Materialak zerbait egiteko erabiltzen diren gai edo substantziak dira. Eskolako ikasmahai bat, esate baterako, zurezkoa, plastikozkoa edo metalezkoa izan daiteke, edo hiru material horien arteko nahasketa batez egon daiteke osatuta.

Objektu bat diseinatu eta ekoizterakoan, garrantzitsua da material egokienak aukeratzea. Materialek hainbat nolakotasun edo ezaugarri dituzte, hala nola iraunkortasuna, kolorea eta gogortasuna, eta kontuan izan behar ditugu ezaugarri horiek. Badaude garrantzitsuak izan daitezkeen beste faktore batzuk ere, adibidez, prezioa eta eskuragarritasuna.

Material motak

aldatu

Izaki bizidunetatik datozen materialak

aldatu

Zuhaitzak erabiltzen dira zura, papera eta kartoia egiteko. Behien azalarekin larrua egiten da, ardien ilajearekin artilea, eta kotoia kotoi-landaretik dator. Nakarra material gogor, distiratsu eta koloretsu bat da, bitxigintzan edo objektuak apaintzeko erabiltzen dena, eta animalia batzuen maskorren barnealdetik ateratzen da.

Izaki bizidunetatik ez datozen materialak

aldatu

Metalak lurreko arroketatik erauzten dituzte. Klera, buztina, ikatza eta hondarra, era berean, izaki bizidunetatik ez datozen materialak dira.

Material batzuk elementu bizidun eta bizigabeen arteko nahasketak dira. Lurra, esaterako, hainbat osagaiz dago osatua: izaki bizidun ñimiñoz, hildako landarez, harriz eta arroka, aire eta ur partikula txikiz.

Materialen nolakotasunak

aldatu

Materialek nolakotasun jakin batzuk dituzte. Garrantzitsua da material baten ezaugarriak ezagutzea, erabili behar dugunerako egokia den ala ez erabakitzeko. Askotariko materialak daude: bigunak, gogorrak, malguak, zurrunak, gardenak, opakuak (argirik pasatzen uzten ez dutenak), zimurtsuak, leunak, distiratsuak, distirarik egiten ez dutenak...

Esate baterako, beira material garden, gogor eta leuna da. Beiraren forma aldatu egin daiteke lantzerakoan, iragazgaitza da eta erraz hausten da. Leihoak, ontziak, betaurrekoak eta beste objektu asko egiteko erabiltzen da. Plastikoa oso bestelako materiala da: sendoa, iragazgaitza eta iraunkorra da. Gardena nahiz opakua izan daiteke. Egunero erabiltzen ditugun objektu asko egiteko erabiltzen da, hala nola botilak, poltsak, jostailuak eta ordenagailuak.

Propietate fisiko eta kimikoak

aldatu

Material guztiek dituzte propietate fisikoak. Propietate fisikoak materiala aldatu gabe neurtu ditzakegun propietateak dira. Kolorea, kopurua, gogortasuna eta tenperatura, adibidez, propietate fisikoak dira.

Propietate kimikoak ere badituzte material guztiek. Material bat, dituen propietate kimikoen arabera, substantzia ezberdin bilakatu daiteke egoera jakin batean. Esate baterako, material batzuk herdoildu egiten dira euriak busti egiten baditu. Material bat erraz herdoiltzen den ala ez propietate kimiko bat da. Papera eta zura errauts bilakatzen dira sua ukitzerakoan. Material batek erretzeko duen erraztasuna beste propietate kimiko bat da.

Material isolatzaile eta eroaleak

aldatu

Material batzuk isolatzaileak dira, eta beste batzuk eroaleak. Bi hitz hauek materialen propietate fisiko bat irudikatzen dute: zenbateraino diren beroa edo argindarra garraiatzeko gai.

Beroa leku beroetatik leku hotzetara mugitzen da, eta isolatzaile termikoek mugimendu hori galarazi edo oztopatu egiten dute. Ehunak, adibidez, isolatzaile termiko onak dira, aire beroari heldu egiten baitiote eta ez baitiote urruntzen uzten. Arropa beroa poliesterrez, artilez edo antzeko ehunez egiten dute, gorputzeko berotasuna gordetzeko.

Eroale termikoetan zehar, berotasuna azkarrago mugitu daiteke. Metalak eroale termikoak dira, eta horregatik daude eltzeak metalez eginda.

Argindarra oso erraz mugitzen da material batzuetan zehar, bereziki metaletan. Material horiei eroale elektriko deitzen zaie. Argindarra garraiatzen ez duten materialei, hala nola plastikoari eta kautxuari, isolatzaile elektriko deitzen zaie.

Materialen aldaketak

aldatu

Ohikoa da materialek aldaketak jasatea. Aldaketa horiek naturan gertatu daitezke, edo pertsonek eginak izan daitezke. Materialek aldaketa fisiko edo kimikoak izan ditzakete.

Aldaketa bat fisikoa bada, esan nahi du material horren forma aldatu egin dela baina substantzia bera izaten jarraitzen duela. Esate baterako, arkatz bat erditik zatitzean aldatu egiten da haren forma, baina hura osaten duten substantziak ez dira aldatzen. Ur izoztua, alegia, izotza, berotzen badugu, urtu eta ur likido bilakatuko da. Hala ere, ur izoztua eta ur likidoa substantzia bera dira: ura.

