👶
Jaiotza
K.a. 494
Atenas
💀
Heriotza
K.a. 429
Atenas
🔨
Lanbidea
politikari
📷
Argazkiak
ikusi
Periklesen bustoa

Perikles Atenasko antzinako agintari edo buruzagi greziar bat zen. Haren gidaritzapean, Atenas inperio boteretsu bat bihurtu zen, eta hezkuntzaren, kulturaren, artearen eta demokraziaren erdigune bat. Haren agintaldiak iraun zuen denbora urrezko aro bat izan zen Atenasen, eta sarri "Periklesen aroa" deitzen zaio.

Perikles K.a. 495ean jaio zen, Atenasko hiri-estatuan. Haren familia aberatsa eta boteretsua zen.

Atenasko boterera iritsi zen K.a. 461 urtearen ondoren eta 30 urtez jarraitu zuen hiria gobernatzen. Denbora horretan, Periklesek hiritartasun-eskubideak eman zizkien Atenasko hiritarrei gobernu demokratikoan parte hartzeko: herritarrek legeak egiten lagun zezaketen, eta auzietako epaimahaietan parte hartu ere bai, epaiketak egiten zirenean. Hori bai, eskubide horiek guraso biak hiritar zituen gizon helduentzat ziren bakarrik; emakumeak, haurrak, esklaboak eta atzerritarrak ez ziren hiritartzat hartzen, Atenasko biztanleen % 88 inguru izan arren.

Periclesek Atenas hobetzeko lan handiak eginarazi zituen, armadaren tamaina handitu zuen eta beste hiri-estatu batzuei babesa eskaini zien ordain baten truke. Periklesen agindupean, Atenasko herriak tenplu berriak eraiki zituen, eta K.a. 447an Partenoia izeneko eraikina eta Atenea jainkosaren estatua egiteko lanak hasi ziren. Periklesek antzinako greziako hiri-estaturik ederrena eta boteretsuena bihurtu zuen Atenas.

K.a. 430ean, izurrite handi bat egon zen Atenasen; Perikles gaixotu eta K.a. 429an hil zen.