Lurrazal kontinental eta ozeanikoaren eskema.

Lurrazal ozeanikoa ozeanoaren azpian dagoen lurrazalaren zatia da. Lurrazal kontinentalarekin batera, lurrazal mota bat da. Gutxi gorabehera, 10 kilometroko lodiera du, batez beste; horrek esan nahi du lurrazal kontinentala baino askoz finagoa dela. Hala ere, lurrazal ozeanikoa kontinentala baino astunagoa da, basaltoz egina dagoelako.

Lurrazal ozeanikoa ozeano erdian sortzen da, ozeano-dortsaletan; plaka tektonikoak banatzen diren tokiak dira horiek. Banatzean, barrenetik igotzen da magma, eta jarraian ozeanoko urak hozten du. Azkar hozten denez, basaltoa sortzen da, kolore beltzekoa eta nahiko astuna dena. Lurrazal ozeanikoko plakak hazten doazen heinean, arrokarik zaharrenak dortsal ozeanikotik urruntzen doaz.

Ozeano-Dortsaletan gertatzen den bolkanismoa nahiko lasaia da, ez baitira erupzio bortitzak sortzen. Dortsal ozeaniko horien adibide bat Ozeano Atlantikoan dugu, Islandiatik hurbil.

Plaka kontinental bat granitoz dago osatuta batik bat, basaltoa baino arinagoa den mineralaz. Plaka kontinental batek plaka ozeaniko batekin talka egiten duenean, plaka ozeanikoa kontinentalaren azpian hondoratzen da, dentsitate txikiagoa duelako. Hondoratu ondoren, mantura heltzen da eta berriz desegiten.

Plakak, baina, ez dira lauak, erliebeak dituzte. Beraz, hondoratze hori ez da leun gertatzen; plakak elkarren artean trabatzen dira, eta hainbat hamarkadatan pilatzen den presioa sortzen da. Horregatik sortu zen Andeak mendikatea Hego Amerikan, eta horregatik ere daude hainbeste lurrikara.

Plaka lur barrura murgiltzen den tokian hondo ozeanikoko sedimentuak daude; sedimentu horiek arroka sedimentariotan trinkotzen dira eta batzuetan begi-bistan geratzen dira. Plaka lurreko mantuan desegiten da, eta sedimentuekin eta itsasoko urarekin nahasten. Horrek presioaren ondorioz gora igo nahi duen beste magma bat sortzen du. Magma mendilerroko plaka kontinentalera igotzen da, plakaren mugatik hurbil, eta sumendi bat sortzen da. Ozeano-dortsalekoak ez bezala, sumendi horiek ez dira hain lasaiak izaten. Horri bulkanismo leherkaria deitzen zaio eta sumendi horiei, aldiz, estratosumendi.

Plaka ozeanikoaren fusio-prozesuari subdukzioa deitzen zaio. Ikus daiteke ozeano-dortsalean espazio berri bat sortzen dela eta sakonunean berriz hausten dela. Plaka kontinentalak ez bezala, ozeanikoak ez dira zahartzen horregatik. Zaharra ez dela esatean, milioika urtez ari gara hala ere, esan dugun prozesua oso motela baita. Lurrazal ozeaniko zaharrenak 200 milioi urte baino ez ditu, eta badaude 4.000 milioi urte dituzten lurrazal kontinentaleko zatiak ere.