Giza oinaren anatomia.

Oina gizakion eta beste animalia ornodun batzuen hanken beheko zatia da, lurra ukitzen duena.

Gizakiok gara oinen gainean bakarrik ibiltzen garen ugaztun bakarrak; horri esker, eskuak libre ditugu haietan zerbait hartzeko. Badirudi horrek garrantzi handia izan duela gizakion eboluzioan.

Gizakion oinak

aldatu

Gizakion bi oin ditugu, eta ibiltzeko edo lasterka aritzeko erabiltzen ditugu, eta, gainera, haien gainean zutik egon gaitezke. Gizakion oinak aurrerantz irtenak daude eta orkatila deitzen dugun artikulazio edo giltzadurari esker mugi daitezke.

Gizakion oina oso ondo egokituta dago egin behar duen lanerako. Haren zati txiki guztiak oso ondo koordinatuta daude gure gorputzaren pisuari eusteko eta lurraren gainean ibili ahal izateko. Horretarako, 19 gihar eta 26 hezur ditugu oinetan. Oinetako hezurrak arku forman eratuta daude, zutik geratu eta ibili ahal izateko eta, halaber, gorputzaren pisua hobeto banatzeko oinean. Hezurren arteko artikulazioek oinaren mugimenduak errazten dituzte.

Oinetako hezurrak lotailu, tendoi eta muskuluen bidez lotuta daude elkarri eta hankari. Bi arku osatzen dituzte: bata, arku longitudinala izenekoa, orpotik behatzetaraino doa; bestea arku erditartsianoa da. Oinari sendotasuna ematen diote eta gorputzaren pisuari eusten laguntzen dute; arku longitudinalak, gainera, bultzada ematen dio pausoari ibiltzen garenean.

Oinek muskulu lodiak dituzte beheko aldean, ibiltzean edo lasterka aritzean jasotzen dituzten kolpeak arintzeko.

Oinaren mugimendua, neurri handi batean, bernaren beheko aldean dauden giharren bidez kontrolatzen da; orkatiletik pasatzen diren tendoi batzuek lotzen dituzte gihar horiek hankara. Orkatila —orpoaren gainean dagoen artikulazioa— da bernaren eta oinaren arteko mugimendua posible egiten duena.

Bestalde, behatzak ere artikulatuta daude, oina errazago tolestu ahal izateko eta, haiei esker, ibiltzeko mugimendua oso modu leunean egiten dugu.

Zein dira oinaren zatiak?

aldatu

Oinaren zati batzuk bereizten ditugu:

  • Orpoa: oinaren atzeko zatia, orkatilaren azpian dagoena.
  • Oinazpia edo oin-zola: oinaren azpiko aldea, orpotik behatzetarainoko zatia.
  • Oinbularra: oinaren gainaldeko zatia, arku-formakoa, orkatilatik behatzetaraino doana.
  • Behatzak: oinaren aurreko aldean dauden bost egitura artikulatuak.

Oinak ondo zaindu behar ditugu

aldatu

Gure oinak oso garrantzitsuak dira gure eguneroko bizitzan; horregatik, ondo zaindu behar ditugu. Atsedena eta garbitasuna behar dute. Galtzetin egokiak ipini behar dizkiegu ibiltzen garenean babarik edo kailurik ez ateratzeko; gainera, erabiltzen ditugun oinetakoek neurri zehatza eduki behar dute, bestela mina emango digute eta, denborarekin, oinaren egitura deformatzera irits daitezke. Hori gertatuz gero, arazo handiak izango ditugu ibiltzean.