Malalaren erretratua 2019an.

Malala Yousafzai emakumeen hezkuntzaren aldeko ekintzaile pakistandar bat da, bai eta Nobel Saria irabazitako pertsonarik gazteena ere. 1997ko uztailaren 12an jaio zen, Mingora hirian, Pakistanen. 2008an hasi zen emakumearen alde borrokatzen. Haurra zenean, terrorista talibanek haren herriaren kontrola hartu zuten, hainbat eskolak suntsitu eta neskei eskolara joatea debekatu zieten.

2009an BBC erakundearen webgunerako artikuluak idazten hasi zen. Bere herrian talibanek zuten botereari buruz ziren artikuluak, eta oso arriskutsua zen Malalarentzat hori buruz idaztea; horregatik, artikuluak anonimoak ziren, hau da, izenpetu gabeak.

2012ko irailaren 9an, Malala eskolara joateko autobusera igo zenean, talibanek tiro egin zioten. Baina Malalak bizirik iraun zuen, eta emakumeen hezkuntzaren aldeko lanari ekin zion gogotik.

Bizi izandako zoritxarreko esperientziei aurre eginez, Malalak dokumentalak egiten, idazten eta Pakistango egoera munduan zabaltzen jarraitu du. Bere borroka dela eta, Bakearen Nobel Saria jaso zuen. Giza eskubideen aldeko ekintzaile ospetsua da mundu osoan. [1]


Sariak

  • 2011ko Nazioarteko Haurren Bakearen Sariaren izendapena, KidsRights Foundation-ek haurren eskubideen aldeko taldeak izendatu zuen Pakistango lehen neska.
  • 2013, Simone de Beauvoir saria, Frantzia.
  • 2013, Bakearen Nobel sarirako izendapena, izendatutako gazteena.
  • 2013, Espainiako UNICEF Saria, nesken hezkuntza eskubidearen defentsagatik.
  • 2013, Tipperary Nazioarteko Bakearen Saria, Britainia Handia.
  • 2013, Amnesty Internationalen Kontzientziaren Enbaxadorearen Saria.
  • 2013, Haurren Bakearen Nazioarteko Saria, Herbehereak.
  • 2013, Kataluniako Nazioarteko Saria, Espainia.
  • 2013ko irailaren 27an, Clinton Fundazioaren Clinton Global Citizen saria, Estatu Batuak.
  • 2013, Harvard Unibertsitateko Peter Gomes saria.
  • 2013, Europako Parlamentuaren Pentsamendu Askatasunaren Sakharov Saria.
  • 2013, Mexikoko Diskriminazioa Prebenitzeko Kontseilu Nazionalaren Berdintasunerako eta Diskriminazio Ezaren Sari Nazionala.
  • 2014an, Bakearen Nobel Saria "haur eta gazteen zapalketaren aurka eta haur guztiek hezkuntzarako eskubidearen alde egindako borrokagatik".
  • 2021, BBCk mundu osoko 100 emakume inspiratzaile eta eragingarrien (BBC) aukeraketa batean sartu zuen.

Erreferentziak aldatu

  1. Malala Yousafzai. 2021-03-14 (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).