Nartziso eta Eko.

Nartziso greziar mitologiako mutil gazte oso-oso eder bat zen; neska guztiak zeuden harekin maiteminduta, baina berak alde batera uzten zuen beti maitasuna eta ez zuen inorenganako interesik. Jaio zenean, gurasoek semearen etorkizuna zein izango zen galdetu zioten Tiresias izeneko igarle bati, eta hark Nartziso zahartu arte biziko zela erantzun zien, betiere bere burua ikusten ez bazuen. Iragarpenari iskin egitea erraza izango zela zirudien, egin behar zuten gauza bakarra Nartzisoren bizitzatik ispiluak kentzea eta haren aurpegia islatuko zuen edozein objektu desagerraraztea zen.

Urteak aurrera joan ahala, Nartziso hazi egin zen eta inguruko ninfa zein neska gazteen harribitxi desiragarri bihurtu, nahiz eta hark beti denei ezetz esan. Nartzisoren jarrerak neska gazte asko mindu zituen, horien artean Eko deituriko ninfa.

Eko basoetako ninfa bat zen. Herak, Zeusen emazteak, zigortu egin zuen, Zeus beste emakume batzuekin zegoen bitartean Ekok entretenitzen baitzuen bera, hizketa luzeak eginez. Hera horretaz guztiaz konturatu zenean asko haserretu zen ninfarekin eta zigortu egin zuen: momentu hartatik aurrera, Ekok ezingo zuen beti bezala hitz egin. Bere ahotsak ahoskatu zezakeen gauza bakarra esaten zizkioten azken hitzak ziren (oihartzunarekin gertatzen den bezala).

Eko, normal hitz egin ezin zuelako lotsatuta, basoko kobazulo batean ezkutatu zen. Bertaraino heldu zen egun batean Nartziso gaztea, beti bezala bere pentsamenduetan murgilduta. Ekok ikusi zuenean, liluratuta geratu zen, baina bere hitz egiteko zailtasunekin lotsatuta, ez zuen harengana hurbiltzeko ausardiarik izan.

Nartziso gehiagotan itzuli zen inguru haietara. Eko haren zain egoten zen eta atzetik jarraitzen zion, beti urrutitik, Nartzisok ikusiko zuen beldurrez. Baina egun batean adartxo bat zapaldu zuen eta, zaratak salatuta, Nartziso atzetik norbait zuela konturatu zen.

Ibiltzen jarraitu ordez, Nartziso zain geratu zen. Nartzisok deskubritu zuela konturatu zenean, Eko gorri-gorri jarri zen. Zergatik jarraitzen zion galdetu zion mutilak, baina Ekok mutilak esandako azken bi hitzak baino ezin izan zituen errepikatu.

Nartzisok hizketan jarraitu zuen, baina Ekok ezin zion sentitzen zuen guztia esan. Azkenean, animalien laguntzaz Nartzisok nolabait ulertu zuen Eko berarekin maiteminduta zegoela. Eko Nartzisori begira geratu zen, erantzun baten zain, irrikatan... Baina Nartzisoren irribarre izoztu batek mila zatitan apurtu zion bihotza.

Izan ere, Nartzisok barre egiten zien Ekori eta hark sentitzen zuen maitasunari; horregatik, Ekok tristuraren tristuraz hiltzea erabaki zuen. Zer egin ez zekiela, bere kobazulora joan zen, geldi egon zen bertan, ezer jan gabe eta bere baitarako Nartzisok esan zizkion azken hitzak errepikatuz: “Ze inozoa... Ze inozoa”.

Nartzisok uko egindako neska gazteek jakin zutenean Ekori pasatutakoa, jainko-jainkosengana jo zuten mendeku bila. Nemesisek, justiziaren eta elkartasunaren jainkosak, entzun zituen eta honakoa egin zuen: uda beteko egun eguzkitsu batean, ehizaldi baten ostean, Nartziso iturri baten aurrean makurtuarazi zuen egarria asetzeko.

Nartziso edo lilipa izeneko lorea.

Eta bertan, ura edateko zorian zegoela, Nartzisok bere buruaren isla ikusi zuen. Tiresiasek igarri zuen gisan, bere buruaren irudia ikusteak asaldatu egin zuen Nartziso: itsutu egin zuen bere buruaren edertasuna uretan islatuta ikusteak. Bere buruaz maiteminduta eta erabat liluratuta, guztiaz ahaztu egin zen, baita jateaz ere, eta, denboraren burun, bertan hil zen. Batzuen arabera ahuleziak jota hil zen, bere buruari begira orduak eta orduak pasatu ostean. Beste bertsio batzuen arabera, hainbeste gustatu zitzaion bere aurpegia, non bere buruarekin bat egiteko ahaleginetan uretan ito baitzen. Batera zein bestera, Nartziso hil zen lekuan, lore berri bat hazi zen. Haren izena hartu zuen loreak, nartziso (edo lilipa); erreken alboan jaiotzen da lore hau eta uretan islatzen da beti.