Aldaketa kimiko bat gertatzen denean, material bat guztiz eraldatzen da, eta emaitza substantzia guztiz berri bat da. Materiala osatzen duten egitura txikienak, molekulak, hautsi egiten dira eta molekula berriak sortzen dituzte. Adibidez, egurra erretzerakoan, egur molekulak aldatu egiten dira eta ke eta errauts molekula berriak sortzen dituzte. Burdina oxigenoaren eta hezetasunaren eraginpean geratzen bada denbora luzez, burdin molekulak aldatu egingo dira eta herdoil molekula berriak osatuko dituzte. Aldaketa kimikoak ezin dira desegin, aldaketa itzulezinak dira.

Aldaketa fisiko edo kimikoak material bat berotu edo hozterakoan gerta daitezke, adibidez, edo materialak bata bestearekin nahastu edo bereiztean.

Berotzea eta hoztea

aldatu

Material guztiak materiaz daude eginda. Materia espazioa hartzen duen edozer da. Materiaren hiru egoera ohikoenak solidoa, likidoa eta gasa dira. Substantzia bat berotu edo hoztuz, egoera batetik bestera igaro daiteke. Esaterako, ura likidoa da giro-tenperaturan. Behar adina hozten badugu, solido bilakatuko da, izotz, alegia. Aldaketa hau itzulgarria da, berotuz gero berriz likido bilakatuko delako. Material bat egoera fisiko batetik bestera igarotzen denean, aldaketa fisiko itzulgarri bat jasaten du.

Elikagaiak sutan prestatzean, aldaketa kimikoak jasaten dituzte normalean. Arrautza bat frijitzerakoan, testura, forma, usaina eta itxura aldatu egiten zaizkio. Izan ere, arrautzaren barruko molekulak aldatu egin dira beroaren ondorioz. Aldaketa itzulezina da.

Nahastea eta bereiztea

aldatu

Bi substantzia edo gehiago nahastean, aldatu egin daitezke, eta baliteke material berri bat sortzea. Aldaketa hauek itzulgarriak edo itzulezinak izan daitezke.

Substantzia berri bat osatzeko bi substantzia edo gehiago nahasten direnean, substantzia berriari "konposatu" deitzen zaio. Konposatuak aldaketa kimikoen ondorioz sortzen dira. Esate baterako, zementu hautsa eta ura nahasten baditugu, substantzia berri eta iraunkor bat lortuko dugu. Zementua hainbat konposatuz dago osatua. Soilik aldaketa kimikoek bereizi ditzakete konposatu hauek elementu txikiagotan.

Bi sustantzia edo gehiago nahastean substantzia berri bat osatzen ez badute, nahasketa horren emaitzari "nahaste" deitzen zaio. Nahasteak aldaketa fisikoak dira. Edalontzi batean ura eta hondarra nahasten baditugu, hondarra edalontziaren ipurdian pilatuko da. Aldaketa fisiko itzulgarria da, ura iragazi egin dezakegulako eta hondarra lehortzen utzi.

Batzuetan, bi substantzia nahastean nahaste mota berezi bat lortu dezakegu: disoluzio bat. Bi substantzia era homogeneo edo uniformean nahasten direnean gertatzen da hau. Edalontzi batean ura eta azukrea nahasten baditugu, zertxobait irabiatu ostean azukrea disolbatu egingo da. Azukrea osatzen duten molekula ñimiñoak modu uniformean banatzen dira uretan. Azukre molekula bakoitza, ordea, ez da zati txikiagotan bereizten. Ur eta azukre nahaste hori aldaketa fisikoa da, ur eta azukre molekulek berdin jarraitzen dutelako. Beste nahaste guztien antzera, disoluzioak berriz bereizi daitezke. Adibidez, disoluzio hori behar adina berotzen badugu, ura lurrundu egingo da, likido egoeratik gas egoerara igaro alegia, eta azukrea edalontzian geldituko da.

Materialak eta ingurumena

aldatu

Azken urteotan, gero eta garrantzi handiagoa ematen hasi gara biltzen, erabiltzen eta aldatzen ditugun materialek epe luzean ingurumenean izan ditzaketen ondorioei. Materialak ingurumenari kalterik egin gabe erabiltzeari materialen erabilera jasangarria egitea deitzen zaio.

Materialak bildu eta erabiltzeak eragin handia izan dezake ingurumenean eta pertsonen bizitzan. Koltana Kongoko Errepublika Demokratikoko basoetan lurrazpian dagoen material bat da. Telefono mugikorrak eta ordenagailuen piezak egiteko erabiltzen da. 2000ko hamarkadaren hasieran, jende askoren interesa piztu zuen koltanak. Koltana bilatzen zuten langileek oso lan baldintza txarrak zituzten, baina pobrezian bizi zirenez, ez zuten lan egitea beste erremediorik. Koltan meatzeen sorrera kaltegarria izan zen basoetan bizi ziren animalientzat ere. Gorila eta elefanteek beren habitaten zati handi bat galdu zuten, eta meatzari askok ehizatu egiten zituzten jateko.

Lehengai batzuen kopurua mugatua da Lurrean, hala nola petrolioarena, ikatzarena eta gasarena, eta ezin dira ordezkatu agortutakoan. Hortaz, beste energia iturri batzuk aurkitu beharko ditugu.

Beste hainbat lehengai, aldiz, ordezkatu ditzakegu: zuraren kasuan, adibidez, zuhaitz berriak landatuz. Basogabetzearen ondorioz, ordea, bertan bizi ziren beste landare eta animaliak habitatik gabe geratzen dira, ziurrenik betirako.