Lurrak egitura oso konplexua eta interesgarria du. Hainbat geruza ditu, tipula bat balitz bezala; geruza horiek bi multzo nagusitan bereizten ditugu:
Lurraren barneko geruzak: Geosfera
aldatuGeosferak 6.370 km-ko erradioa du; bestela esanda, horiek dira lurraren azaletik erdi-erdiko punturaino dagoen distantzia. Geosferak hiru geruza ditu bere barruan:
- Nukleoa: Lurraren erdi-erdiko geruza da, geruzarik sakonena. Hiru geruzatan beroena da; haren tenperatura 6.700 gradutaraino irits daiteke . Bi zati edo azpigeruza ditu, bat solidoa eta bestea likidoa. Zati solidoa metalez egindako bola erraldoi moduko bat da. Dirudienez, batez ere burdina eta nikela dira nukleoko metalak.
- Mantua: Bigarren geruza da, lurrazalaren eta nukleoaren artean dagoena. Hau ere oso bero egoten da: 3.500 gradutaraino irits daiteke. Horregatik, tenperatura horietan dagoen zatian, harriak urtuta daude; horixe da Magma deitzen duguna. Nukleoak bezala, mantuak ere bi zati edo azpigeruza ditu, behekoa magma edo likido lodiaren egoeran, eta goikoa solidoagoa. Lurraren bolumenik handieneko geruza da. Geruza hauetako magma da sumendietatik ateratzen dena erupzioetan.
- Lurrazala: Hirugarren eta azken geruza da, kanpoko geruza. Hiru barne-geruzatan mehe edo finena da: 70 km ingururaino irits daiteke sakonean. Harri solidoz eginda dago, basaltoz eta granitoz batez ere, eta Lurraren plakak ditu bere barruan.
Bestalde, lurrazalak eta mantuaren goiko geruzarik malgunenak osatzen duten multzoari litosfera deitzen zaio. Lurraren kanpoko geruza solidoa da, harriz eta mineralez osatuta dago eta 60 km-ko sakonera du gehienez ere. Urgaineratutako eremuak (kontinenteak) eta urpeko lurrak (itsaso eta ozeanoen hondoak) hartzen ditu.
Lurraren kanpoko geruzak
aldatuLurrazalaren gainetik, beste hiru geruza gehiago daudela esaten da:
- Biosfera: Gure planetako izaki bizidun guztien multzoa da. Beste era batera esanda, gure planetan dagoen bizitzaren geruza da; bizitzari eusten dioten ekosistema guztiak biltzen ditu, lurra, ura eta airea. Horregatik, biosferari ematen zaion beste izen bat Ekosfera da.
- Hidrosfera: Gure planetan, lur gainean zein azpian dagoen ur guztiak edozein egoeratan (ur likidoa, solidoa –izotza, alegia– nahiz lurruna) osatzen duena da. Ur horretako gehien-gehiena egoera likidoan dago eta itsaso eta ozeanoetan aurkitzen da; beraz, Lurreko ur gehiena (ia % 98) gazia da.
- Atmosfera: Lur planeta inguratzen duten gasek osatzen duten geruza da. Gas horien multzoa "airea" izenaz ezagutzen dugu; gehiena, nitrogenoa (% 78) eta oxigenoa (% 21) da, eta behar-beharrezkoa da bizitza egon ahal izateko. Gasezkoa izanda, Atmosfera da dentsitate gutxien duen geruza.
Hiru geruza hauek ematen diote gure planetari espaziotik begiratuta daukan itxura.