Ilargia sortu zuen talkaren irudi artistikoa.

Lurrak 4.500 milioi urte ditu. Lurra, Eguzkia eta eguzki-sistemako gainerako planetak aldi berean sortu ziren. Hasieran eguzki-sistema abiadura handian biratzen zuen gasezko eta hautsezko hodei bat zen. Hodei honen erdigunean eguzki bat eratzen hasi zen, zegoen material ia guztiarekin; izan ere Eguzkiak eguzki-sistemaren masaren % 99 hartzen du. Gainerako materiak Eguzkiaren inguruan biratzen zuen gasezko eta hautsezko disko bat eratu zuen, zientzialariek disko protoplanetario deitua.

Eguzkia eratzen zihoan bitartean, partikulak hurbiltzen hasi ziren Eguzkiaren grabitatearen indarragatik, hau da, eratzen zegoen izar handiak zuen erakarpen indarraren efektuagatik.

Eguzki-haizea delakoagatik (eguzkiak isurtzen zuen elektrikoki kargatutako partikulen jario bat), gas arinena eguzki-sistemaren alderik urrunean pilatu zen, eta gero gasezko planeta erraldoiak eratu zituen: Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Eguzkitik gertuago, batez ere harria eta metala zeuden, eta han harrizko planetak eratu ziren: Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte.

Eguzki-sistema gaztean, Eguzkitik gertuen zegoen harri- eta metal-hautsa batzen hasi zen eta dozenaka kilometroko luzera zuten bolak eratzen hasi ziren; denborarekin harri eta metal metaketa hauek fusionatzen hasi ziren protoplanetak eratuz, eratzeko prozesuan dauden planetak, alegia. Adituek uste dute hasieran hogei protoplaneta inguru zeudela, baina batzuek talka egin zuten eta fusionatu egin ziren; beste batzuk, ziurrenik, grabitateagatik eguzki-sistematik kanporatuak izan ziren, eta beste batzuek eguzkiaren kontra talka egin zuten.

Lur planeta agertu, txikiagoak ziren hainbat protoplaneten talkaren ostean agertu zen. Talkaren ondorioz harri urtuzko masa bat sortu zen, metalezko nukleoa zuena. Garai primitibo haietan eratu zen Lur planetak ez du zerikusirik gaur egungoak duen itxurarekin. Lur primitibo horrek ezin zuen bizitzarik eduki, tenperatura oso altua zeukan harrizko masa bat baitzen. Gainera, meteorito ugari gainazalera jausten ziren etengabe, eta horren ondorioz lurra hazten joan zen, gaur egungo tamaina lortu arte. Hasieran, Ilargia ez zen existitzen. Atmosferak ez zuen oxigenorik eta tenperaturak 2.000 °C-ak gainditzen zituen.  

Beranduago, duela 4.400 milioi urte, Lurrak beste protoplaneta batekin talka egin zuen. Inpaktuak material asko bidali zuen orbitan, bai eta zabor-eraztun bat osatu ere Lurraren inguruan. Zabor hau batzen joan zen, Ilargia osatu arte. Hasieran, Ilargia orain baino 15 bider gertuago zegoen Lurretik, baina harrezkero pixkanaka-pixkanaka urruntzen joan da.

Nola eratu ziren ozeanoak? aldatu

Protoplaneten arteko talkaren ondorioz, Lurra poliki hozten hasi zen, azala gogortu eta tenperaturak behera egin zuen. Ozeanoak ere eratzen hasi ziren. Uste da ura antzinako garaian Lurraren kontra talka egin zuten kometetatik zetorrela. Kometa hauek izotza zuten eta, Lurreko gainazal beroaren kontra talka egitean, urtu egin ziren eta ur likidoa eratu zen. Ur-lurruna Lurrean zegoen beste gas batekin nahastu zen, karbono-dioxidoarekin. Nahaste honen eraginez, planeta hodeiz bete zen eta horregatik ezin zuen Eguzkiaren argirik eta berorik jaso; hartaraa, Lurra hozten hasi zen, lurruna kondentsatu eta euria eragin zuen. Euriak milaka urtez iraun zuen eta planeta urez betetzen hasi zen, ozeanoak sortuz.

Nola hasi zen bizitza? aldatu

Duela 4.100 eta 3.900 urteren artean, ozeanoek Lurraren ia gainazal guztia estaltzen zuten, ez zegoen kontinenterik. Gaur egun ezezagunak diren arrazoiengatik, duela 3.800 urte, bizitza agertu zen ozeanoetan. Organismo zelulabakarrak ziren, bakterio sinpleak. Aurrerago, bakterioak kolonietan batzen hasi ziren, ziurrenik kontinenteak jadanik sortuta zeuden lekuetan, kostaldetatik gertu.

Bakterio hauek fotosintesia egiten hasi ziren eguzki-izpien laguntzarekin. Fotosintesiari esker karbono-dioxido maila jaitsi eta Lurraren atmosfera agertzen hasi zen. Atmosferan zegoen oxigeno kopurua hain handia zen, ezen ozono bihurtzen hasi zen, eta atmosferan geruza bat eratu zen; ozono-geruza horrek Lurra eguzki-izpi ultramoreetatik babesten zuen, zeinak oso kaltegarriak dira izaki bizidunentzat. Beraz, oxigenoa eta ozono-geruza edukitzea mesedegarria izan zen izaki bizidunak agertzeko. Handik aurrera eboluzioa eta hainbat izaki bizidun agertzen hasi ziren. Beranduago, izaki bizidunak ozeanoetatik atera ziren eta kontinenteetan garatzen hasi ziren. Azkenik, planeta osoa konkistatu zuten.