Mendi Harritsuak (ingelesez The Rocky Mountains) Ipar Amerikako mendebaldean dagoen mendikate luze bat da. Mendien artean Ipar Amerikako gailurrik altuenetako batzuk daude. Garai batean kolono eta esploratzaileengandik babesteko barrera edo oztopo paregabe bat izan zen.
Mendi Harritsuek 4.800 kilometro baino gehiagoko luzera dute iparraldeko puntatik hegoaldeko puntara. Toki batzuetan 480 kilometro zabal dira. Estatu Batuetako hainbat estatu hartzen dituzte: Montana, Idaho, Washington, Wyoming, Utah, Colorado eta Mexiko Berria. Kanadan, aldiz, Columbia Britainiarra, Alberta, Yukon eta Ipar-mendebaldeko Lurraldeak. Alaskako mendi batzuk ere Mendi Harritsuen partetzat hartzen dira. Coloradon dagoen Elbert mendia da gailurrik altuena, 4.399 metroko altuerarekin.
Mendi Harritsuetako basoetan lertxun izeneko zuhaitzak, pinu zuriak eta mendebaldeko zedro gorriak daude. Animaliei dagokienez, mufloiak, mendiko ahuntzak, pumak, Amerikako altzeak, elur-oreinak eta grizzly hartzak daude. Bestetik, arrano buruzuriek, arrano beltzek, belatz handiek eta beste hegazti mota batzuek mendien gainetik hegaldatzen dute.
Mendi Harritsuetako paisaia paregabeek turista asko erakartzen dute. Eskualdeko parke nazionalen artean Yellowstone, Jasper, Banff, Yoho eta Kootenai daude. Mendi Harritsuetan mineral mota asko daude. Meategiek kobrea, urrea, zilarra, beruna eta zinka ematen dute. Lurpean badaude petrolioa, gas naturala eta ikatza ere.
Itxura denez, natibo amerikarrak duela 12.000 urtetik bizi izan dira Mendi Harritsuetan. Mendikatearen iparraldean Kootenai, Xoxone, Coeur d’Alene eta Flathead etniak bizi ziren. Hegoaldean, aldiz, Ute, Navajo, Hopi eta Pueblo etniak.
Mendi Harritsuak izan ziren europarrei Ipar Amerika osoa esploratzeko gelditu zitzaien azken zatietako bat; orografia lakarrak eta eguraldi gogorrak esplorazioa zailtzen zuten. 1793an Alexander Mackenzie esploratzaile eskoziarrak Kanadako Mendi Harritsuak igaro zituen. 1805ean Lewis eta Clarken espedizioak Mendi Harritsuak igaro zituen, gaur egun Montana eta Idaho diren tokitik.
Irudi batzuk
aldatu-
Moraine aintzira, Banff National Park, Kanada.
-
Yellowstone parkeko geiserra.
-
Robson mendia, Kanada.
-
Mendi Harritsuak, Denver hiritik ikusita.