Musulmanen konkistak 750. urtera arte.

Musulmanen konkistak Arabiar penintsulan hasi ziren, Mahoma hil ondoren haren jarraitzaileek islameko erlijio berria zabaltzen hasi zirenean VII. mendearen hasieran, eta haien bitartez Ekialde Hurbila, Erdialdeko Asia, Afrikako iparraldea eta Iberiar penintsula bereganatu zituzten hamarkada gutxitan.

Mahoma Meka hirian predikatzen hasi zen bere doktrina, Kaabako santutegia zeukan hirian, alegia. Bertan merkatari aberatsen etsaia bihurtu zen, politeismoa ukatu eta musulman guztien berdintasunaren alde egiteagatik.

Ondorioz, Mekatik ihes egin eta Jatribe hirira joan behar izan zuen 622. urtean. Urte hura musulmanen egutegiko abiapuntutzat hartu zen. Une hartatik aurrera, Jatrib hiriak Medina izena hartu zuen (profetaren hiria).

Medinan, Mahoma buruzagi politiko eta erlijiosoa bihurtu zen. Gainera, armada bat bildu eta Meka konkistatu zuen 630. urtean. Hil eta bi urte geroago, Arabia osoa bere doktrinapean zegoen batua.

Mahomaren heriotzaren ondoren, eta Arabiar penintsula konkistatu eta gero, musulmanak Mediterraneoaren mendebaldeko lurraldeak konkistatzen hasi ziren. Hamar urtetan bakarrik, 632tik aurrera, Mahomaren jarraitzaileek Ekialde Hurbilaren gehiengoaz jabetu ziren.

Profeta hil eta mende bat ondoren, arabiarren menpeko lurraldea erraldoia zen: Indus ibaitik Atlantikora arte eta Saharatik Pirinioetara, Kaukasora eta erdialdeko Asiaraino. Hedapen-garai horren zati handi bat Omeiatarren gobernupean gertatu zen. Omeiatarrak kalifen dinastia bat ziren, eta Islama gidatu zuten VII. mendearen erdialdetik hurrengo mendearen erdialdera arte. Espainia musulmanean luzatu zen ere, X. eta XI. mendeen artean.

Garaiak aldatu

Konkista musulmanek hainbat garai izan zituzten:

Kalifaldi ortodoxoak (632 – 661) aldatu

Garai honetan, Mahomaren ondorengoak bere familiaren eta lagunen artean hautatu ziren, kalifa edo Jainkoaren mezulari titulua hartu zuten eta Medinan bizi ziren. Hala ere, hasieratik, hautatzeko moduak banaketa bat eragin zuen musulmanen artean, gaur arte iraun duena. Alde batetik xiitak daude, gutxiengoa, eta bestetik sunitak, gehiengoa. Xiitek adierazten zuten kalifak Mahoma profetaren ondorengo zuzena izan behar zuela (adibidez Mahomaren suhia, Ali, bere alaba Fatimarekin ezkondu zena). Sunitek, ordea, kalifa Islamaren sinesle hoberenen artean hautatu behar zela defendatzen zuten.

Garai honetan lau kalifa egon ziren, eta musulmanek Egipto, Siria, Irak eta Iranen zati bat konkistatu zuten, inperio persiarraren eta bizantziarren aurka borrokatuz. Konstantinoplaraino ere iritsi ziren, Bizantziar Inperioaren hiribururaino, baina setio luze baten ondoren erretiratu egin ziren.

Azkenik Iran osoa konkistatu zuten, bai eta Afganistan ere, eta Erdialdeko Asiara sartu ziren Pakistanera iritsi arte (Indiatik gertu).

Kalifaldi omeiatarra edo Damaskoko Kalifaldia (661 – 750) aldatu

Garai honetan, boterea Omeia familiaren eskuetan egon zen. Horiek kaliferriaren hiriburua Damaskora mugitu zuten, Siriara. Horrekin batera, kalifa titulua aitarengandik semeengana pasatuko zela erabaki zuten. Inperio arabiarra garai honetan bere hedapen handienera iritsi zen: omeiatarrek Afrikako iparralde osoa hartu zuten, Magrebeko tribu nomaden (berbereak) aurkako gerra gogor baten ostean, eta ia Iberiar penintsula osoa konkistatu zuten azkar-azkar (711 – 714) bisigodoen aurka. Musulmanek Al-Andalus deitu zuten penintsulan konkistatu zuten lurraldea. Pirinioak gurutzatu eta lurralde gehiago konkistatzen saiatu ziren, baina frankoek geldiarazi zituzten Poitierseko guduan 732an.

Hain lurralde zabala gobernatzeko, kalifek beren boterea lehen ministro edo bisir baten eskuetan utzi zuten, eta probintzia bakoitza emir edo vali batek gobernatzen zuen. Konkistatutako lurraldeetan, musulmanek menderatuko herriei beren erlijioak, legeak eta ohiturak mantentzen utzi zieten. Hala, kristauek eta juduek beren erritoak praktikatzen, komunitateak eta ohiturak mantentzen eta lanak egiten jarraitu ahal zezaketen, baina ordainetan zergak ordaindu behar zizkioten probintziako gobernari musulmanari. Denborarekin, musulmanek (batez ere arabiarrek) abantaila ekonomiko eta sozial handiak zituztenez, konkistatutako lurraldeetako biztanle ugari Islamera aldatu ziren.

Abbastar kalifaldia edo Bagdadeko kalifaldia (750 – 1055) aldatu

Dinastia abbastarrak omeiatarrak tronutik kendu zituenean eta hiriburua Bagdadera mugitu zuenean hasi zen. Omeiatar ia guztiak suntsitu zituzten; azkenekoa Al-Andalusen babesa bilatu eta Kordobako Kalifa-herria sortu zuen. X. mendetik aurrera, Inperioa gainbehera-garai batean sartu zen, musulmanen hedapena gelditu baitzen, musulmanen artean barne-borrokak zeudelako eta Erdialdeko Asiako tribu nomadek inbaditu zutelako (turkiarrek eta mongolek).

Garai honetan, musulmanek Mediterraneo osoa konkistatu eta jarduera komertzial bizi bat hasi zuten, bai lurretik bai itsasotik, Al-Andalusetik eta Afrikako iparraldetik Txinaraino.

1258an, abbastar dinastiak mongolen aurka galdu zuen, baina hala ere mongolak Islamera aldatu ziren eta erlijioa Erdialdeko Asian zehar Indiaraino hedatu zuten.

1453an, turkiarrek Konstantinopla hartu ondoren, Otomandar edo Turkiar Inperioak mundu Islamikoa gidatu egin zuen XIX. mendera arte.