Ordoki bat irudiaren atzealdean

Ordoki bat erliebe geografiko mota bat da. Maldarik gabeko eta garaiera txikiko lur eremu bat da, eta ibarren beheko aldean aurki daiteke gehienbat. Garaiera handia badu, goi-ordoki deitzen zaio.

Erliebe mota egokienetakoa da nekazaritza eta abeltzaintza garatzeko. Ordokiek, orotara, lurrazalaren heren bat hartzen dute, eta, Antartikan izan ezik, kontinente guztietan daude.

Ordokiak lurrazaleko eremu lauak dira, eta modu askotan era daitezke: haizearen, uraren eta izotzaren higadura-indarrari esker, lurpeko indarren eraginez, laba lurrazalean pilatzean, izotza urtzean, aintzirak agortzean eta itsasoa atzeratzean, besteak beste.

Ordoki gehienak higaduraren ondorioz sortzen dira. Haizeak eta, batez ere, urak edo izotzak higatu egiten dituzte mendiak, eta mendietatik ateratzen dituzten materialak sakonuneetan uzten dituzte. Gero, denboraren poderioz, material horiek berdindu egiten dute sakonunea, eta eremu laua eratzen da. Horrela eratu zen, esaterako, Kanadako hego-ekialdeko ezkutua.

Beste ordoki batzuk, berriz, lurpeko indarren ondorioz sortu dira. Horrela eratu ziren Ameriketako Estatu Batuetako Coloradoko ordokia eta Espainiako Meseta (Iberiar goi-lautada), besteak beste.

Beste ordoki batzuk antzinako glaziazioen ondorioz sortu ziren; hau da, antzina izotza izan zen tokietan lurra berdintzean eta izotza urtzean, eremu lauak sortu ziren.

Ibaiek ere sortzen dituzte ordokiak. Ibaiak, handitzen denean, bazterrak eta hondoa higatzen ditu, eta gero, txikiagotzen denean, ordoki edo haran zabal bat uzten du, buztinez eta material finez estalita.

Beste ordoki asko, Europako iparraldekoak eta Ipar Ameriketako ipar-ekialdekoak, adibidez, itsasoak atzera egin zuenean sortu ziren.