Sare trofikoa ekosistema bateko izaki bizidunen arteko elikadura-harremanen irudikapena da.

Ekosistema bateko bizidunen artean sortzen diren harremanen artean garrantzitsuena elikadura-harremana da. Landareak eta algak bezalako ekoizleak izan ezik, gainerako bizidun guztiok beste zenbait bizidun janez elikatzen gara.

Bizidunek elikatzeko duten moduaren arabera, hainbat elikadura-mailetan banatzen dira, maila trofiko izenez ezagutzen direnak. Elikadura maila horiek, kate baten antzera lotuta, kate trofikoak eratzen dituzte. Kate trofikoak, ekosistema bateko bizidunen arteko elikadura adierazten duten segida sinple eta linealak dira. Kate horietan, izaki bizidunak gezien bidez lotzen dira, nork nor jaten duen adierazteko.

Nolanahi ere, ekosistema bateko elikadura-harremanak hori baino konplexuagoak dira; espezie bakoitzak elikagai bat baino gehiago jan baitezake, eta era berean, organismo askoren elikagai izan baitaiteke. Horregatik, kateen artean loturak egiten dira eta sare trofikoa izeneko sarea sortzen da, ekosistema bateko elikadura harreman desberdinak irudikatuz.

Zeintzuk dira kate trofikoaren maila trofikoak? aldatu

 
Lehorreko eta uretako kate trofikoen ereduak.
  • Ekoizleak: elika-katearen oinarrizko mailetan daude. Hau da, haiei esker, ekosistemako gainerako izaki bizidunak elikatzen dira. Elikadura autotrofoa dute, hau da, beren kabuz sortzen dituzte bizitzeko beharrezkoak dituzten elikagaiak fotosintesi deritzon prozesuaren bitartez. Alegia, aireko C02-a eta lurreko ura hartzen dute, eta eguzkiaren energiaz baliatuz, eurak bizitzeko, hazteko eta ugaltzeko beharrezkoak dituzten elikagaiak (azukreak) sortzen dituzte. Landareak eta algak dira maila honetakoak. Gainera, badira autotrofoak diren bakterioak ere.
  • Kontsumitzaileak: elikadura heterotrofoa dute, hau da, mantenugaiak beste bizidunak janez lortzen dituzte eta hiru maila ezberdinetan banatzen dira:
    • Lehen mailako kontsumitzaileak (belarjale): ekoizleez elikatzen dira, hau da, landareez (belarrak, zuhaitzen hostoez...) elikatzen direnak, behia, oreina edo erbia bezala; eta baita algez ere, esaterako, itsasoko zooplanktonaren edo animalia txikien kasuan.
    • Bigarren mailako kontsumitzaileak (haragijale): animalia belarjaleez elikatzen dira, alegia, lehen mailako kontsumitzaileak jaten dituzte.
    • Hirugarren mailako kontsumitzaileak (haragijaleak): hauek ere haragijaleak dira baina, haragiaz elikatzen diren animaliak jaten dituzte, hau da, bigarren mailako kontsumitzaileak. Esaterako, otsoak untxia jaten duenean.
  • Deskonposatzaileak: bizidunen deskonposizioan (usteltze-prozesuan) laguntzen dute eta deskonposatutako materia horretaz elikatzen dira. Horri esker, bizidun horien hondakinetako elikagaiak berriro ere lurrera itzultzen dira, elikadura zikloari itxiera emanez. Mota honetako bizidunen artean, aipatzekoak dira bakterioak, eta onddoak.

Piramide trofikoak aldatu

Piramide trofikoak ekosistema bateko elikadura-harremanen adierazpen grafikoak dira, eta hauen bidez grafikoki adierazten da zer-nolako aldaketak dauden ekosistema bateko maila trofikoen artean, ezaugarri jakin batekiko.

  • Biomasaren piramideak: Piramide-mailek maila trofiko bakoitzaren biomasa adierazten dute. Biomasa deritzo banako batek, maila trofiko batek edo ekosistema batek osagai duen materia organikoaren kantitateari, eta honela neurtzen da: ekosistema batean azalera- edo bolumen-unitateko dagoen materia organiko lehor guztia, gramotan edo kilogramotan. Maila trofiko batetik bestera, biomasa murriztu egiten da.
  • Energia piramideak: Maila trofikoen arteko energia-fluxua adierazten dute. Piramide-maila bakoitzak maila trofiko batean pilatutako energia adierazten du, denbora jakin batean. Maila trofiko batetik bestera, energia gutxiago dago izaki bizidunentzat eskuragarri.
  • Kopuruen piramideak: Piramide-mailek maila trofiko bakoitzaren banakoen kopurua adierazten dute, azalera- edo bolumen-unitateko. Maila trofiko batetik bestera, izaki bizidunen kopurua ere murriztuz doa.

Energia eta materia ekosistemetan aldatu

Landareak eta beste izaki autotrofoek sartzen dituzten elikagaiei esker (azukrea bezalako materia organikoa, hain zuzen), izaki bizidun guztiek bizitzeko beharrezkoa dugun materia eta energia eskuratzen dugu.

Energia-fluxua aldatu

Energia iturri nagusiena Eguzkia da. Organismo autotrofoek, hau da, ekoizleek (landareek, algek…), argi-energiaren zati bat energia kimiko bihurtzen dute fotosintesiaren bidez, eta ekoizten duten materia organikoan pilatzen da energia hori. Hau da, landareek sortzen dituzten elikagaiek (azukreak adibidez), gordetzen dute izaki bizidunek bizitzeko erabiltzen dugun energia. Energiak noranzko bakarrean zeharkatzen ditu maila trofikoak, maila trofiko batetik bestera bere eskuragarritasuna gutxituz.

Organismo ekoizleek eta kontsumitzaileek energia horren zati handi bat arnasteko, hazteko eta prozesu metabolikoa egiteko erabiltzen dute. Maila trofiko bateko energiaren %10 hurrengo mailako organismoetara igaro daiteke. Beste zati bat ingurunera askatzen da, bero gisa, eta ez da berrerabiltzen. Maila trofiko bateko energia kantitatea gaineko mailakoa baino handiagoa da beti.

Materiaren zikloa aldatu

Ekosistema bateko materiaren fluxua ziklikoa da, hau da, materia ez da galtzen, etengabe birziklatzen baita.

Esan bezala, ekoizleek sortutako materia organikoa euren eta gainerako izaki bizidunen elikagai bihurtzen da. Hau da, materia eta energia iturria. Materiari dagokionean, izaki autotrofoek sortutako materia organikoari esker, bai eurek bai gainerako izakiak ere, hazi, loditu eta ugaltzen gara.

Izaki deskonposatzaileek (onddo eta bakteriak hain zuzen), ekoizleak eta kontsumitzaileen hondakinetako materia organikoa deskonposatu eta materia ez-organiko bihurtzen dute, beste ziklo bati hasiera emanez. Izan ere, organismo autotrofoek (ekoizleek) materia ez-organikoa erabiltzen dute materia organikoa sortzeko.