Txikipedia:PISA txostena

2012ko PISA ikerketako irakurketari buruzko emaitzen mapa.

PISA txostena edo Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programa, maiz ingelesezko PISA akronimoarekin ezagunagoa, nazioarteko hezkuntza sistemak konparatzeko egiten den ikerketa bat da. Hiru urtean behin, munduko hainbat tokitan, 15 urteko milaka ikasleri azterketa batzuk egiten zaizkie udaberrian. Azterketa horiekin guztiekin ikerketa bat egiten da eta hurrengo urteko abenduaren 6an argitaratzen dira ikerlanaren emaitzak.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA-OCDE) izeneko erakundeak ordaintzen ditu ikerketak eta helburua estatuen hezkuntza sistemen eraginkortasuna neurtzea da. ELGAren PISA proiektua nazioarteko ebaluazio estandarizatua da, 15 urteko ikasleei egiten zaiena. 2000. urtean, 32 estatuk hartu zuten parte; 41ek, 2003an; 57k, 2006an; eta 2009an, 63 estatuk. Eta kopurua goraka joan da azken urte hauetan. 2018. urtean munduko 80 estatuk hartuko dute parte eta horietatik 35 ELGA-OCDEkoak.

Aldez aurretik, ikerlariek emaitza hobeak espero izaten dituzte herrialde aberatsenen hezkuntza sistemetan herri pobreetan baino; baina gero, egindako ikerketek erakutsi ohi dute faktore asko daudela nahasita, emaitza onak edo txarrak azaltzerakoan. PISA ikerketaren helburua da faktore horiek identifikatzea, hezkuntza sistemetan hobekuntzak proposatzeko.

Nolakoak dira probak aldatu

  • Hiru arlotan ebaluatzen da errendimendua: Irakurketa, Matematika, eta Zientziak.
  • Proba guztiak egiteko lau bat ordu behar izaten dira. Erresistentzia proba ere bada.
  • Ordenagailuak erabiltzen dira proba guztietan. Aztertzaileek eramaten dituzte ordenagailuak eta beharrezkoa den softwarea.
  • Hizkuntza ofizial bat baino gehiago dauden tokietan, ikasleek aukeratu behar izaten dute beraientzat ohikoena den hizkuntza, beraien lehen hizkuntza ahal bada.
  • Proba ez dute 15 urteko ikasle guztiek egiten; ondo hautatutako lagin edo multzo batek bakarrik egiten du.

Irakurmena aldatu

Komunikatzeko gaitasunaren parte inportantea da irakurmena. Irakurleak irakurritakoa ulertu behar du eta ulertu duela frogatu. Egiten diren galderak mota askotakoak dira. Galdera batzuen erantzuna testuan bertan dago, begi-bistakoa izaten da. Beste batzuetan, ordea, irakurleak dedukzioen bidez jakin behar izaten du erantzun zuzena zein den.

  • Kontsigna da ariketa ikaslearen lehen hizkuntzan, ama-hizkuntzan, egitea. Edo, besterik ezean, lekuan lekuko hizkuntza ofizial batean, ikaslearentzat ohikoenean.
  • 2018. urtean irakurmena izango da gehien ikertuko den alorra.

Matematika aldatu

Eguneroko bizitzari lotutako problema matematiko arruntak ebatzi behar izaten dira. Ez dira formula matematiko bitxiak buruz ikasi behar. Problema logiko-matematikoekin ohituta eta trebatuta egon behar da emaitza onak lortzeko.

Zientziak aldatu

Egunerokotasunean sor daitezkeen problema batzuk konpondu edo ebatzi behar izaten dira, zientzia-metodologia erabiliz eta ezagupen zientifikoetan oinarrituz.

Zer ebaluatzen da aldatu

Konpetentziak ebaluatzen dira, ez ikasitako edukiak bakarrik.

  • Batez ere irakurritakoaren ulermenari lotutako gaitasuna, (ikaslearen lehen hizkuntza ofizialean),
  • Matematikako konpetentzia (2018an finantza gaietako galdera sorta egingo zaie), eta
  • Zientzietarako konpetentzia. (2018an ikasleek IKTei buruz duten ezagutzari buruzko galdera sorta egingo zaie.

Kanpoko loturak aldatu