haurrak aurkitu eta mindu ez ditzaten. Obi-Wan Kenobik Luke Tatooine izeneko planeta batera bidaltzen du bere osaba Owen eta bere izeba Berurekin bizitzeko. Leia Alderaan planetako Bail Organa senatariak hazten du eta Leia Organa printzesa deitzen diote.

Nagusitzerakoan, Luke eta Leia berriz elkartzen dira. Hasieran, ez dakite anai-arrebak direnik baina denborarekin ohartzen dira. Inperio Galaktikoa deitutako gobernu gaiztoaren aurka borrokatzen laguntzen dute. Lukek Obi-Wan Kenobi eta Yodaren laguntzaz Jedien bideak ere ikasten ditu. Azkenean, Inperioa garaitzen dute, errebeldeen laguntzarekin, eta Lukek bere aita Anakini berriz ona izaten laguntzen dio. Zoritxarrez, Anakin hil egiten da. Orduan galaxia salbu egoten da denbora batez.

Hogeita hamar urte geroago, ordea, iraganeko Inperioa berriz berpizten da Lehen Ordena formarekin. Hala ere, Errepublika Berriak ez du uste hori arazo bat denik. Beste batzuek, ordea, arriskutsua izan daitekela uste dute eta erresistentzia osatzen dute, Leiaren gidaritzapean. Luke desagertu egiten da eta Leia Han Solorekin ezkontzen da. Bikoteak seme bat izaten du, Ben, baina Lehen Ordenak galbideratu eta Kylo Ren izena hartzen du. Rey, basamortuko zaborketari bat, Hanekin Lehen Ordenaren aurka borrokatzen da, baina Kylo Renek Han hiltzen du. Hala ere, Reyk Lehen Ordenari irabaztea lortzen du Erresistentziaren laguntzarekin. Orduan aurkitzen du Reyk Luke, zeina lehen Jedi tenplua eta Jediei buruzko ezagutza gehiago bilatzen ari zen.