Txikipedia:Nafarroako zona klimatikoak

Nafarroako mapa.

Nafarroan lau zona klimatiko bereiz ditzakegu:

  • zona atlantikoa, ipar-mendebaldean: Zona klimatiko honek kantauriar ibarrak, Arakilgo korridorea eta, hegoaldean Urbasa eta Andia mendilerroak hartzen ditu.
  • pirinioaldea, ipar-ekialdean: Zona klimatiko honek barnean hartzen ditu piriniar ibarretako ipar zatiak, Esteribartik hasita (mendebaldean) eta Hueskako mugaraino (ekialdean), hego zatiak ezik.
  • erdialdea, erdigunean: Nafarroako erdialdeak zabaltasun handiko eremua hartzen du: iparraldetik, aurre Pirinioko, Iruñea eta Agoitz-Ilunberriko arroak eta Pirinio ibarretako behe tarteunea. Hego-mendebaldetik Lokitz eta Urbasa mendilerropeko lurrak, eta hegoaldetik mugakide ditu Arroniz, Gares eta Casedako inguruak, baita Uxueko mendilerroa ere.
  • hegoaldea: aurrekoen azpitik gelditzen diren Nafarroa hegoaldeko lurrak. Iparraldean erdialdea du mugakide. Erribera osoa barne hartzen du, eta iparralderaino hedatzen da Gares, Erriberri eta Caseda barruan dituela.

Zona bakoitzaren ezaugarri klimatikoak aldatu

  • zona atlantikoa: lurralde hauetan, klima ozeanikoa edo mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa da: itsasoaren hurbiltasunagatik, haren eragin handia jasaten du, euri, laino eta langar ugariekin. Nafarroako eskualderik euritsuena da. Tenperaturak ez dira muturrekoak izaten. Urbasa mendilerroaren hegoaldeko muturrean klima berdina da, baina uda lehorrekin.
  • pirinioaldea: eremu honetan, klimaren ezaugarriak kantauriar ibarretako klimarenak baino kontinentalagoak dira, itsasotik urrunago dagoelako eta lurraldearen altitudea handiagoa delako. Klima ozeanikoa edo mendebaldar kostaldeko itsasaldeko klima mota da, neguak hotzagoak badira ere. Gailurrik garaienetan, litekeena da klima azpialpetarra edo klima kontinentala izatea, uda freskoekin, negu oso hotz eta elurtsuekin.
  • erdialdea: eremu honetan bi zona klimatiko bereizten dira: iparraldean, aurre Pirinioetako arroek eta Pirinio ibarretako hego tarteguneek mendebaldar kostaldeko itsasaldeko klima dute (bi hilabete lehor); eremuaren hegoaldean, berriz, klima mediterraneoa dute, uda freskoekin, uda lehorra baita. Hego-ekialdeko lur muturrean salbuespena dago, Tabar eta Izko mendilerroen ekialdean, han klima azpitropikal hezea baita, kontinentalagoa: uda euritsuegiak klima mediterraneoa izateko eta epelegiak itsasaldekoa izateko.
  • hegoaldea: zona honen iparraldean, klima mediterraneoa da, prezipitazio nahiko urriekin eta uda bero eta lehorrekin. Urtean metatutako prezipitazioa 600 l/m2-era iristen da erdialdearekin egiten duen mugan, eta murrizten doa hegoaldera jo ahala. Villafrancako hegoaldean Ebro arroko erdialdeko eremuan klima esteparra agertzen da.

Kanpo loturak aldatu