Bizkaia zubia Euskal Herriko kultura-ondare izendatuta dago.

Kultura-ondareak gizarte baten adierazpen kultural guztiak biltzen ditu, iraganekoak zein orainaldikoak, belaunaldi batek hurrengoari ematen dizkionak.

UNESCO (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea) izeneko nazioarteko erakundea arduratzen da Lurreko biztanle guztientzat garrantzitsutzat jotzen diren kultura-ondasunak identifikatzeaz eta horrela, herrialde bakoitzean ondasun horiek babesteko behar diren legeak sustatzeaz. Horretarako UNESCOk kultura-ondasun horiek Gizateriaren Kultura-Ondare izendatzen ditu.

Zerbait Gizateriaren Kultura-Ondare izendatzeko, honako irizpideetako bat bete behar du:

  • Giza sormenaren maisulan bat irudikatzea.
  • Giza balioen truke garrantzitsu baten lekuko izatea denbora-tarte batean zehar edo munduko kultura-eremu baten barruan; hau da, arkitekturaren, teknologiaren, arte monumentalen, hirigintzaren edo paisaia-diseinuaren barruan.
  • Existitzen den edo desagertu den zibilizazio edo tradizio kultural baten adierazpen bakarra edo, gutxienez, ohiz kanpokoa eskaintzea.
  • Giza historiaren etapa esanguratsu bat irudikatzen duen eraikin, multzo arkitektoniko, multzo teknologiko edo paisaia baten adibide bikaina eskaintzea.
  • Tradiziozko giza kokagune, itsasoaren erabilera edo lurzoruaren erabilera baten adibide bikaina izatea eta kultura baten edo gizakien eta ingurumenaren arteko elkarreraginaren adierazgarri izatea.
  • Esanahi unibertsal nabarmeneko arte edo literatura-lanekin, ideia edo sinesmenekin eta ekitaldi edo tradizio biziekin estuki lotuta egotea.

UNESCOren arabera, kultura-ondarea materiala (liburuak, margolanak, monumentuak, etab.) edo immateriala (abestiak, usadio eta ohiturak, errituak, etab.) izan daiteke.

Hala ere, kultura-ondareak gainditu egiten ditu Gizateriaren Ondare izendatutako adibide puntualak.

Zer elementu izan daiteke kultura-ondare? aldatu

  •  Monumentuak: gertaera edo egoera bat (hiri edo gudu baten sorrera, fedea adieraztea, etab.) ospatzeko gizarteek eraikitako lanak.
  • Egunerokotasuneko objektuak: kultura-ondarearen parte dira gure arbasoek orain dela milaka urte erabiltzen zituzten objektuak.
  • Ahozko tradizioak: inprenta sortu baino lehen, ipuin eta abesti herrikoiak belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren eta denboran zehar aldaera batzuekin kontserbatzen ziren.
  • Arte mota desberdinak, hala nola ikuskizunarenak, ikusizkoak, musikalak, literarioak eta ikus-entzunezkoak: arte guztiak kultur-ondarearen parte dira. Lan batzuk ordea, kultura-ondare materialen barruan daude eta beste batzuk, berriz, kultura-ondare immaterialaren barruan.
  • Arkitektura: eraikin asko gizarte baten eta arte forma baten adierazpen dira eta beraz, babestuta egoten dira munduko hainbat hiritan.
  • Errituak: gizarte bakoitzak fedeari eta pertsona baten bizitzako zenbait aldaketari (jaiotza, ezkontza, heriotza, etab.) lotutako errituak garatu zituen.
  • Gizarte ohiturak: gizarte ohiturak kultura-ondare immaterialen barruan daude, herri baten nortasunean eragina dute eta.