Maiak Erdialdeko Amerikako herri bat ziren, kultura indartsukoa. Herri maia bizirik dago gaur egun ere; sei milioi lagunek baino gehiagok dute beren burua maiatzat edo mintzatzen dira hizkuntza maia batean. Mexikoko hegoaldean, Belizen, Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren bizi dira. Guatemalan, populazioaren erdia dira ia.
Zibilizazio maia bizirik zegoen Kristobal Kolon Amerikara iritsi zenean, baina ordurako apaldua zuen kultura maila handi hura. Espainiar konkistatzaileak iritsi eta gero, maia asko hil eta kultura eta hizkuntza maia asko desagertu ziren ondorengo mendeetan. XIX. mendera arte, ia inork ez zekien munduan zein garrantzitsua izan zen antzina zibilizazio maia.
Kultura maiaren aztarna zaharrenak duela lau mila urtekoak dira. Beraz, Egiptoko inperioaren eta piramideen garaikoak dira. Maiek ere eraiki zituzten harrizko piramide handiak.
Maiek hiri handiak ere bazituzten; X. menderako, 40 hiri inguru eraiki zituzten, haietako garrantzitsuenak Tikal, Palenque, Copán eta Bonampak. Antzinako hiri zahar hauek gaur egungo Guatemalan, Hondurasen eta Mexikoko hegoaldean daude. Askotan, hiri handi haiek gerrak egiten zituzten elkarren kontra. Dirudienez, horregatik ahuldu zen kultura maia, besteak beste. Baina ingurumena hondatu izanak ere izan zuen zerikusia horretan: populazio maia oso ugaria zen, eta lurralde txiki samarretan bizi behar zuen; artoa landatzen zuten, eta horrek lurra agortu eta antzutu egiten zuen. Horren ondorioz, X. mendearen ondoren, hirietako asko bertan behera utzi zituzten eta haietako batzuk oihanean galduta geratu ziren.
Amerikan, maiak izan ziren idazkera zeukan zibilizazio bakarra. Idazkera hartako zeinuak egiptoarrek antzina erabiltzen zituzten hieroglifoen antzekoak ziren. Bestalde, maien arteko batzuk oso pertsona jakintsuak izatera iritsi ziren.